2019/12/15

HIZKUNTZA EZ SEXISTARI BURUZ HAUSNARTZEN

Aste honetan hizkuntzaren izaeraren eta erabilpenaren inguruan hausnartzeko aukera izan dugu. Aste honetako irakurgaia eta artikulu pare bat irakurri ondoren, argi esan daiteke jendarte patriarkalaren androzentrismoa hizkuntzaren erabileran islatzen dela. Ikaskide baten post-ean irakurri dudan moduan, “Nolako mundua, halako hizkuntza”.



Aurreko edizioetako ikastarokide baten post bat aukeratu beharko banu Irati Mendigurenek egindakoa aukeratuko nuke. Izan ere, hizkuntzaren eta honen erabileraren inguruan egiten duen hausnarketa argia bezain sakona dela uste dut. Hona hemen bere hitz batzuk: hizkuntza bera, ahozkoa, idatzizkoa, zeinuzkoa zein adierazpen mota ezberdinetakoa izanik ere, komunikazio bide bat da. Eta bidea bera ez da sexismora eramaten gaituena, jendarteko kultura, ohitura eta androzentrismoak garamatzate gure hizkuntzak sexista bilakatzera. Hitz hauek irakurrita argi dago, postean aurrerago azalduko dudan moduan, zein den jendarteak daukan erronka handi bat.
Hizkuntzaren erabileran sexismoa eta androzentrismoa saihesteko gida bat aukeratu beharko banu, Emakundek 2008. urtean argitaratutako Euskararen erabilera ez sexista aukeratuko nuke, zeinen autorea Amelia Barquin den. 
Gida honetan hainbat alderdi lantzen dira, gehienak lehentasunezkoak izanik. Baina bi aukeratu beharko banitu hauek izango lirateke: “andereñoa” hitzaren erabilera eta androzentrismoa. Lehenengoa, nire lanpostuarekin lotura zuzena du. Haur Hezkuntzako irakaslea naiz eta egunero hainbat alditan entzuten dut andereño hitza. Garai bateko errealitatearen isla da hau, izan ere, iraganean emakume gazte ezkongabeak egiten zuten lanbide hau. Androzentrismoaren kasuan, esaldi batzuetan gizona munduaren ardatz bezala aurkezten da, hau gezur potolo eta bidegabea izanik. Emakumeak ezkutatu egiten dira eta ezin da inolaz ere ahaztu emakumeak ere pertsonak direla.
Hizkuntzaren erabileraren inguruan, lanketa sakona egiteko hainbat erronka ditugu aurrean:
  1. Androzentrismoak eramaten badu jendartea hizkuntzaren erabilera sexista egitera, lehenik eta behin gizarteak bere balioen eta oinarrien hausnarketa sakona egin beharko luke, patriarkatuari bukaera emate aldera. ERALDAKETA.
  2. Hizkuntzaren erabilera sexistaz ohartzea.
  3. Hitz eta kontzeptu berriak sortu.
  4. Irudiei arreta berezia eskaini. Batez ere, lan egiten dudan etapan.
  5. Neskak eta mutilak, eta pertsona guztiak aipatu, hitza dutela eta diskurtsoaren protagonistak direla sentiaraztea.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina