2015/12/12
Hizkuntza ez sexistari buruzko hausnarketa
Hizkuntza bat ere ez da berez sexista, baina izan, bai, sexista izan daiteke pertsonek emandako erabilera. Finean, hizkuntza da pentsamoldearen adierazpidea, hala nola, balioena, sinesmenena eta gizartearen aurreiritziena, bai sexuari dagokionez, bai arrazari, erlijioari, gaitasunari eta abarrei dagokienez.
Hizkuntzak, gure erreferentzia pertsonalen eta sozialen isla den heinean, gizartean ezarritako balioak eta estereotipoak transmititu ditzake estereotipo sexistak barne; baina, era berean, horiek guztiak eraldatzeko primerako bitarteko bihurtu daiteke. Horretarako, emakumeen inguruko lexikoaren zati handi baten zama negatiboa aztertu behar da; genero gramatikalaren erabileran bazterketa zer-nola islatuta dagoen egiaztatu; hizkuntzaren erabilerarekiko jarrera kritikoa garatu, eta erabiltzeko modu positiboagoak eta errespetuzkoagoak proposatu.
Hizkuntzaz gainera, garrantzitsua da hizkuntza bitartekari den komunikazio-ekintzak aztertzea. Honako hauek aintzat hartzen dira komunikazio-ekintzen barruan: ahozko hizkuntza (tonuak barne), ez-ahozko hizkuntza, gorputz-hizkuntza, begiradak eta komunikazio-elkarreragina gertatzen den ingurunea; hots, hizlariak zer posizio duen, pareko pertsonentzat zenbateko erakargarritasuna duen, pertsonek zer etiketa jartzen dizkioten elkarri, etab.
Ikuspegi horren arabera aztertu da hizkuntzaren erabilera, sexuka. Ikerlanen arabera, generoa gizarteratzeko prozesuek zehazten dute zein motatakoa izango den gizonen eta emakumeen artean ezarritako komunikazioa. Ikerlan horiek ahozko komunikazioaren azpikodeak dituzte hizpide; hizkuntza femeninoa intimistagoa, deskribatzaileagoa, xehetasun gehiagokoa eta analitikoagoa da; maskulinoa, berriz, sintetikoagoa, oldarkorragoa, ebazleagoa eta formalagoa. Emakumeek hizkuntza zalantzatiagoa erabili ohi dute, galdera eta kortesiazko esapide gehiagokoa. Segurtasun-ezaren isla izan daiteke hori, batez ere esparru publikoko hizkuntzan.
Gizonek intimotasunari loturiko elkarrizketak saihesten dituzte; emakumeek, berriz, beren artean beren arazoez hitz egiteko joera dute. Genero-indarkeria gainditzeari loturiko ikerlanen arabera, emakumeak ahaldundu egiten dira, beren inguruneko kideekin hitz egitean, eta, hartara, gai izaten dira, esaterako, tratu txarrez jabetzeko eta horiei aurka egiteko.
Ikastetxeetan erronka batzuen artean, modu kontzientean gauzatu behar dira komunikazio-ekintzak ikasleekin elkarreragitean, errieten eta laudorioen sexukako banaketaz, gure jokabideak berdinen taldean izan dezakeen ondorioez eta komunikazioa gertatzen den uneko hierarkiak komunikazio-ekintzaren beraren interpretazioa baldintzatu dezakeen moduaz jabetzeko.
Halaber, ikasleen arteko komunikazio-ekintzei erreparatuko diegu. Diskurtsoaren analisian hainbat espazio identifikatu dira, emakumeei zuzendutako hizkuntza iraingarria egituratu dutenak; esaterako, kirol-talde asko. Hala, ez da neutroa hizkuntza-mota horrek jarreren garapenean duen eragina. Gazteen eta nerabeen komunikazio-ekintzen azterketaren bidez, etikaren hizkuntza eta desiraren hizkuntza bereizi dira afektuzko harremanen eta sexu-harremanen inguruko elkarreraginetan. Emaitzetan egiaztatu denez, boterezko komunikazio-ekintzak ere egiten dira, besteak zer edo zer egitera bortxaz behartuta, kasu.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina