2016/03/13

TRATU ONAK

Ez dira hala moduzkoak esku artean dugun gaian azaltzen zaizkigun ideiak. Oraingo honetan, aldarrikatzen ditugun aldaketen oinarri edo muinarekin topo egiten dugulakoan nago. Norberaren ongizatea besteekiko harremanen gakoa izan daitekeela, denboraren erabilpena eta antolakuntza eta honi ematen zaion balioa ez dira, besteak beste, gure egunerokotasunean garrantzia hartzen duten  aldagaiak.


Har dezagun abiapuntu gisa bizitza bera dela zaindu behar dena, ze bizitza mota den pena merezi duena. Honen inguruko gogoetak gure sistema kapitalista hetero-patriarkala zalantzan jartzea dakar, ondoko bideoan Amaia Perez Orozkok ongi adierazten duen moduan.

https://youtu.be/Cf1YZnMv4i8





Landu diren ideia guztien artean biren inguruan ari nahi nuke oraingoan halere, gure lanean garrantzia izan dezaketelakoan bainago: maitasun erromantikoaren ideia eta denboraren erabilpena.

Maitasun erromantikoa


Interesgarriak iruditu zaizkit Ainara Santamariak egiten ditun gogoetak maitasun erromantikoaren inguruan eta musikarekin egiten duen lotura.

https://youtu.be/sksqxQFPtuAhttp://www.argia.eus/argia-astekaria/2457/parekidetasuna-musikan

Badakigu musika jo zela XIX. mendean adierazpide artistiko guztien artean erromantikoenetatik erromantikoena. Musikak, amesten zen mundu ideal horretara iristea ahalbidetzen zuen, bakoitzak bere bidai pertsonala eginez, musika instrumentalaren bidez batik bat. Gaur egun aldiz, musikaren hitzek eskaintzen digute ideal horren deskribapena, betirako amodioa, amodio ezak sortutako sufrimendua, bikotearekiko erabateko menpekotasuna bezalako ideiak etengabe errepikatuz, edozein izanda ere musika estiloa, hori bai, bikote horiek heterosexualak direlarik, salbuespen gutxi batzuetan izan ezik.
Gure ikasleek musika asko kontsumitzen dute, teknologia berrien bidez bereziki eta gaur egun ezin esan, garai batean gertatzen zen moduan, musika hori eduki sozialez, errebindikazioz beteta dagoenik. Gure ikasle gehienek entzuten duten musiken hitzek maitasun idealez eta harreman menperatzaileez hitz egiten dute, hauek entzutearekin batera, ikusten dituzten bideotan azaltzen diren ereduak negargarriak direlarik.
Baina entzuten zen musikan gai sozialek presentzia gehiago zuten garaietan, nola tratatzen zen maitasunaren gaia?. Ba agian ez zegoen halako desberdintasunik. Gure ikasleen adinean hain garrantzitsua izan daitekeen kontua izanik musikarena hau, beraien janzkera, ohiturak eta baita mugitzeko modua bera baldintzatu dezakeena, ez du jakin izan eskaintzen harreman osasuntsu eta parekideren mezurik, salbuespenak salbuespen, ezta eduki sozialez betetako musika taldeez ari garenean ere. Ezta musika izan denean ere gizartean aldaketa sakonak eskatzen zituen mugimenduen ikur nagusienetako.
Gure ikasleek maitasun erromantiko ez osasuntsuen eredua oso barneratua dute, besteak beste musikaren bidez jasotzen dituzten mezuengatik.

Denboraren erabilpena


Aspaldi ikusi nuen dokumental batean aberastasunari buruz hitz egiten ari ziren, zer ote den aberatsa izatea alegia. Eredu desberdinak agertu ziren bertan: oso aberatsa zen estatu batuar bat ageri zen eta honen helburua are eta diru gehiago izatea zen. Afrikako ez dakit ze eskualdeko gizon bat ageri zen eta asto bat edukitzeagatik aberastzat jotzen zuten bere herrian. Norvegian aldiz, aberastasuna denbora izatearen baitan neurtzen zuten, hau da, behin oinarrizko beharrak aseta eta ziurtatuta izanik, norberarentzat denbora izatean topatzen zuten aberastasuna. Ez da kasualitatea herrialde honetan estatuek gurasoei eskaintzen dizkieten baldintzak eskaintzea ume bat duten garaian esaterako.
Gurean berriz, badut batzuetan ustea ahal den lan gehien egiteko prestutasuna azaltzeari ematen diogula garrantzia, nahiz eta horrek gure bizitzako gainontzeko alderdi guztiak baldintzatu edo estali. Haurdun egoteagatik baja hartu duten lankide bat baino gehiagoengatik aditu izan dut haurdun egotea ez dela gaixo egotea. Hau esandako batzuk haurdun egondakoak ziren eta lanera azken uneraino joan izana harrotasunez aldarrikatzen zuten.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina