2017/02/04

Orientazioa eta aukerei buruz hausnartzen

Aste hasieran uste nuen orientazioa eta aukera akademikoak gai hau tutore eta orientatzaileei bereziki zuzenduta egon behar zuela. Haiengan utzi ohi dugu gehienetan ikasle taldea orientatzearen lana.

Orain konturatu naiz irakasle talde osoak egiten dugun lana dela orientatzearena; egunerokotasunean zuzenki ala zeharka orientatzen ditugula ikasleak, ereduen bidez besteak beste.


Gai honen garrantzia zehaztu beharko banu, Orientazio Hezkidetzailea Gida Planean planteatzen den erronka azpimarratuko nuke: 

“Ikasleak orientatzea, bizitzan, ikasketetan eta lanbidean bidea aukera dezaten, askatasuna eta aukera‐aniztasuna errespetatuz eta genero‐baldintzapenik gabe”

Iazko ikastarokideek egindako post-etatik Marivi Fernández-ek idatzitako Orientazioa eta aukera akademikoak irakurtzea gomendatu nahiko nuke. Baliabide ugari aipatzen ditu bertan, eta oso erabilgarria suertatu zait.



Astean zehar baliabide eta datu interesgarri ugari agertu dira. Bereziki, lan merkatuarekin lotutako datuak interesgarriak iruditu zaizkit:

  • Euskadiko Erkidego Autonomoan, 2016eko lehenengo hiruhilekoan, gizonen aktibotasun-tasa %62,7koa izan da, emakumeen portzentajea %52,3koa, hots, 9,4 puntu gutxiago. Iturria Eustat.
  • Enplegu-kolokazioari (prekarietateari) dagokionez emakumeen %33ak lanaldi partziala dauka gizonen %6aren aurrean.
  • Soldataren kasuan, mundu mailan emakumeek %24 gutxiago irabazten dute batez beste. “Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratu duen Soldata Egiturari buruzko Inkestak adierazten duenez, Hego Euskal Herriko emakumezko langileek, batez bestez, 7.710 euro gutxiago irabazten dute urtero. Hortaz, emakumeen batez besteko soldatak %33,6an handitu beharko luke gizonenarekin parekatzeko”.
  • Entrepresen zuzendaritza lanpostuei begiratzen badiegu zera topatzen dugu: España estatuan goi-mailako ikasketa unibertsitarioak dituzten pertsonen %60 emakumeak dira baina zuzendaritza postuen %13a betetzen dute.
  • Saioa Alkaiza Guallarrek artikulu honetan esaten duen moduan, “gakoa ez da zenbat emakumek egiten duen lan, non eta nola egiten duen baizik”. Lanaren banaketa sexualak oraindik indarrean jarraitzen du: batetik, emakumeen enplegu gehiengoa zerbitzu-sektorean 12 dagoelako eta, bestetik, lan erreproduktibo guztiaren pisu handiena (lan produktiboa ahalbidetzen duena) emakumeek eramaten dutelako.

Bestetik, bereziki gustatu zait Tribial Feminista aplikazioa. Jolasteko eta zabaltzeko erraza, erabat engantxaturik nauka.


Orientazio akademiko hezkidetzailea lantzeko erronkak ugari dira oraindik:

  1. Ikastetxeetan diagnostikoak ganoraz egitea, irakasgaiz irakasgai eta orientazioari dagokionean.
  2. Errealitatearen hausnarketa egiterakoan zorrotzak izatea. Maiz, idealean erortzen baikara, eta asko kostatzen zaigu  (zaio irakas taldeari) orientazioa genero estereotipoetan oinarritzen dugula onartzea.
  3. Eredu eta errepresentazioari dagokion garrantzia eta pisua ematea.
Zorionez, gaur egun badaude Orientazio Hezkidetzailerako Gida Planak, eta pausu ugari eman dira hausnarketari dagokionez. Ondo egindakoak ahaztu gabe, jarrai dezagun hezkuntza HEZKIDETZARANTZ eralatzen!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina