2015/11/20

Jaiak eta ospakizunak

Bigarren hezkuntzako ikastetxeetan festa eta ospakizun gutxiago egiten direlako susmoa dut. Nik azken 15 urteetan lana egin dudan ikastetxean ospakizun gutxi egin ditugu. Euskararen egunean eta IHESaren munduko aurkako egunean jardueraren bat egin ohi dugu; "Korrika" den urteetan bertan parte hartu izan dugu eta bukatzeko ikasturteko azken eskola egunean azken kurtsoko ikasleei agurra egiten diegu. Azken bi urteetan, Hezkidetzako proiektuan sartu ginenetik azaroaren 25ean, otsailaren 14ean eta martxoaren 8an jarduerak egin ditugu baita ere. Nire iritziz egun seinalatu hauek eskola osoa girotzeko erabili beharko genituzke ikasle guztiengana egunaren mezua irits dakien eta guztiok gaiaren gaineko hausnarketa egin dezagun.

Jaiak eta ospakizun bereziak ezin dira generoaren ikuspegia kontuan hartu gabe antolatu. Geure bizitzen eremu guztietan genero estereotipoak azaltzen badira, zeresanik ez festa eta ospakizunetan. Haur eta Lehen Hezkuntzan ospakizun asko egiten dira, Olentzero, IƱauteriak, urte amaierako festibala... Garrantzi handikoa iruditzen zait ospakizun hauetan betaurreko moreak jantzita ibiltzea, zein abestiak aukeratzen ditugun dantzak egiteko, nolako mozorroak, Olentzeroren gaineko hausnarketa... Bigarren hezkuntzan berriz horrelako festa gutxi egiten direla pentsatzen dut baino egun seinalatu batzuen inguruan bai egiten direla interbentzio hezitzaileak eta hauek ere programatu eta sistematizatu beharko gentuzke urteko planean.



Gorputz hezkuntzako irakasleok maiz kirol txapelketak antolatzen ditugu jolas garaietan. Garrantzizkoa da hauen gaineko hausnarketa egitea baita ere. Nire aldetik eta nesken partehartzeari begira honako helburuak proposatzen ditut jarduera hauek aurrera eramaterakoan, alde batetik nesken partehartzea handitzea eta bestetik, ondo pasa dezatela, jarduera aberasgarria izan dadila. Horretarako jarduera egokiak aukeratu behar dira eta ez betiko kirol hiperkonpetitiboak. Bestaldetik, batzuetan neskak neskekin jolastuko dute eta besteetan denak nahasturik.



Eskolatik at festetan gure gizarte antolakuntzaren errepikapena ematen da. Kalea gizonen eremua da eta festetan hori oso nabaria izan ohi da. Edozein festetan gertatzen bada ere, eguberrietan deigarria izaten da, familia tradizionaletan eta askotan ez horren tradizionaletan baita ere, gizonak kalean eta emakumeak etxean otorduetarako dena txukun eta prest egon dadin. Jende andanak mugitzen dituzten festetan egoten den beste arazo larria eraso sexualena izaten da. Azken urteetan Euskal Herriko hiruburuetako (eta zenbait herrietako) festetan sexu eraso oso larriak eman dira.

Kirol ekitaldiak batzuetan festak dira eta hala ez badira ere gizartean garrantzi eta sona handikoak izaten dira. Bostongo maratoian  emakume batek parte hartu zuen lehen saioan katrapila handia sortuz zen eta epaile bat bera erasotzen saiatu zen ere. Zorionez inguruko korrikalariak emakumea babestu zuten. Bideoa ikusteak merezi du.




Gaur egun emakumearen egoera kirolaean erabat normalduta ez badago ere horrelako kasuak ikustea sinestezina irudituko litzaiguke. Ea denbora gutxi barru berdina gertatzen den Baztango mutil dantzetan eta gure herrietako festatan.

Emakumeen partehartzea Gipuzkoako festetan. Denok dakigu gure probintziko bi herrietan ditugun arazo larriak. Herri hauetan gaiak arrazionaltasunaren maila guztiak gainditu dituela iruditzen zait eta tradizioaren mesedetan edozein defendatzeko prest daude. Uxue Alberdik bertso batean kantatu zuena gogoratu nahi nuke, "tradizioa ezin da joan eskubideen aurretik". Hemen uzten dizkizuet Gipuzkoako Foru Aldindiak ateratako bi dokumentu: jaien azterketa genero ikuspegitik eta  folletoa.

Ikastetxean gai honen inguruan ditugun erronkak honako hauek dira:

  • Festak antolatzerakoan betaurreko moreak janztea.
  • Hezkidetzarekin lotura duten egun seinalatuetan jarduera hezitzaileak burutzea.
  • Opari sexisten gaineko lan pedagogikoa egitea ikasle zein familiekin. Eguberrietako jostailu katalogoak ikastetxeetan estereotipoen gainean lana egiteko tresna ezinbestekoak dira, tamalez.
  • Festetan emakumeak jokatzen duen rolaren inguruko hausnarketa bultzatzeko jarduerak burutzea.
  • Festetan gertatzen diren eraso sexualen inguruan lana egitea.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina