2020/02/10

Identitatea etengabe eraikitzen


Gaian zehar nire ustez agertu den gako edo ideia nagusia lelo honetara ekarri dut, batipat besteenaz gain, jabe gaitezen norbera, geu/neu ere eraikitze prozesu batean murgilduta gaudela/nagoela. Lehen pertsonan. Izugarri interesgarria da norberarengan ikuspuntua jarri eta barnera egitea, besteena ulertzeko.

Aurreko edizioetako ikastarokideek egindako post hau aukeratu dut, #OlatzUcin-ena: 
IDENTITATEEN GARAPENEAN ASKATASUNAREN ALDE!
Izenburu honek bi ideia nagusi biltzen ditu: garapen askeari eta diskriminaziorik gabekoari bermea eskaini behar diogula gure gizartean eta berariaz hezkuntza sisteman.

Eta Heziberri 2020 marko pedagogikoari dagokionez, ideia hauek jasotzen dituen  ondorengo bi atal hauetan jarri du arreta eta partekatu nahi ditut:

“Pertsonei egokitutako testuinguru bat sortu behar da, desberdintasunei erantzuten diena eta talderik edo pertsonarik ahulenei babes eta laguntza zehatzak emango dizkiena. Hezkuntza inklusiboak aniztasunaren adierazpen guztiak hartzen ditu aintzat: hizkuntza, kultura, gaitasunak, sexu-orientazioa, generoa eta baliabide sozioekonomikoak.”

“Oinarrizko Hezkuntzak pertsona guztien hezkuntza-eskubidea bermatu behar du. Horrenbestez, zuzentasunaren eta justizia sozialaren ildoan, hezkuntzak aukera berdinak eskaini behar ditu, bazterketarik egin gabe –ezaugarri pertsonalengatik edo sexu-orientazio, kultur nortasun edo generoagatik–, eta gainditu egin behar ditu desberdintasun ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta pertsonalak.”

Guzti hori kontuan hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da curriculum ezkutuan ikasle guztiei aukera berdinak ahalbidetzearen alde lan egitea; hauengana zuzentzeko erabiltzen diren jarrerak, hizkuntza, baliabideak… aintzat hartuz eta betiere estereotipoak alde batera utziz. Horretarako prestakuntza beharra handia da eta hortxe kokatzea dagokigu geure aholkularitza-zerbitzuetatik.

Izan ere, geure inguru hurbilean, aurrerapausoak ematen ari garela esango nuke. Irakasleen prestakuntzan, neure esperientziatik, olatu moduko bat bizi izan genuen orain urtebete, larunbata izanda, Beasaingo Igartza Jauregian burutu genuen TRANS-FORMATZEN ekimenarekin.  80 irakasle kanpoan utzi behar izan genituen, 140 baino gehiago sartzerik ez baitzegoen. Harrituta geratu ginen hainbesteko jakinmina eta prestakuntza beharra Euskal Herri osoan nola sentitzen zen: Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskualde guztietatik izena-eman zuten irakasle-hezitzaileek.

Ekitaldi oso interesgarria, hunkigarria ere bilakatu zen. Ahaztezina askorentzat eta eragin handikoa. Gerora ikastetxeetan eta mintegietan jarraipena izan zuena. Mugitu arazi zuen.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina