2016/03/06

INDARKERIA MATXISTAK UKIGABEKO BOTEREAN DIRAU ...



... nahiz eta hitzetan ezetza jaso edo jendarteko legitimazioa krisian egon!

Ikusteko zailak direnak eta begi bistan antzeman daitezkeenak, sotilak zein esplizituak, denak izeberg androzentrista bereko osagaiak, denak indarkeria matxistak jasten dituen mozorroak. 

Izugarria da egunero baieztatzea emakumeok, soilik emakume jaiotzeagatik, etengabeko indarkeria jasan behar dugula, eremu guztietan pairatzen dugun indarkeria.
         
 Kontziente izan edo ez izan, inguratzen gaituen indarkeria, batzuetan irain itxura edo mikromatxismoarena hartzen duena, bestetan erailketaraino irits daitekeena.
                                             Atzo erahil ninduten

    Zoritxarrez, egunero topa dezakegu albisteren bat gai honekin erlazionatuta, eta askotan gertaera bezain izugarria edo larriagoa izaten da hedabideetako eta alor publikoetako arduradunek ematen dioten tratamendua.



Eta zer esan sare sozialetan feminismoaren alde agertzen diren emakumeek jasan behar dituzten mehatxuen inguruan?

Maila eta intentsitate ezberdinetan agertzen bada ere, sistema patriarkalaren adierazle bortitzena da indarkeria matxista, mundu osoan eta kultura guztietan jasan izan dugun eta sufritzen jarraitzen dugun zapalkuntza, berdin dela zein den dugun gaitasun ekonomiko, jakintza maila edo sinesmen mota.


   Genero estereotipoei eta maskulinitate eredu hegemonikoari estu lotutako indarkeria denez, emakumeen ezaugarriak agertzen dituen edota heterosexualitate  prototipotik zein genero dikotomiatik at bizi nahi duen beste edozeinei egiten die eraso.


Arazo politikoa den heinean, jendarte osoaren ardurapean dago bere desagerpena, Sivia Federicik dion bezala “beharrezkoa dugu … gizonezkoek ere borrokatzea. Gizonek zergatik ez dute emakumeen erasoen kontrako bortizkeriaren aurka fronte guztietan borrokatzen? Haiek dira beste gizon batzuk hezi behar dituztenak”. Gizon izateko beste modu batzuk sustatuz, pribilegioak identifikatzeko, onartzeko eta alboratzeko gai den eredu bat zabalduz, zapaltzaile izateko jasotako heziketa bertan behera utziz zaintza, elkartasuna eta sentiberatasunezko jarrerak aldarrikatzen dituen maskulinitate eredu berria. 





Botere harreman eta indarkeria justifikatzen dituzten mezuak irensten ditugu jaio eta genero femeninoa esleitzen diguten unetik, maitasun erromantikoa irudikatzea bultzatzen gaituen bitartean. Amelia Barquinek proposatzen duen ildotik, hau da, “tratatu zure umea intersexuala balitz bezala, berdin dio zein sexu egotzi dioten jaio denean” topa dezakegula korapilo honetatik askatzen hasteko giltza iruditzen zait. 



Garrantzirik gabeko erasorik ez dagoenez eta beldurrak generoa duenez, autodefentsa feminista izan daiteke indarkeria matxista gainditzen ikasteko ekimen garrantzitsuenetariko bat. 




 
 Eta gure ikastetxeetan, zer?

  • Izan beti presente hiztegi eta hizkuntza ez sexista erabiltzeko ahaleginak.
  • Praktikan landu maitasun erromantikoaren mitoen eta printze urdina protagonista duten ipuinen ideologiaren deseraikitzea.
  • Irakasleok indarkeriaren arazoak dituen dimentsioaz ohartzea eraginkortasunaz jarduteko egoera horiek gainditzearen alde, zeharka zein modu zuzenean landuz ikastetxean.
  • Eskola eremuan, helduen zein gaztetxoen artean eman daitezkeen mikromatxismoen identifikazioa jorratu ikasleekin, ondorengo eskuhartzea ahalik eta zabalena izan dadin saiatuz.
  • Ikasleei lagundu beraien buruaren ezagutza garatzen, autoestima, autokonfiantza eta segurtasuna eraikitzen joan daitezen, neskak bereziki.

  • Mutilekin jorratu ingurunetik jasotzen duten heziketak daramatzan indarkeria matxistaren ezaugarriak, horren aurkako jarrera aktiboa sustatzen ikas dezaten.
  • Neskei dagokienez, beldurrik gabe zein beldurretik aske heztea, nahi duten bizitza eraiki eta askatasunez bizi eta goza ahal izateko. Emakumeen arteko elkartasunaren garapena landu. (Gugandik hasi beharko dugu…)
¿Qué hombre es inmune a la inquietud que provoca la pregunta “tú eres un hombre, o qué”? 



 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina