2019/10/05

Arratsalde on


Arratsalde on,

Amaia Zubeldia Rodríguez naiz.

Bikotearekin batera hiru seme-alaben guraso naiz, eta, idazten ari naizen dataren arabera ikusiko duzuenez, zereginak azken unerako uzten dituen horietarikoa.

Mutrikuko BHIn Gaztelania eta Literaturako irakasle naiz (aurten DBH3n), eta baita Batxilerreko lehen mailan "Hesigabezi" izenez deitu dugun ikastetxeko aukera gai propioaren irakakasle. Bertan, hezkidetza eta elkarbizitza ardatz izanik hainbat zeregin eramaten ditugu aurrera, eskolako bizitza eta eskolako kideen arteko harremanak eraldatzen edo hobetzen saiatuz. Horrez gain, iazko ikasturtez geroztik Ikasketa Buru izendatu ninduten eta guztira ezin iritsita nabil.

Aipatutako ikasgaiak eta iaz eta aurtengo ikasleei erantzun ahalik eta osatuena eskaintzeko asmoz eta ezagutza berriak eta diskurtso sendoa eraikitzeko asmoz eman dut izena ikastaroan. Ikasteko gogoz hasi naiz, nahiz eta kezkatuta hasi naizen, eskatuko didanari erantzun ahal izango ote diodan ala ez.

Lan talde birtualean aritzeko lankiderik onena ez dut uste naizenik, nahiz eta prest egoten naizen eskaini ahal dudan edozer partekatzeko. Ikasleekin aurrera eramango ditudan esperientziak eta eskolan dugun Hezkidetza Planean egingo ditugunak askotan izango ditut mintzagai, eta interesgarri iruditzen zaizkizuen heinean, zuekin partekatzeko prest nago.

Animaliak ez ditut bereziki gogoko, nahiz eta, harrigarria dirudien arren, bi ditugun etxean (Marilin katua eta Xola txakurra), baina irakurtzea bereziki gustatzen zait. Delibesen "El hereje" da nire kuttuna. Koloreez hitz egitean, aurreko ikasturtean gure eskolako patioan eginiko eraldaketaren hasiera etortzen zait burura (aipatuko dizuet aurrerago eginiko eta egiteke dugun lana), feminismoak ekarri ahal izango ligukeen eraldaketaren argazkia iruditzen baitzait:




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina