Mendebaleko jendarteetan eliza katolikoaren eraginpean sexualitatea ez izatetik gaur egungo sistema politiko neoliberaletan sexua kontsumo produktu izatera pasatu da. Identitateekin gertatzen den bezala, oraingoan ere, mutur bi horiek argi dago sahiestu beharko genituzkeela, batez ere, biek heterosexualitatea eredu hegemoniko gisa elikatzen dutelako eta LGTBIQ+ ikusezin bihurtzen dutelako. Patriarkatuari interesatzen zaion eredua, alegia.
Kate bat bezala, praktika sexual onak ugalketa berma dezaketenak lirateke, hau da, heterosexualitatean oinarritutakoak, hau da koitoaren bidezkoak, hau da, genitalizazioa gailentzen dutenak, beraz, gizonezkoen gorputzari eta genitalei ezinbesteko garrantzia ematen dietenak, beraz, emakumeen klitoria bigarren mailan baztertzen dutenak, ondorioz emakumeen eta gizonen artean botere harremanak eraikitzen dituztenak.
Uff! Eskerrak “praktika onak” direla!
Praktika txarrak eredu hegemoniko horretatik kanpo dauden beste praktika guztiak lirateke.
Gure jendarte moderno hauetan hipersexualizazioak eta sexuaren ikusgarritasunak mutil gazteen prostituzio kontsumoaren igoera ahalbideratzen duten bitartean, neskak sexu-objektibaziora daramatzate. Mutilek ligatzeko “matxote” izan behar direla sinesten duten bitartean, neskek, maitasun erromantikoaren tranparen biktimek, “basapiztia” “printze” bihurtzea espero dute.
Sokaren bi muturrak agertzen zaizkigu berriro:
NESKAK
|
MUTILAK
|
Sexualitaterik eta desiorik ez.
|
Sexualitatea eta desio geldiezina.
|
Sexu-esperientziez ezin dute hitz egin.
|
Sexu-esperientziez hitz egin dezakete.
|
Sexu-harremanetan maitasuna da garrantzitsuena.
|
Maitasuna ez da beraien bizi-proiektuaren erdigunea.
|
Ikerketek eta estatistikek ondorioztatzen dute aniztasun afektibo-sexualaren aurrean eskola ez dela espazio erraza, ezta segurua ere homosexualentzat. Alde batetik, curriculum materialek transmititzen jarraitzen dutelako familia heterosexual nuklearra eredua, estereotipoz betea, eta heziketa afektibo-sexual hezkidetzailerik curriculum esplizitoan agertzen ez delako.
Guztiz ados aste honetako irakurgaian "Zenbait ideia argitzen" atalean eskainitako aholku guztiekin: ezer ez egitea ezinezkoa dela, beti zerbait egiten dugu, ezkutuan, inplizitoan bada ere; hizkuntzaren garrantzia baloreen transmisioan; afektibitatea osagai estruktural gisa; sexualitateak, pluralean, plazeraren kudeaketen sinonimotzat hartuta; dekalogoan agertutakoa!
Laburbilduz, testutik bertatik paragrafo hau hartuko genuke, guztiz garrantzitsua iruditzen zaigulako:
Heziketa afektibo-sexual hezkidetzaileak heteroarautik, genero jazarpenetik eta sexu binarismotik haratago joan nahi du, pertsonen, harreman eta bizitza modu desberdinen aniztasuna bistarazi eta normalizatu, nor den moduan onartua sentitu eta bere afektibitatea eta sexualitatea aske espresatzen bizi ahal izateko.
2. Baliabide, ikerketa edo proposamenen bat:
. Kizkitza Arozena sexologoak azaltzen digu gaztetxoen identitate eta orientazio sexualen aurrean gurasoek eta hezitzaileok nola jorratu behar dugun gaia eurekin: Neska edo mutil izateko bakoitzak duela bere modua ulertarazi behar zaie haurrei. http://ataria.info/tolosaldea/1415626632533 |
. Berdinduk 2013-14 ikasturtean “Aniztasun afektibo-sexualen aurreko jarrerak eskolan” izeneko txostenean jasotzen duen bezala, eskolan oraindik lan handia egin behar da guztiontzako espazio seguru bihurtu arte, oraindik, sexu berekoen arteko harremanak gutxi azaltzen delako, bullying gay/lesbofobikoa ematen jarraitzen delako eta sexu-genero identitateen estereotipoak errepikatzen direlako.
Hala ere, dokumentuan bertan jasotzen denez, sexu-aniztasunarekiko jarrera hobea izaten ari da, eta sexu-genero-bazterkeria beherantza joaten ari da.
Horrek frogatzen du “hezkidetza lantzen duen herria”… benetako berdintasun-, askatasun-, adostasun- eta begirunean oinarritutako harremanak izatera helduko dela.
3. Jardueraren inguruan jasotako datuak eta ondorioak:
Gure ikastetxean heziketa afektibo-sexuala tutoretza planaren barruan txertatuta daukagu. Horrez gain, langile bakoitzaren esku geratzen da, esku hartze hezkidetzaileak bideratzea, edo, tamalez, sexu-genero binarismoaren eredua elikatzea.
Momentu honetan, gure esku hartzea gutxienezko ekarpen positibotzat hartzen dugu. Badakigu, gutxi dela, eta hobetu behar dela, baina, gutxienez, planteamendu hezkidetzailetik hurbil dagoen ekimena da.
Errealitateak, hala ere, erakusten digu ikasleek heteronormatiboak direla askotan, sexu-genero irizpideetan oinarritutako bazterketak burutzen dituztela, neskek “laranja erdia”ren zain egoten direla oraindik, mutilek oraindik “ez, ez dela” ez dute ulertu nahi e.a.
4. Hau guztia ikastetxean lantzeko erronkak:
Orain arte egin ohi dugun sexu-afektibotasun esku-hartzea errebisatzea izango litzateke lehenengo erronka. Nahiz eta nahiko onargarria den hezkidetzaren ikuspegitik, zenbait gako aldatu eta berri batzuk sartzea proposatuko dugu.
Aurten borondatez zenbait irakaslek (15 bat) egin dugun Beldur Barik formakuntza klaustro osoari helaraztea beharrezkotzat jotzen dugu, datorren urtean guztiok prestakuntza eta sentsibilizazio oinarrizkoak izateko. Ikasleen artean, eguneroko transmisioa askeagoa eta berdinkideagoa izateko, guztiok norabide berean joan beharko dugulako.
Aurrekoa sarreratxoa izango litzateke, helburu potoloena lortzeko: Heziketa afektibo-sexualerako plan integral bat diseinatu eta aurrera eraman, eragile guztien parte hartzearekin.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina