2016/01/21

CURRICULUM ETA BALIABIDE DIDAKTIKOAK




Gure Hezkuntza Sistema arautzen duen dokumentua Curriculum Dekretua da. Duela gutxi arte 2007ko curriculumean (eta ondoren egindako zuzenketetan) oinarritu gara. Baina oraintxe marko hori aldatu da, hain zuzen ere aurreko ostiralean Heziberri 2020 dokumentuaren bi dekretu publikatu direlako:


Hain zuzen ere, 236/2015 Dekretuan, I. Kapituluan, Xedapen orokorrak atalean, 1. artikuluan (8. orrian), beste gauza askoren artean, honako hau esaten digute:
b) Oinarrizko Hezkuntza da gazteak helduarorako prestatzeko aldi komuna eta derrigorrezkoa. Bertan ezartzen dira bizialdi osorako oinarri sendoak, estereotipoak eta ezarritako ereduak gaindituz, beren bizitzak zentzuz gida ditzaten, beren helburuak hauta ditzaten, beren aukeren, egungo eta etorkizuneko premien eta pertsonak artatzearen ardura har dezaten, eta gizartean txerta daitezen, modu aktiboan, kritikoan eta arduratsuan parte hartuz eta beren nortasuna osoki garatuz...

e) Oinarrizko Hezkuntzak pertsona guztien hezkuntza-eskubidea bermatu behar du. Horren bestez, zuzentasunaren eta justizia sozialaren ildoan, hezkuntzak aukera berdinak eskaini behar ditu, bazterketarik egin gabe – ezaugarri pertsonalengatik edo sexu-orientazio, kultur nortasun edo generoagatik –, eta gainditu egin behar ditu desberdintasun ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta pertsonalak. Hezkuntza-zerbitzu guztiak eskuragarri egotea ere bermatu behar du, eta laguntza eta babes zehatzak eman behar ditu oinarrizko baldintzak berdinak izan daitezen eta ikaskuntza unibertsala izan dadin. Bai Administrazioak eta hezkuntza-arduradunek, bai hezkuntza-komunitateko profesionalek zein kideek inklusio printzipioa izan behar dute beren jardueren ardatz, eta hezkuntza muinbakarra eta banakakoa sustatuko dute oinarrizko eta derrigorrezko hezkuntza amaitu arte...

i) Eskolako bizikidetza egokia izango bada, hezi beharra dago bake positiboan, giza eskubideetan, justizian, elkartasunean eta inklusioan. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuak sustatuko ditu – bakearen kulturari eta genero-indarkeriaren prebentzioari buruzkoak –, kulturen, generoen, eta sexu-orientazioaren aniztasuna eta gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna, elkarrizketa, garapen emozionala, gatazkak modu baketsuan konpontzeko estrategiak, eta hezkuntza-komunitateko kide guztien eskubideak eta betebeharrak...

Nire ustez hezkuntzako profesionalak bezala gure betebehar garrantzitsu bat da Curriculum Dekretua irakurri aztertu eta aplikatzea. Eta hori guztia gure praktikara eramatea.

Orain arte izan dugun dekretuan eta oraintxe argitaratu denak HEZKIDETZARI babesa ematen dio alde batetik, baina bestaldetik behartzen du gur praktika pedagogikoa hezkidetzailea izatera.
Curriculum hezkidetzagilearen iturburuak.

Hezkuntza-curriculumak hezkidetzailea egin nahian kontuan hartu beharreko iturburu desberdinak kontuan har daitezke:

·         Iturburu soziologikoak.
Genero kontuan hartuta iturburu soziologikotik gizartearen antolamendua aztertuko genuke. 
Adibidez:

  • Maskulinoaren eta femeninoaren estereotipoak eraikitzen dira eta sexu- eta genero-nortasuna osatzen da. Horrela gizonezko- eta emakumezko-taldeak homogeneizatu egiten dira, talde bakoitza bere generoari dagozkion ezaugarrietara egokitu beharko du.

  • Generoen hierarkizazioaren ondorioz, gizonezkoak nagusitu egiten dira emakumezkoen gainetik. 
 Esparru publikoan, giza bilakaera legitimatu egiten da; botere politikoa, soziala, militarra, ekonomikoa, erlijiozkoa, akademikoa... banatzen eta gauzatzen dira; gizartea, bai esparru publikoan bai pribatuan – etxekoan arauak finkatzen dira (zer onartu eta zer ez).


·         Iturburu psikologikoak.
Honen bidez ikasleen garapen ebolutiboak eta ikaskuntza-garapenak zer nolako garapena izango duten jakingo dugu, adinaren araberako ezaugarri psikofisikoak zeintzuk diren eta ikasketa prozesuak nolakoak izango diren.

Zentzu honetan, sistema patriarkalean, hainbat teoria psikologiko legitimatu dira, guztiek hezkuntzan eragin handia izan dutenak: sexu-generoa hartu izan da nortasun pertsonala eratzeko oinarritzat eta sexu-diskriminazioa biologikoki justifikatu izan da.

·        Iturburu pedagogikoak.
Hemen, oinarri teorikoa, hezkuntza-ereduak, irakastereduak eta hezkuntzaren hartzaileak eta helburuak aztertzen dira.
 Hezkuntza-interbentzioak ikasleek ikaskuntza esanguratsuak egitea izan behar du helburu nagusitzat, hau da, ikasleak ikasten ikasteko gai izatea.

Historian zehar garatu diren hezkuntza-ereduak sistema patriarkalaren arabera finkatutako genero maskulino eta femeninoaren hierarkizazioan oinarritu izan dira eta honek eragin handia izan du hezkuntzan.

·       Iturburu epistemologikoak.
Honen bidez, diziplina akademiko desberdinetatik abiatuta informazioa desberdina eskuratzen da curriculumerako: alde batetik ikuspegi zientifikoa, bestaldetik metodologia, barne-egitura eta horiek transmitituko dituzten curriculum-arloak definitzen dira. https://eu.wikipedia.org/wiki/Epistemologia

Baina sistema patriarkalak betidanik kanpoan utzi du emakumeen jakinduria eta historian zehar emakumeek egin duten ekarpena zientzia eremu desberdinetan (zientzia, historia, literatura, politika, ...).
 
Baina proposatzen den Hezkidetza Ereduan gizartean pertsona guztiak hartuko dira kontuan eta guztien autoritatean oinarrituko da. Gainera desberdintasuna eta aniztasuna ezaugarri pertsonaltzat hartuko dira eta aberatsa kontsideratuko da. Ez dira diskriminazioak onartuko, non pertsona bakoitzak beste gizarte mota eraikitzeko konpromisoa hartuko duen.
Hezkuntzak pertsonen hazkunde integrala izango du xedetzat eta mota guztietako diskriminazioak gaindituko dira.



Zientzia ikuspuntu androzentrikotik urrunduko da eta genero azterketan oinarritutako paradigma hartuko da.

Honen aurrean erronka handiak planteatzen dira ikastetxeentzat.
Aurreko guztia oso polita da, baina nola egiten da? Nola lortzen da?
Hauek dira aztertu beharrekoak: programatzen diren jarduerak, landu beharreko edukiak, erabiltzen den metodologia eta materialak.
Eta hau aztertu ahal izateko diagnostiko bat egin behar dugu, hau da errealitatea aztertu eta honen arabera erabakiak hartu:

  • Diagnostikoa.

Diagnostikoa egiteko ikas komunitate osoa inplikatu beharko genuke: irakasleak eta bestelako langileak, ikasleak eta familiak.

Errealitatea abiapuntua izan behar da, indarguneak eta ahuleziak detektatzeko. Seguruena jada badira hainbat eta hainbat gauza ondo egiten ditugunak eta horiek identifikatu eta indartu beharko dira.
Ahuleziak edo hobetu behar ditugunak detektatu, definitu eta helburuak bihurtu behar ditugu. Ondoren lehentasunak markatu eta planifikatu.

  •   Erabakiak hartu.

Diagnostikoa egin ondoren eta hainbat ahulezi identifikatu eta gero hobekuntzak egin ahal izateko erabakiak hartu beharko ditugu eta honetan ere komunitatea inplikatzeko beharra dago.
Ikastetxe asko eta oso desberdinak daude eta batzuetan oso zaila da komunitate osoa inplikatzea orduan pausuka joan beharko dugu. Horrela gomendatzen du Marian Morenok bere bideo eta materialetan.

Bibliografia interesgarria:

  • Bonal, X. (1997). Las actitudes del profesorado ante la coeducación. Propuestas de intervención. Barcelona: Graó.
  •  Colás Bravo, P. y Villaciervos Moreno, P. (2007). Instrumento de recogida de datos de creencias del alumnado. Interiorización de los estereotipos de género en jóvenes y adolescentes. RIE Aldizkaria, bol. 25/1, 35-38.
          http://revistas.um.es/rie/issue/view/8081/showToc
  •  Urruzola Zabalza, M. J. (2002). Eskola hezkidetzailearen azterketa eta ebaluaziorako jarraibideak. 2001-2002 ikasturtea. Bilbao: Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza. Hezkuntza Unibertsitate eta Ikerketa Saila.

Hona hemen baliabide didaktiko batzuk:

  • Fernández, M. V., Irazoki, M. eta Torres, P.M. (2015). Oinarrizko Hezkuntzako Ikastetxeetan hezkidetza eta genero berdintasunaren plana egiteko gida. Donostia: Erein
  • STEE-EILAS (Euskadiko Irakaskuntzako Langileen Sindikatua). Genero berdintasuna, estereotipoak, emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa... lantzeko materialak.
        Emakumeen aurkako Indarkeriarik kontrako Nazioarteko Eguna dela eta garatzeko materialak,  azaroak 25. http://www.steilas.eus/unitate-didaktikoak-azaroak-25/ 
Emakumearen edo Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna dela eta garatzeko materialak, martxoak 8. http://www.steilas.eus/unitate-didaktikoak-martxoak-8/





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina