2015/11/27

HEZKIDETZA LEGEDIAN ETA IKASTETXEETAN

Hezkidetzak, Euskal Herriko Hezkuntzan, gorabeherako bidea egin du. Emakume feminista batzuek honen inguruan sentitzen zuten beharretik, inolako babes ofizialik gabe jaio zen. Lagun hauen lehenengo helburuak hezkuntzan sumatzen zuten sexismoari buruz hausnartzea, eztabaidatzea... izan ziren; baita, honi aurre egiteko materialak sortzea eta  ikastetxeetan hezkidetza nola integratu aztertzea ere.
Urte batzuk beranduago. 90eko hamarkadan, Hezkidetzari garrantzia ematen hasi zitzaion, ikasketa ofizialak sortuz, mintegiak eta sentzibilizazio kanpainak antolatuz, EMAKUNDEK lagunduta, ikastetxeetako Hezkuntza eta Curriculum proiektuetan Hezkidetza txertatuz...eta abar. Baina, berriro ere atzera pausua egin zen, Aholkularitzak desagerrarazi zituztenean. Hala ere, garai hartako hezkuntza-legea ikuspuntu hezitzailea aipatzen hasi zen.
“Hezkuntza-sisteman Hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Plana”-ren argitaratzearekin, Hezkidetzari bultzada eman zaio Hezkuntzan: helburuak, erronkak, ikastetxeetako betebeharrak… ezarri dira eta Berritzegunetako Hezkidetza mintegien bitartez, zentro ezberdinetan garatzen diren jarduerak partekatzen dira, planak jartzen dira martxan eta jarraipena ematen zaie, beste erakunde batekin batera lan egiten da…
Honek ere isla izan du politika mailan egiten diren esku hartzetan, Hezkuntzako dekretu eta curriculum berrietan eta legedian.
Lege eta erakunde guzti hauek emakume eta gizonen arteko berdintasuna helburutzat dute, hots, bai emakumeok, bai gizonak, eskubide eta betebehar berberak izan gaitezen, genero ezberdintasun barik, hierarkizaziorik gabeko jendarte batean, non denon iritziak, pentsaerak... errespetuz entzuten eta baloratzen diren. Elkarren ondoan ibiltzen diren emakumezko eta gizonezkoak. 
 Emakume eta gizonen arteko berdintasuna sexu- eta afektibo- harremanetarako berdintasuna ere onartzean datza eta, hezkuntza mailan, ikasleen aniztasun sexuala ontzat ematean.
Horretarako, irakasleok hezkidetzan formatzeko ardura hartu behar dugu, ikasleak berdintasunean eta errespetuan hezteko, hiztegi sexista gure esku hartzetik desagerraraziz,  gizartearen, zientzien, letren garapenean emakumeon protagonismoa goraipatuz eta bistaraziz; hau da, material hezkidetzaileetaz baliatuz (emakumeak eta gizonak maila berean aurkezten dituztenak, genero indarkeriaren kontrakoak, bakearen aldekoak, pertsonen aniztasuna eta errealitate etnikoak eta kulturalak onartzen  eta baikor baloratzen dituenak), hezkidetza, jakintza-arlo eta eskola barneko eta kanpoko eremu guztietan integratzeko bete- eta erantzunbeharrak ditugu.
 
Hau dela eta, Hezkidetza Proiektuak eta planak, Berritzeguneetako mintegiak eta gaian trebatuta dauden aholkulariak eta hezkidetza bultzatzeko sareak ezinbestekoak dira. Bide honetatik, gure ikasleek emakume eta gizonen arteko berdintasuna normaltzat hartzea lortuko dugu.



 Balmaseda BHI (Hona hemen Balmasedako institutuan ikasleek egindako lan batzuk)
Oinarrizko hezkuntzako ikastetxeetan hezkidetza eta genero berdintasunaren plana lantzeko gida.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina