2015/11/01

SEXU-GENERO SISTEMA SUNTSITZEKO BIDEAN

SEXU-GENERO SISTEMAri buruzko HAUSNARKETA

1. Gaiari buruz laburpena eta balorazio pertsonala:

Gai honetan murgiltzeak bi ondorio gordinetara eraman gaitu: zelan dagoen txertatuta gure bizitzetan sexu-genero sistema, alde batetik; bestetik, ez dela bat ere erreza, oraindik, sistema binario hori salatzerakoan aliatuak aurkitzea.
Eskerrak gaiaren inguruan egindako lan ikusentzunezkoa nahiko oparoa dela. Beldur Barik programari esker adibide asko topa ditzakegu, gainera ikasleek sortuak, beraien ikuspegi eta sentipenetatik eginak.


Oso ondo etorri zaizkigu gaia aztertzeko materialak, guk geuk ere askotan definitzeko, edo besteei (ikasleei, irakasleei, ondokoei…) azaltzeko seguritate falta izan dugulako.

Bullyinga eta genero estereotipoak bateratzea guztiz aberasgarria izan da guretzat. Hau da, gure ikasleen arteko harremanetan zapalketa eman izan denean, beti ikusi dugu “bestea ezberdina izate” hori ez onartzea arrazoi nagusia izan dela. 
Orain ez onartzearen arrazoien artean abanikoa zabalagoa daukagu, bere gorputza ezberdina delako = genero identitatea ukatzen zaiolako, bere sexu-orientazioa desberdina delako = sexu hobespena ukatzen zaiolako; neska maskulinoa delako = bere genero adierazpena ukatzen zaiolako.

Gaia zuzenean bueltaka edukitzeak genero estereotipoak gero eta nazkagarriagoak iruditzen zaizkigu. Ezin ditugu jasan. Botere sistema guztiek sortzen dute beraien aurka borrokatzeko gogoa. Sexu-genero sistemak hain du lotura estua (biologikoa+kulturala) pertsona izatearekin (jaio aurretik, gainera) resorte moduko zerbait aktibatzen zaigula gure duintasuna eta askatasuna larri zaurituta uzten dituelako.


Oso arlo interesgarria ikertzeko, sakontzeko eta, denbora gehiago izanez gero, luze irakurtzeko.


Saio presentzialean, Amelia Barquinek kuadro bat erakutsi zigun  bera egondako hitzaldi batetik hartua. Bertan Patriarkatua, Binarismoa eta Heteroaraua oso modu eskematikoan primeran azaltzen ziren. Guretzat oso baliagarria izan da hezkidetza taldekideei erakusteko, eta hemendik aurrera ikasleekin lan egiteko. Sexua, genero identitatea, genero adierazpena eta sexu hobespena zelan dauden araututa gure eguneroko bizitzan eta zer bazterketa eta zapalkuntza mota sortzen dituzten salatzeko.


2.“sexu-genero estereotipoak” eta “genero ikuspegia” kontzeptuen definizioak


 Gure ustez sexu-genero estereotipoak jaio baino lehen atxikitutako sexu bati eransten zaizkion ezaugarri kulturalak dira, beti derrigorrezko ikuspegi hierarkiko eta gezurrezko osagarritasunean oinarrituta. Hauek desagertaraztea ezinbesteko baldintzatzat jotzen dugu, guztiok duintasunez bizi ahal izateko.
Sexu identitatea baztertzailea den bitartean (ez baitu kontuan hartzen “bestea”), genero identitatea garatzen badugu, sexu-genero estereotipoak apurtu ahal ditugu errazago. Gizonak gizona izateagatik ez dira gehiago, ezta hobeak emakumeak baino.


3. Jardueren inguruko datuak eta ondorioak

Egin ditugun behaketen ondorioz, oraindik lan handia egin behar dela adieraz dezakegu. Berdintasun eskubideen esparruan hainbat aurrerapen izan ditugu. Aldiz, sexu-genero sistemaz blai gaude oraindik, eta “irudizko askatasun eta berdintasuna” lortuta ditugula sinistuta, are zailagoa da, sexu estereotipoak apurtzea.


4. Hau guztia ikastetxean lantzeko erronkak

Argi dago erronka bat estereotipo sexistak apurtzea dela. Ikasleen autoestima eraikitzeko orduan genero baldintzak identifikatu eta pertsona garapen integralerako ezaugarriak indartu behar ditugula. Hori lortzeko eskola komunitatean ari garen guztiok norabide berberarantz jo behar dugu. Eta azken hau zailtasun handiko erronka deritzogu, bai irakasle, zein guraso, eta bestelako langileen artean hutsune handia nabaritzen dugulako oraindik gai honetan.

  

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina