2016/01/23

Curriculuma eta baliabideen hausnarketa


Hezkuntza-sisteman sartzen direnean, neska-mutilak dagoeneko genero maskulinoan eta femeninoan gizarteratuta daude, familiaren eta gizarte-ingurunearen bidez. Hortik aurrerakoan, eskolak, egitez edo ez-egitez, estereotipo maskulinoa eta femeninoa indartu, iraunarazi eta erreproduzitu besterik ez du egiten, harik eta arrunt bilakatzen dituen arte.
Eskolan erabili ohi dugun ikasmateriala ere baliagarria da ikasleei balioak erakusteko, eta, kasu honetan, zehazki, beren gaitasunak libre eta osoki eta sexu-arrazoiengatiko mugarik gabe garatzeko eskubideari loturiko balioak erakusteko.
Egindako azterlanetako askok agerian utzi du, oro har (nahiz eta argitaletxeen sentsibilizazioa gora doan), ikasliburuek genero-rol tipikoak erreproduzitzen dituztela (nabarmenago ikasleen adinak gora egin ahala) eta emakumeen eta gizonen gaineko irudi estereotipatua eratzen dutela, egungo gizartearen errealitatearekin bat ez datorrena.
Esaterako, sexu femeninoaren agerpen-ehunekoa txikiagoa da. Neskak solasean, irakurtzen, jarrera lasai eta pasiboetan ageri ohi dira; mutilak, aldiz, jarduera dinamikoagoetan, kirolean, jolas dibertigarri eta arriskutsuagoetan, ekimena bere gain hartuta etab. Oraindik ere, nagusiki, emakumea etxean dela irudikatu ohi da (ezkonduta, etxeko lanetan, seme-alabak zaintzen), edota ogibide zeharo femeninoetan (erizain, maistra, ile-apaintzaile etab.). Gizona gehiagotan ageri da etxetik kanpo, ardura eta aginte handiagoko ogibide maskulinotzat jotakoetan. Etxean ageri bada, emakumeari «laguntzen» edo haurrekin jolasean agertuko da.

Egoera ikusita eskola mistoa hezkidetza-eskola bilakatzeko, ikasleen prestakuntza integrala lortzera bideratutako aukerak landu behar dira, haren bidez identitate askeagoak, berdintasunezkoak, askotarikoak eta seguruak eratu ahal izateko eta desberdintasunen berdintasuna bermatzeko.

Ikasle guztien premiei erantzuten dieten eta ikasleek hezkuntza-sisteman jarraituko dutela bermatzen duten praktika pedagogikoak garatzea.
Hezkidetza-eskolan curriculum inklusiboa eta berdintzailea diseinatzen da, genero-berdintasunez jabeturik eta desberdintasun horiek gainditzea bilatuz.

Curriculum-materialetan emakumeak zein gizonak ikustarazten dituen lengoaia erabiltzen dute beti, ñabardura sexistarik gabe, munduaren aniztasuna erakutsiz eta berdintasunaren alde lan eginez.

Kultura guztietako emakumeek giza jardueraren arlo guztietan izan dituzten ekarpenak ikustarazten eta baloratzen dituzte, alegia: artean, teknologian, jakien kontserbazioan, filosofian, pertsonen zainketan, zientzian, literaturan, gobernuan.

Beste pertsona batzuk zaintzen ari diren gizonen, emakumeen eta umeen irudi erakargarriak sartzen dituzte.

Desberdintasun pertsonalak potentzialtasun bat bezala aurkezten dituzte, eta ez minusbaliotasun bat bezala (etnikoak, kulturalak, gaitasunak, adinak, janzteko moduak...).

Lanbideak erakusten dituzte sexu-bereizketarik egin gabe.

 Aipatzen dute kultura eta adin desberdinetako emakumeak daudela jarduera kulturaletan, fisikoetan, sozialetan eta politikoetan.

Herri deskolonizatuetako emakumeen eta gutxiengo etnikoen erantzunak ikustarazten dituzte gizartearen baitan.

Berdintasunezko jarrerak dituzten gizon, emakume, neska eta mutilak aurkezten dituzte, modu erakargarrian.

















iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina