2018/01/28

CURRICULUM-A ETA BALIABIDEAK

Historian zehar, eta azken urteotan batez ere, eskolak izan duen ibilbideari erreparatuta, argi eta garbi baiezta dezakegu hezkidetzaren kontzeptualizazioa guztiz aldatu dela, baita horri eskolan ematen zaion tratamendua ere. Hau da, hezkidetza eskola mixtoaren ideia hutsetik, sexuen arteko aukera-berdintasuna sustatzen duen hezkuntzara igaro da. Dena den, argi dago eskola hezkidetzailea lortzeko bidean gauden arren, oraindik ere lan asko dugula egiteko. Areago, aurrera egin ahala ziurrenik erronka berriak agertuko dira. Izan ere, hezkidetza lekuan lekuko egoeraren desafioei moldatzeko eta bizi den errealitateari aurre egiteko gai da. Beraz, jardun hezkidetzailea gauzatzea helburu badugu, ezinbestekoa zaigu aipatutako baliabideak genero perspektiba batetik analizatzea, horiek elikatzen ahal dituzten balore, estereotipo, rol eta sinesmenak identifikatu eta azterketa hori kontuan hartuta, ikasleak kontziente egitea. Izan ere, testuliburuak, ipuinak eta idatzizko bestelako materialak –ikasleak edo irakasleak sortua, zein publikatutakoak– emakumeak eta hauen lan eta baloretzat hartzen direnak diskriminatzen dituen gizarte batean jaio dira. Hortaz, bistako ezaugarri sexistez beteta egon ohi dira, analisi sistematikoen bidez aztertzen ahal direnak. Material didaktikoa, besteak beste, ikuspuntu hezkidetzaile batetik analizatzearen kontuak, ordea, urte batzuetatik honako ibilbidea du. Hau aintzat izanik, curriculuma, edukia ikasten eta irakasten denak osatzen duen elementu multzoa dela esango genuke. Kontuan hartu behar dugu baina, sistema patriarkal eta androzentriko batean gauden heinean, jakintzak ere halako kutsua izango duela, eta beraz, orain indarrean den Curriculumak, Heziberri 2020k, ere bai. Hezkuntza eredua ezberdinak, gainontzeko esparruetan gertatzen den bezalaxe,sistema patriarkalaren gainean eraiki eta garatu dira, genero hierarkizazioa oinarri dutela. Hau da, patriarkatua, pentsamenduan ez ezik, sistema osoaren egituran dago, eta beraz, curriculuma sistema sostengatzen duen beste elementu bat gehiago bihurtzen da, honen kontra ezer egin ezean, behintzat. Horregatik da hain zaila sistematikoki curriculuma eta baliabide didaktikoak hezkidetzaturik egotea.

Era berean, mendeetan zehar, eta gaur egun ere, Lehen Hezkuntzako esparruko irakasleen gehiengoa emakumezkoa izan da. Honek, baina, ez du bermatzen ikuspegi feminista txertatuko zaionik curriculumari edo gelan erabiltzen diren baliabideei. Batzuetan gertatzen da zapaldua denak ez dituela sistema zapaltzailearen kateak sentitzen, hau da, bakoitza bere 'konfort zonatik' mugiaraziko duen formakuntzarik jaso ezean, sistema erreproduzitzera mugatuko garela, eskola bezalako instituzio batean. Aldi berea, 'betaurreko moreak' jartzeko formakuntza hori bakoitzak bere kabuz, bere diruarekin eta beren denbora librean egitea, militantzia hutsean geratzen da, eta esan bezala, horrelako 'askapen keinuak' eskertzekoak dira, baina eraginkorrena halako formakuntza bat formalki eta Lehen Hezkuntzako lehentasun gisa ikusi behar genuke.

Izan ere, curriculumak izaera hezkidetzailea izango balu ere (demagun), batzuetan teoriatik praktikarako saltoan galtzen da izaera hezkidetzaile hori. Hau da, bakoitzaren curriculumaren interpretazioan geratzen bada irakaspena, eta irakasleak ez badauka formakuntza hezkidetzailerik, nekez praktikatuko dugu irakas prozesu feminista bat. Beraz, uste dut garrantzitsuena, curriculumaren irakurketa hezkidetzailea dela orain dugun lehentasuna, eta hala, gutxinaka, aste hontan ikusi dugun moduan, joango garela eskolako eragile ezberdinak erabiltzen ditugun baliabideak hezkidetzaile bihurtzen.

Bestetik badira zenbait lurralde feminismo ikasgaia euren curriculumean txertatu dituztenak ere, Australia esate baterako. Bertan sexismoa zein feminismoaren inguruko pentsamendu kritikoa sustatu nahi dute, gizarte berdintzaile bat lortzea helburu izanik.

Telesailek ere euren eragina dute, zer esanik ez Go!azen telesailak sortu duen fenomenoa. Interesgarria da halako telesailak euskara hutsean aritzea eta halako ikusle kopurua lortzea, baina nolako esteriotipoak lantzen dituzte? hala dio Etxabek:
«Gure haurrei eta nerabeei eskaini nahi dizkiegun erreferentziak nolakoak izatea nahi dugun pentsatu beharko genuke. Gure ustez, gizartean, kalean, familietan eta ikastetxeetan dagoen aniztasuna telebista saioetan txertatu behar dugu: askotariko harreman ereduak, ezaugarri, izaera eta jatorri desberdinetako pertsonak, askotariko gorpurtzak... Go!azenbezalako produktuek duten arrakasta baliatzea ezinbestekoa da, jendartean pil-pilean dauden gaiak ikuspegi hezitzaile batekin bistaratzeko eta lantzeko»

Etxabek uste du halako ekoizpenetan estereotipoen eta harreman moduen inguruan hausnarketak egin behar direla. Izan ere, Go!azen kasu batzuetan nahiko hanka-motz gelditzen da alor horretan. 

Hau guztia kontuan izanik, hauek izango lirateke erronka nagusiak: 

  • Curriculum geure egin, hau da, hezkidetzaile egin, ikuspuntu androzentrikoa baztertzeko, diziplina bakoitzaren barne ikuspuntua landuz
  • Jarduera, eduki, metodologia zein materialen diagnosia sustatu eta hezkidetzailea ez dela ikusten bada, erabakiak hartu. Moldatu, ordezkatu eta baliabide berriak sortu eta partekatu, saretu.
  • Curriculum-edukietan ahaztua den 'Hezkuntza Afektibo-Sexualari' buruzko edukiak curriculumean txertatzea.





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina