2018/01/31

Generoa gure bizitzaren gidari?


Orientatzeak, neska-ikasle eta mutil-ikasleekin harreman jarraituak izatea suposatzen du, hain zuzen ere, entzun, informazioa eman, lagundu, izateko, espresatzeko eta aske aukeratzeko espazioak zabaltzea da.

Eskola mistoa gainditu eta hezkidetzaile bihurtu nahi badugu, orientazioan ere genero ikuspegitik, ikertu, pentsatu eta planifikatu beharra dugu, bestela sexu bakoitzaren bizipenak murriztutako gune eta rol jakinetara mugatuko ditugu eta horregatik funtsezkoa da batzuen zein besteen ekarpenak, sentimenduak eta interpretazioak onartzea. Hortaz, orientazioak ere, esku hartze hezkidetzaile, kontziente eta etengabea behar du, curriculumean integraturik eta hezkuntza komunitate osoaren inplikazioaz.

Hezkuntzan dihardugunon helburu nagusienetarikoa ikasleak beraien bizitza proiektuetan orientatzea bada, alegia, bizitzan, ikasketetan eta lanbidean bidea aukeratzea, funtsezkoa da askatasuna eta aukera-aniztasuna errespetatuz, genero-baldintzarik gabe heztea. Pertsona anitzen garapen integrala lortzea dugu helburu, nork bere bizitzan zehar bere burua orienta dezan, bizitza pertsonalaren, familiarraren, sozialaren zein profesionalaren ardura osoa onartuz.
Zoritxarrez, hainbat ikerketek argi erakusten dute praktikan ez dela horrela suertatzen. Azken hamarkadetan aurrerapenak izan badira ere, genero estereotipoek eragin handia dute oraindik ikasleen aukera pertsonaletan, profesionaletan eta bizitzakoetan. Beste batzuen artean, Emakundek 2016.urtean ateratako Zifrak Txostenean horren ebidentziak ematen dira datu deigarri eta aldi berean kezkagarrien bitartez. Jarraian datu esanguratsuen bilketa burutu dut bideo baten bidez, aurretik aipatutako txostena oinarritzat hartuz.




Hortaz, neska eta mutilen inguruan ditugun sinesmenak, beraien ahalmen, gaitasun, jarrera, trebetasun eta jokabideei dagokienez, irakaslegoak aurretik dituen espektatiben ondorioz betearazten dira. Pigmaleon efektu gisa ezagutzen da fenomeno hau. Tamalez, hezitzaile garenak ere jendarte patriarkal batean hazi eta hezi izanaren ondorioz, espektatiba bereziak izaten ditugu sarritan neska eta mutilen artean. Horren ondorioz,  genero-rolak indartzen dira eta ikaslegoaren bizitza proiektuetan eragiten da. Gainera, eskolan ezezik, jendartean, familian zein talde presioaren eraginez ikaskideen artean ere, horiek bultzatu egiten dira. Hortaz, funtsezkoa da genero-rolak alde batera utzitako heziketa beraien bizitzako aukera pertsonaletan eraginik izan ez dezaten.   Hurrengo bideoan, eskola eremuan ematen diren eta sarritan inkontzienteki helarazten zaien mezuen bidezko egoerak plazaratzen dira eta horren aurrean, aukera berdintasunean hezteko garrantzia azpimarratzen da.


 
 
Aurreko edizioetako ikastarokideen post-en artean, Maite A.-ren "Orientazio eta aukera akademiko parekideak heziketa guztian zehar" izenekoa gogora ekarri nahiko nuke, izan ere, aurretik aipatutako ideiaren ildo beretik doazen hainbat bideo interesgarri aurkezten ditu. 
 
Egun, oraindik ere genero-estereotipoetan oinarritutako lanbideak indartzen dira. Azken aste honetan gainera, erabat deitoragarria den hau partekatu nahiko nuke; emakumeei soilik bideratutako garbitzaile formakuntza ikastaro batzuk, "Integrando Fundazioa"-k antolatuta eta Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntzarekin.  


Gauzak honela, hezitzaileak garen aldetik orientazio akademiko hezkidetzailea lantzea ezinbestekoa da. Horretarako ondorengo erronka nagusienak azpimarratuko nituzke:

- Irakaslegoa hezkidetzan formatzea ezinbestekoa dela iruditzen zait, izan ere, hori bermatu ezean eguneroko praktikan orain arteko moldeak erreproduzituko dira.
- Curriculum hezkidetzailea sortzea.
- Emakumeek historian zehar egindako lanak eta ekarpenak bistaratzea.
- Generoekin erlazionatutako aurreiritzi eta espektatiben kritika gauzatzea eta hauek desagerraraztea.
- Hezkuntza afektibo-sexuala curriculum-aren barnean txertatzea eta sistematikoki lantzea.
- Elkar ardura eta zaintzari arreta eta leku berezia eskaintzea egunerokoan.
- Bizitza, familia, lanbide... mota anitzen eredu ez estereotipatuak aurkeztea.
- Neskak ahalduntzea (arrakastan, partaidetzan, autonomian, erruduntasun sentimendua baztertzen, autoestima eta autokonfidantza indartzen...)
- Hezkuntza emozionalean trebatzea (sentimenduen komunikazioa "mutilengan indartuz", komunikazio estilo agresiboa kolokan jarri, botere harremanak ekidin, tratu onak bultzatu, maskulinitate berriak landu...)
- Parte hartze parekidea bultzatu (lehia baztertu eta lankidetzan eta elkartasunean oinarrituz, nesken eta mutilen denboraren erabilera neurtuz eta kontrolatuz, arreta berdina eskainiz, erantzukizun maila berbera eskatuz, taldekatze mota ezberdinak beharren arabera antolatuz "kopuru orekatuak, talde txikiak, talde bereiziak", ...)
- Lanaren kontzeptua berdefinitu eta lan erreproduktiboen garrantzia baloratu eta ikasketa egoerak planteatu.
- Lanbidea izatearen zentralitatea indartu batez ere emakumeen artean.
- Hizkuntza hezkidetzailea erabili (emakumeen komunikazio estiloa baloratu eta agresiboa baztertu).

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina