2017/10/31

Sexu-Genero sistemari buruz hausnartzen



    Hiru albiste jarraian telebistan, bata bestearen atzetik: lehena, bi emakume gazte erahiltzeagatik errudun epaitutako gaztea; jarraian, antza neska bategatik edo dantzaleku baten kanpoaldean mutil gazte bat erahila; eta azkena, emazteaz banatzen zegoelako bere bi urteko haurra hil duen aita. Mutil, gizon edo dena delakoa izateaz lotsa, nazka. Berriro ere.

     Eta honen guztiaren oinarrian, behin eta berriz errepikatzen goazen genero-sistema hegemonikoa, leku guztietatik saltzen digutena: gerlari garaile gihartsuaren irudia. Muturreraino eramandako genero-sistemaren degradazio adierazleak honako albisteak: alde batetik emakumearen dominazioa, kontrola, jabetza. Eta bestetik norberekiko eta baita besteekiko ere sentsibilitate gabezia, erabatekoa. Edo guztia edo ezer ez. Honen guztiaren (edo kasu gehienen) oinarrian txikitatik jasotako eraginen (heziketaren) ondorioa dagoela esango nuke. Esaten da badaudela pertsona “gaiztoak”, berez (edo garatutakoa) izaera psikopatikoa dutenak eta kasu batzuetan erreakzio biolentoak azaleratu egiten dituztenak (eta beste askotan era isilagoan). Ordea, ezin da kasualitatea izan horiek beti (edo gehienetan) gizonezkoak izatea. Eta horren oinarrian genero-sistema dagoela ezin uka daiteke nire ustez.



   Oso interesgarria eta aberatsa Coral Herreraren bloga, irakurgaian aipatzen dena http://haikita.blogspot.com.es/. Maitasun erromantikoaren inguruko doktoretza-tesia aurkeztu zuen 2008an eta hainbat artikulu aurkitu daitezke bertan gaiaren inguruan. Kasu honetan eta hasi dudan ildoarekin bat egin nahirik genero maskulinoaren eta gizontasunaren inguruan ere hainbat artikulu aurkitu daitezke bertan http://haikita.blogspot.com.es/2011/11/la-mitificacion-de-la-violencia.html. Azken finean beharrezkoa da gaur egun leku guztietatik hainbeste eta hainbeste proiektatzen diguten gizonezko izatearen ereduari buelta ematea.

    Gaia nire arlora ekarrita, Lanbide Heziketako irakasle bezala genero-sistemaren adierazleak erabat markatuak ikusten ditut egunez egun eta ia aldaketarik gabe. Erabat antzeman daiteke industriaren eremua mutilena izatea ia erabat eta zerbitzuetara bideratutakoa gehiago neskena. Soldadura eta Galdaragintzako tailer irakasle bezala esan dezaket nire bizitza profesionalean, hezkuntza formalean lau edo bost ikasle neska izan ditudala gehienez ia hamar urtetan (mutilak ehundaka) eta industrian lan egin nuen urteetan tailerretan agertzen zen emakume bakarra garbitzailea edo idazkaria izaten zela. 


      Estereotipoetan oinarritutako gizarte honetan ordea, ikastaro batean Ɓngela LĆ”zaro soldadura irakaslea ezagutzeko aukera izan nuen http://www.rtve.es/alacarta/videos/igual-es/igual-ellasconstruyen-reparan/1049453/ (20. Minutuan). Beharrezkoa da XXI. mendean industrian ere eredu berriak transmititzen lagundu ditzaketen pertsonak ikusgarri edo bisibleak izatea, eta guztion ekarpenekin ere berdintasunean oinarrituta industria berria eratzea, alde batetik emakumeari hor lan egiteko eskubidea emanaz eta bestetik bertan lan egiteko eta elkar-ulertzeko moduak eguneratuz, beharra badu eta!


      Iazko ekarpenen inguruan Miren Aranburuk  egindako taula ekarri dut hona, iruditzen baitzait  bertan oso argi agertzen dela sexu-genero sistemak duen garrantzia berdintasunaren helburuaz ari garenean. Sistema hori identifikatzen jakitea eta hezkidetzaren bitartez gainditzea. Hori da erronka!  http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2016/10/sexugenero-sistema-ezbaian_78.html


    Eta itxaropenaz eta animotsu amaitzeko, telebistak baita ere positiboki gauzak aldatzen ari direla erakusten digu noizean behin, leku sinesgaitzenetan gainera. Zaila da Miss lehiaketa baino ingurune sexistagorik aurkitzea. Ordea eta lehen aipatutako bisibilizatze horren beharraz aritzean, hona Miss Peru 2018 lehiaketan bertako partaideen aldetik jaso ahal izan den ekarpena, espazio hori emakume eta haurren abusuen kontrako salaketa-espazio bihurtuz. Poliki bada ere gauzak aldatzen ari dira. https://www.youtube.com/watch?v=BbNVjYvrbDQ


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina