2015/12/20

ERREPRESENTAZIOA ETA DENBORAREN ERABILERAREN INGURUAN HAUSNARTZEN



Agerian ikusi dugun gisan, aipatzen ez dena ez da existitzen. Zentzu horretan, espazioetan errepresentazioak  berebiziko garrantzia  du. Beste behin, espazio publikoan emakumeen lanari eta bizitzari erreferentziarik ez egiteak espazio publiko eta pribatuaren arteko banaketan sexuak duen pisu eta indarra agerian geratzen da.  Sistema patriarkalak ongi baino hobekiago daki sexuen arteko botere harremana manten dezan,  sexu bakoitzari jendartean eremu guztietan nolako papera eta rola egokitu. Esparru honetan ere, egoerari aurre egiteko, emakumeon aitortza, presentzia eta protagonismoa bermatu behar ditugu, gure ikastetxeetatik hasita.
Espazio fisikoen  alderdi bat da segurtasunaren pertzepzioa. Emakumeok hiri, herri edo auzoetako espazio askotan ez gara seguru edota eroso sentitzen. Ez daude emakumeon begietatik eraikiak. Horren aurrean  orain bi urte ikastetxe batean ekimen bat burutu genuen. Ikasle batek sexu eraso bat jasan ondoren hasi zen guztia. Ikasleekin bildu eta gertakarian arreta jarri genuen. Bizipenei tartea eskaini genion. Zer gertatu zen, gertaerak zer piztu zigun, emozioak eta beldurrak identifikatu, entzun eta aurre egiteko estrategiez aritu ginen. Emakume gisa kalean zehar eta batez ere toki batzuetan nola sentitzen ginen aztertu genuen. Ikasleak asko motibatu ziren, ilusioz eta gogotsu hartu zuten erronka, beraiek aktibatzea lortu genuen, ondorioz,  “Maremore” ikasle talde bat sortu zuten, emakumeak bildu eta antolatzeko. Herriko gune ilunak identifikatu genituen eta hauetako bat aukeratu eta bizia eman genion, pasabidea marraztuz. Bertan besteak beste beldurra, sexismoa eta tratu onen inguruko mezuak margotu genituen. Hemen ekimeneko bideoa eta argazkiak.


 


Aurten, azaroaren 25aren harira, antzeko ekimena burutu dugu. Ikasleak, gurasoak, herritarrak, udala… deialdi zabal bat eginez denak elkarrekin bildu eta gune ilun bat zer den hitz egin eta hausnartzeaz gain, herriko gune ilunak identifikatu ditugu. Jarraian, gune horiek bisitatu, gertuagotik ezagutu eta beraietan erosoago senti gaitezen hartu beharreko neurriak aztertu ditugu. Hemen ekimeneko bideoa

Gure ikastetxeetan ere, egoera berdinak erreproduzitzen jarraitzen dugu eremu ezberdinetan: komunetako egoera, patioaren banaketa, erabilera eta jabetza, ikasgelan neskek eta mutilek hartzen duten espazioa, erabilera eta denbora…
Argi dago aldaketak estrukturalak eta sakonak izan behar dutela eta horretarako baldintzak izatea bermatu behar dugula.
Ikastetxe gisa hartu beharreko erronkak:
-Ikastetxeetako espazio ezberdinen okupazioa eta diseinua aztertu eta mutil eta neskeen arteko berdintasuna lortzeko erabilera hezkidetzailea proposatu. Horretarako erabilerari dagokionean bestelako jolasak (jolas kooperatiboak) bultzatzeaz gain, estrukturalki ere aldaketak bermatu. Adibidez ikastetxe bakoitzeko patioen diagnosi bat eta aldaketarako aukerak identifikatu: transformazio errealak martxan jarriz. Patioaren berrantolaketan ikasleen parte hartzea eragin.
- Herrian, historiaren zehar egon diren emakume ospetsuen biografia ikertu.
- Herriko kaleen izendegiak aztertu.
- Ikus-entzunezko eta espazio literarioetan eskaintzen diren emakumezko eta gizonezko ereduak ikasleekin errebisatu balore sexistak identifikatu ahal  izateko.
- Teknologi berrien erabilpenaren arriskuak ere aztertu era sakonean estereotipo sexistak ez hedatzeko ikasleen artean.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina