2018/11/09

Denok irabazi ahal badugu... zergatik ez?

Hasteko, hona hemen sortu dudan kartela: 

Bestalde, hauxe da aurreko edizioko hautatu dudan  post-a. Miren-ek plazaratzen dituen ideiak oso onak iruditu zaizkit. Lehenik eta behin izenburu bera, "Erre gintuen su berbera gara", oso egokia iruditu zait. "Transfeminismoaren kontzeptua ere erakargarria iruditu zait eta, berak dioen moduan, "Emakumeak ez garelako berdinak, mota ezberdinetako feminista asko daude eta denontzako lekua eta denon mugimendua izatea da helburua"

Aurrera egiteko asmoarekin, jarraian hiru pertsonen artean egin dudan inkestatxo baten emaitzak partekatuko ditut zuokin. Lankide bat, arreba eta lagun bati eskatu egin diet euren ustez zein diren jorratu behar diren gai feministak. Taula honetan bildu ditut euren erantzunak:



Jorratu beharreko gaiak
Zergatia
Lankidea (Eskolako idazkaria)
Emakumeak ahalduntzea, eurek lortutakoak agerian jarriz
Gaur egun oso inportantea da daukagun egoerari buelta ematea. Hezkuntza daukagu lan hori burutzeko tresnarik eraginkorrena. Belaunaldi berriekin egin behar da lan, guztiontzako etorkizun hobea lor dezagun.
Familiakoa (Arreba)
Bidezko betebeharren banaketa
Familia bat osatzen denean, proiektu partekatua da, hortaz, proiektu horrek eskatzen dituen zereginak bidezko eran banatu behar dira. Guztion konpromisoa behar da.
Laguna
Biolentzia matxista bistaratzea
Dagoeneko onartzerik ez dagoen gaia da hau. Orain arte egindakoa ez da, ez nahikoa, ez zuzena. Dena biktimen bizkargainean utzi egin da. Zelan eska dakioke egoera salatzeko erabat jota dagoen pertsona bati?


Bukatzeko, Kasilda Henaez anarkista eta feminista zizurkildarra hautatu dut bere bizitza interesgarriari buruz hainbat aipamen egiteko.
(naiz: kaseta.eus 2015-03-07ko aletik hartua)

Anarkista eta feminista ezaguna izan zen Soledad Kasilda Hernaez Vargas. Hori bai, Kasi edo Miliziana goitizenekin egin zen ezagunago. 1914ko apirilaren 9an Zizurkilen jaio zen Kasilda, eta, borrokari eskainitako 78 urteren buruan, Biarritzen zendu zen, 1992ko abuztuaren 31n.

Fraisoroko umezurztegian jaio zen Kasilda, ezkongabeko amak eta umezurtzak jasotzen zituen Zizurkilgo etxe ezagunean. Ama familia anarkista eta bohemio bateko kidea zen, eta, amona, Nafarroako ijitoa omen zuen –batzuek jatorri inka zuela zioten–. Kontuak kontu, askatasun giroan hezi zen Kasilda eta berak ere balio horiek oinarri hartuta eraiki zuen bere izaera.
Haurtzaroa Zizurkilen igaro ondoren Donostiara joan zen bizitzera Kasilda, bertako Egia auzora zehazki. Egian sortu zen, hain zuzen ere, Kasildak bizitza osoan bidaide izango zuen grina borrokalaria. Emakumeen eskubideen aldeko borrokak eta bere sinismen zutabe ziren balio sozialek gidatu zuten etengabe grina hori.
1931tik aurrera, CNT eta Gazte Libertarioak erakunde anarkistetako kide izan zen. Kartzela emakumeak bakarrik kontratatzen zituen enpresa batean greba deialdi bat bultzatzeagatik ezagutu zuen lehen aldiz. 1934an, lehergailuak eta propaganda anarkista garraiatzen harrapatu omen zuen Poliziak eta 29 urteko espetxe zigorra jaso zuen.
Jaizkibel mendian kokatutako Guadalupeko gotorlekuan preso egon zen lehenik, eta, handik, Alcala de Henaresera eraman zuten. Lekualdaketa hura biziki presente izan zuen Kasildak bizitza osoan zehar, izan ere, Madrilera trenez eraman zuten, eta, Donostia zeharkatzerakoan, ehunka herritar hurbildu ziren trenbidera Kasildari animo mezuak helaraztera. 1936ko otsaileko hauteskundeen ondorengo amnistia baliatuta, askatu egin zuten Kasilda. Orduan ezagutu zuen bizitza osoan bidelagun izango zuen Felix Likiniano Heriz Liki anarkista ezaguna.
Gerra Zibilaren hasieran Likianorekin batera Aiako Harrien eta San Martzial mendiaren defentsan hartu zuen parte Kasildak. Behin Errepublikaren aldeko indarrek Irun galduta, Lapurdira joan zen, eta, Ipar Kataluniatik barna, berriz itzuli zen Estatu espainolera. Madrilen defentsan aritu zen lehenengo, eta Aragoiko frontean ondoren. Emakumeak frontetatik erretiratzeko erabakiaren ondorioz, Bartzelonara joan eta milizianoentzako arropak josten zituen tailer batean aritu zen lanean.
Behin Errepublikaren aldeko indarrek gerra galduta, La Jonquerako muga zeharkatu zuten Kasildak eta Likinianok. Saint-Cyprien kontzentrazio-esparruan sartu zituzten biak preso. Aske geratu ondoren Bretainiako Lorient hirian bizi izan ziren, euren etxebizitza erresistentzia frantseseko kideen aterpe bihurtuz. 1943an, baina, Biarritz hartu zuen bikoteak bizileku. Ipar Euskal Herriko euren etxea ere alemanen kontrako eta frankismoaren aurkako operazio gune bilakatu zuten.
Errepublika garai gorabeheratsurako ere erabat aurrerakoia zen Kasilda eta donostiar bat baino gehiago aho zabalik eta erabat eskandalizatuta utzi zituen Groseko Zurriola hondartzan nudismoa praktikatzeagatik. Emakume iraultzaile hau erabat ezaguna egin zen Donostiako langile mugimenduan eta auzoetan. Egiako bizilagunek, adibidez, presente dute oraindik Kasildaren eredua eta «Kasildak baino potro gehiago dituzu!» esaera bizilagun askoren ahotan da oraindik ere.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina