2016/03/06

INDARKERIA MATXISTAK DESAGERRARAZIZ


Indarkeria matxista honela deskribatzen du Maitena Monroy-k: “Menderatzaileak, kasu honetan gizaki-arrak, bere figuratik eta bere begiradatik erabiltzen duen indarkeria da. Begirada horren bidez desiragarria
dena eraiki da, portaerei dagokienez, eta, beraz, definizio horrekin bat ez datozen portaeren desegokitasuna ere bai. Arriskuan daude emakumeak, baita ‘ andreak menderatzen dituen gizon ’ izateko arautik ateratzen diren gizon guztiak ere".

Orain arte indarkeria matxistak gainditzeko arreta emakumeengan jarri izan da, emakumeei atxikitu zaie ardura. Mugimendu feminista izan da arazoa bistarazi eta salatu duena, geldiarazi eta deseraikitzeko proposamenak egin eta ekintzak aurrera eramaten ari dena.

Indarkeria matxistak gainditzeko 2 estrategia edo bide dira: maskulinitate berrien eta autodefentsa feministaren lanketa sistematikoa.
Maskulinitate berriak. Maskulinitate berrien eraikitze-prozesu konplexuan dauden gizonek maskulinitate heterosexual hegemonikoa zalantzan jartzen dute eta maskulinitatea eta biolentziaren arteko elkarketa desegiten dute; emozioekin kontaktuan jartzen dira; zaintzaren erantzukizuna onartzen dute; espazio pribatu-domestikorako autonomia garatzen dute eta baliabideak zein boterea partekatzen dute. Indarkeria matxistaren aurka jarrera aktibo bat izaten dute eta patriarkatuak emandako pribilegioei uko egiten diete.

Autodefentsa feminista. Emakumeen ahalduntze indibidual eta kolektiboa lortzeko estrategia feminista da. Autodefentsa fisiko soila baino zerbait gehiago da, bertan jarrerak, emozioak eta autoestimua lantzen baitira. Era berean, autodefentsa feministak beldurrari beldurra nola galdu, gorputzaz jabetu, botere pertsonalaz eta emakumeen arteko aliantzen botereaz jabetzeko bideak jorratzen ditu, baita erasoak, sotilenak ere, identifikatu eta aurre egiteko moduak ere.

Nik uste dut ezinbestekoa dela maskulinitate berriak eta autodefentsa feminista lanketa bultzatzea indarkeria matxistak gainditu ahal izateko. 
Batetik, gizonei lagundu behar diegu maskulinitate berriak eraikitzeko bidea topatzen; “Nuevas masculinidades: la igualdad de gĂ©nero construida desde los hombres” artikuluan Hilario Saezen, Andalucia osoan gizonekin lan egiten duena genero berdintasuna maskulinitate ikuspuntutik sortzeko, aipua egiten da “gizon asko daude kontzientziatuta berdintasunaren alde lan egiteko eta hori lortzeko bidearen bilaren beharra daukatenak. Hala ere, bide hori beraiek egin behar dituzte”
Bestetik, emakumeen autodefentsa garatzeko baliabideak jarri behar zaizkie eskura. Horietako bat da autodefentsa feminista tailerretan parte hartzea.
 
Maskulinitate berriak eraikitzen laguntzeko baliabidea

Gizonduz ekimena 2008an sortu zen gizonak sexuen arteko berdintasunaren alde kontzientziatzeko eta beren parte-hartzea eta inplikazioa bultzatzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Emakundek-Emakumearen Euskal Erakundeak sustatua. Ekimenaren barruan gizonentzako berdintasunaren inguruko oinarrizko on-line sentsibilizazio-ikastarora eskaintzen da. Ikastaro honen bidez, gizonei berdintasunaren inguruan hausnarketa egitea proposatzen zaie: gizonen eta emakumeen nortasunak nola eraikitzen diren, genero-rol eta -estereotipoek zein eragin duten gure sozializazioan, eta beraz, desberdintasunak nola sortzen diren. Eredu maskulino tradizionalak ere aztertuko dituzte, baita eredu berriak ere, eta nortasun maskulinoak eraikitzerakoan indarkeria legitimatzeak zein eragin duen azpimarratuko dituzte. Hausnarketarako gai izango dira, halaber, norbere buruaren eta gainerako pertsonen zainketak gizonen bizitzan duen eragina eta etxeko lanetan dugun inplikazioa. Sozializazio sexistak gizonei sortzen dizkien genero-arazoak argitzen ere saiatuko dira.

 Indarkeria matxistak nire inguruan aztertuz
Indarkeria matxisten bila ibiliz gero, ez da zaila lagun eta familiakoen artean ere mikromatxismoak topatzea. Adibidez, emakume gehienek etxeko lana egiten dute eta seme-alaben ardura hartzen dute, gizonen rola laguntzailearena izanik, bikote gazteen kasuan gizonen inplikazioa handiagoa bada ere. Gatazkak izanez gero, isiluneak eta negoziaketa saihestea izaten da gizon batzuen jarrera.  
Ingurukoen pertzepzioa da indarkeria matxista badagoela baina emakumea fisikoki eta psikologikoki gaizki tratatzearekin identifikatzen dute; beste indarkeriak, mikromatxismoak, sexismoa,  LGTBIQ+ fobiak  ez dituzte  indarkeria matxistatzat hartzen.

Jendartean eta Ikastetxean lantzeko erronkak

  • Maitasun erromantikoaren mitoen eta ideologiaren deseraikitzea.
  • Mikromatxismoen identifikazioa eta salatu-gainditzeko esku hartzea.
  • LGTBQ+fobiak bistaratzea eta aniztasunaren ereduak baloratu, plazaratu eta normalizatzea.
  • Neskak eta mutilak, batez ere, emozioekin kontaktuan jartzea, onartu, bizi eta era positiboan kudeatzen ikas dezaten. 
  • Neskek eta mutilek, batez ere, duten erantzukizuna -bere buruekiko, ume-, gaixo-, nagusi-, laguntza behar duen ororekiko zein inguruarekiko- onartzeko eta konpetenteak izateko erremintak haien eskuetan jartzea baita espazio pribatu-domestikorako autonomia garatzeko behar dituztenak ere.
  • Mutilek ere indarkeria matxistaren aurkako jarrera aktiboa sustatzea.
  • Hezitzaileak indarkeriaren arazoaren dimentsioaz kontzientzia hartzea, esku-hartzearen eraginkortasunaz jabetzea, modu transbertsalean lantzea eta autodefentsa feminista tailerren eskaintza orokortzea.
  • Neskei begira beldurrik gabe zein beldurretik aske heztea, nahi duten bizitza eraiki eta askatasunez bizi eta gozatzeko.
  • Mutil eta neskekin, batez ere, autoestimua lantzea beren buruaren ezagutza gara dezaten eta dituzten gaitasunez eta hobetu daitekeenaz kontziente izan eta balora dezaten. Beren paregabetasunaz harro sentitzea, baita nahi dutena espresatzeko eta egiteko gai izatea ere. Autokonfiantza eta segurtasuna eraikitzea.
  • Neskekin burujabetasuna lantzea zenbait trebetasun eta eskubide landuz: “Ez” irmotasunez esateko ahalmena, hitza hartzekoa, espazioa betetzekoa, gustuko duen eran janztekoa, nahi duen moduan ibiltzekoa, pribatutasuna izatekoa, sexu harremanak izateko edo ez izatekoa, nahi duten eran eta nahi duenekin …
  • Emakumeen arteko elkartasunaren garapena lantzea: ahizpatasuna bultzatu, neska/emakumeen arteko desberdintasunak baloratuz, elkarri entzunez eta komuneko esparruak plazaratuz ahalduntze kolektiboa sustatu eta iruditeri berria indartzeko.
  • Erasoen identifikazioa lantzea, emozio eta sentipenei garrantzia ematea.
  • Erasoei aurre egiteko tresnak bereganatu eta martxan jartzea.
  • Fisikoki defendatzeko erremintak eskuratzea: bestelako estrategiak nahikoak ez direnean, defentsa fisikoa martxan jartzea beharrezkoa da.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina