2017/10/25

Ze guapa zauden, estereotipo denak hausten!

Sexu-genero sistemari buruz ikertzen nabilelarik, Josebe Iturriozek egindako hausnarketa interesgarri bat ekarri behar dut gaurkoan. Bertan 70. hamarkadan sexu-genero sistemaren estrategia berria agertu zela azaltzen da, zeinetan sexua eta generoaren esanahiak desberdintzen diren. Sexua beraz, biologikoa da, eta generoa aldiz, gizarteak eraiki dituen balio, rol eta estereotipoek osatzen dute. Medikuntza zientziak, biologikoki emakume bati aluarekin jaiotzeagatik, bizitza osorako funtzio sozial batzuen betebeharrak atxikitzen dizkio. Besteak beste, umeak zaintzea.


Bideo honetan bertan, asko harritu nauena sexua ere eraikia den komentarioa izan da. Diformismo sexuala dago gizartean, eta arra edo emea ez dena patologiatzat hartzen da. Ez da izango eme edo arra ez dena gaixo egon beharrean, gizartea bera dagoela makalik?

Gizartean jada errotuta dauden estereotipoak ez dira emakumeentzako bakarrik kaltegarriak, hein handi batean gizonek ere zapalkuntza ugari sufritzen dutelako. Nuria Varelak idatziriko “Feminismo para principiantes” liburuko maskulinitateari buruzko kapituluan, gizonek ar jaiotzeagatik dituzten izateko beharrak azaltzen dira. Adibide gisa: sentibera bada “afeminatu” etiketa jartzen zaio edo prudentziaz jokatzen badu koldarra dela leporatzen zaio. Hortaz, gizarte patriarkal honen aurkako borrokan denok izango gara garaile.   

Honen harira, iaz Maitek eta Mariak idatzitako postak datozkit gogora. Post hauetan, arau bezala ditugun eta talde batzuengandik irainduak ez izateko bete behar diren pautak agertzen dira taula batean. Arauetatik urruntzen garen heinean, zapalkuntzak jasotzeko aukera dago gaur egun. Gainera, Maitek proposatzen duen bideoa ikusteko gonbitea egiten dut, oso interesgarria baita ume bati janzkeraren kolorea aldatzeak jendearengan sorturiko erreakzioan erreparatzea.

Gure hurbilean, hezkuntza zentroetan, erraz ikus daitezke estereotipoen adibideak: batxilergoan gizarte zientzien arloan emakume gehiago dago zientzietan baino; eskolaz kanpoko ekintzetan futbolera jolasten duten gehiengoa mutilak dira, abesbatzan ehuneko ehuna neskak direlarik; jolastorduetan ere denbora-pasa ezberdinak ageri dira generoaren arabera; etab.

Arazo honi aurre egiteko hezkuntzarako baliabideen bila hasterakoan, Argiak proposaturiko hezkuntzako maila ezberdinetan erabiltzeko ipuin ez sexisten zerrenda aurki dezakegu: IPUIN ETA LIBURU EZ SEXISTAK AUKERATZEKO GIDA
  


Teoria praktikara eramaterakoan aldiz, zenbait eragozpenekin egiten dugu topo.

Hezkuntzari dagokionez, ikasgaien edukiak eman beharrak askotan urduritu egiten gaitu. “Ez dut denbora izango”, “ekuazioak, geometria eta zatikiak ere landu behar ditut”. Horrelako komentarioak entzuten dira sarritan. Helburua ez da ikasgaien edukiak alde batera uztea, Hezkidetza eduki horietan txertatzea baizik. Hala nola, matematikako buruketetako enuntziatuetan. Beraz, irakasle guztiok gai honi buruzko oinarrizko jakintzak izan behar ditugu, ikastaro eta praktiken bitartez lortuak.

Etxeko egoerari so eginez, familiek jada barneratutako estereotipo eta ohitura sexistak dituztela ikus daiteke. Aitak gidatzen du kotxea gehienetan, amak dauka pisu handiagoa etxeko lanen banaketan, etab. Arazo hau konpontzeko, familietan eraikia dagoena desegin, eta eredu berriak berreraiki behar direla deritzot. Eskolan Hezkidetza lantzen bada, baina etxera itzultzerakoan ikasitakoa errealitatean ematen ez dela ikusten badu umeak, ez du ulertuko zergatik den baliagarria berdintasuna.


Hortaz, lan handia dugu egiteke eskolan, etxean eta baita kalean ere.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat