2015/11/02

SEXU-GENERO SISTEMARI BURUZ HAUSNARTZEN

Mendebaldean mundua dikotomien arabera ulertzen ikasi dugu, zuria/beltza, eguna/argia, handia/txikia… eta logika horretan sortuak izan dira arra/emea, emakumea/gizona, femeninoa/maskulinoa… bezalako binomioak.
Eraikuntza sozial eta kultural bati erantzuten diotela ahaztu gabe barneratzen ditugu, ezaugarri naturalak balira bezala. Mundua ulertzeko modu hau ideologiaz kargatuta dago, inguratzen gaituen oro sailkatuta egotea eskatzen du. Pentsaera hori da genero zapalkuntzak emateko erabiltzen dena, baina baita, arraza, kultura, etnia, hizkuntza eta herriak zapaltzeko erabili izan dena ere.

“Sexu-genero estereotipoak”, emakumeok alua eta gizonezkoei zakila izateagatik atxikitzen zaizkigun Rolak dira. Maskulinoa eta femeninoa.
“Genero ikuspegiak”, generoa eraikuntza sozial gisa detektatzen du, eta honen aurrean jarrera kritiko bat adierazten du ikasitakoa deseraikiz eta alternatibak sortuz. Kontzientzia hezkidetzailea izatea ezinbestekoa da.

Kontzientzia hezkidetzailea sortu asmoz “Beldur Barik” lehiaketan parte hartu genuen “AbaƱoko Gaztiek” aisialdi proiektuko gaztetxoekin. Jolasaren baitan sortzen diren sexu-genero estereotipoak detektatu, eta hauek deseraikitzearen beharraz aritu ginen.
Gazteak, sexu-genero bereizketaren ondorioz ematen diren bereizkeria egoerez kontziente diren arren, natura eta biologiaren ondorio direla sinesten dute, egungo sistema patriarkalaren eraginaz ohartu gabe.
Beldur Barik 2015 lehiaketara aurkezteko grabatu genuen bideoa; Nahi duguna izateko!
Hezkidetza tresna garrantzitsua da gazte eta hezitzaileongan eragiteko. Gure indarrak, motibazioa eta gogoa bertan zentratu nahi ditugu, jendarte eraldaketarako. Horretarako, ezinbesteko da hezkuntza komunitatean gabiltzanon (hezitzaile, haur, gazte, irakasle, argitaletxe…) arteko elkarlana.

Gaur egungo eskola hezkidetzailea ez dela kontuan hartuta, erronka handia dugu aurretik. Hezitzaileok ere generoan sozializatuak izan garenez, sexu-genero ikuspegia izan behar dugu edozein jarduera edo eremutan.
Hezkuntza hezkidetzailerako landu beharreko eremu proposamena:
  • Ikastetxearen helburuak: Pertsonaren garapen osorako lagungarriak izan behar dute.
  • Balioak eta konpetentziak: Parekidetasuna, elkartasuna eta askatasuna.
  • Antolamendua: Guztion partaidetza bultzatzea oso garrantzitsua da.
  • Edukiak: Partaideen garapen integrala bermatzeko balio behar dute.
  • Metodologia: Eragile guztien ekintzan eta partaidetzan oinarritzen da.
  • Ebaluazioa: Partaide guztiengan ematen diren aldaketak behatu eta kontrastatzea, partaidearen integraltasuna kontutan hartuz eta balorazio sistema irizpide ez androzentrikoetatik sortuz.
  • Espazioa eta denboraren erabilera: Erabilerak orekatua eta parekidea izan behar du.
  • Materiala: Ez dute balore eta eduki sexistarik izan behar.
  • Hizkuntza: Erabilera, hitzen balioa…

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina