2016/04/12

Hezkidetza gorputzean ta ibili munduan!

Hezkidetzan esku hartzen ikastaroaren helmugara iritsi gara, ibilbidearen 22 asteak apirilaren 8an bete eta 9an, opari gisa,  12.000 lagun feminista inguru elkartu ginen Gasteizen indarkeria matxisten aurka, "11 eraso, 12 erantzun. Feministok Prest!" lelopean. 

Itzelezko energia bildu zen larunbatean, mugimendu feministaren aniztasuna, koloreak, aldarrikapenak, amorruak eta poztasunak, aske bizitzeko eta gozatzeko emakumeen nahia eta eskubidea... plazaratu ziren. Arnastu ahal zen ahalduntze giroa, bai, ahal dugu, zein garrantzitsua kolektiboaren energia sentitzea!

Ikastaroan antzeko zerbait sentitu dut. Badakit egoera desberdina dela baina elkarrekin sukaldatu eta dastatu ditugun menu zabala, plater desberdinak, usain, kolore eta ñabardura anitzak... ezin hobeak iruditu zaizkit gu elikatzeko. 

Mila esker, bihotzez, norbera den moduan izateagatik, hezkidetzaren aldeko ekintzaile aktiboak izateagatik, egin dituzuen ekarpen aberatsengatik, denon arteko elkarrekintzengatik... eta zuekin batera ikasi dudan guztiagatik. Ilusioz beterik hasi nintzen proiektu honetan eta energiaz beterik amaitzen dut zuei guztioi esker, ikasle eta irakasle lan taldea. Plazer bat izan da!!!

Zorionak egindako bideagatik! Hau ez da agurra, beste pauso bat egin dugu eta ibiltzen jarraituko dugu, nork bere inguruan eta beti ere kideen arteko sareak mantenduz (aurrez aurre edota sareetan, ikastarokideekin zein HezkEH guneak gurekin konpartitzen dutenekin), funtsezkoa baita energiak mantentzeko.

Eta oroitu, hezkidetza lanean (eta bizitzan) zaintza (norbera eta besteena), umorea eta plazerra erdigunean jarri.

Bizitzak hezkidetza-arrakasta ugari ekar diezazkigula! 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina