2016/10/04

NIRE AURKEZPENA (ANE AZURMENDI)

Askotan ez da erraza zeure buruaz hitz egitea, orduak ematen ditugu, hau honelakoa da... Honek hori hobetu behar luke eta hura beste hontan oso ona da esaten, argudiatzen... Batez ere, guk irakasleok. Eta ausartuko naiz esaten nire zazpi urteko esperientzi honetan, ikusi/entzun/esan dudanean oinarrituta, gehiago izaten direla kritikak eta kexak entzun/esan ditudanak, ikasleen ezaugarri onak goraipatu beharrean... Eta hori da, hain zuzen ere, ni hemen egotearen arrazoietako bat. Urtetik urtera gero eta nazkatuagoa nago ezaugarri on horiek guztiek ezkutatzen dituen hezkuntza sistema honetan lanean; eta horrek eraman nau, formatzera, eta ikaskuntza prozesuak beste modu batera egin daitezkeenaren uste zintzora, eta norbanakoen desberdintasunak areriotzat dituen sistema honen aurrean beste “zerbait” eraikitzeko gogora.


Nik kolorinetakoa naizela esango nuke. Gorria eta morea naizela esatea gustatuko balitzait ere... Batzuetan marroia eta grisa naiz eta beste batzuetan arrosa eta horia. Zuria baita ere, nahiz eta hori oso gutxitan gertatzen zaidala esatera ausartuko naizen... Oso espresiboa naizela baitiote ezagutzen nautenek. Eta egia esan, askotan izan ditut arazoak gehiegitan pentsatzen dudana esaten dudalako eta ez beti behar lukeen modu onean. Hala ere, normalean, alaia izaten naiz, haserretzen eta tristetzen ez naizenetan behintzat. Eta nire ezaugarrietan, nire bizitzaren garapenean garrantzia handiena izan duena LOTSATIA esango nuke. Duela 15 urte inolaz ere, ez nintzateke ausartuko hemen, nitaz hainbeste eta hain garden idaztera. Baina, kontuak nola diren, barne lanketa bidez eta batez ere, ni bezain lotsatia zen lagun baten laguntzaz lotsa asko eta asko gainditu ditut. Beste batzuk ez ordea. Bizitza luzea izatea espero dut eta bidean gainditzen jarraitu behar... 


Animalia bat banintz ere arazo bera nuke... Ezin batekin konformatu, eta erreflexio honek beste ezaugarri batera nakar, nahita ez, inkonformista naiz, jaiotzez... Edo gogoan dudanetik behintzat... Txoria izatea maiteko nuke, oso gaizki kantatzen dudan arren. Hegan egitea gustoko baitut. Taldean egoten diren animalia bat ere izango nintzateke, taldearen babesa eta konpainia zalea bainaiz, ardia edo behia esaterako. Talde hauetan, segurtasuna bilatu ohi dut eta horretarako guztiek begirunea eta enpatia izatea eskertzen dut eta ni ere hori ematen saiatzen naiz Eta batzutan, astoa, oso baldarra eta burugogorra izateko joera dudalako... Baina, nik txoria nahiago dut, hegaztia, bidaiatzea deskubritu nuenetik, bidaiek bakarrik ematen didaten askatasunaren menpe nagoelako, nire bizitzatik ihes egitea gustoko dudalako, gero pozik atzera itzultzeko. Edo, bizitza beste perspektiba batzuetatik ikusteko. 




Eta, idaztea gustoko dut, berehala sekulako zurrunbilotan sartzen naiz eta neure burua askatzeko beti bidaiatzen aritzerik ez dudanez, idazteak eramaten nau, bai barrura eta baita oso urrutira ere. Eta batzutan, nire koadernoek laguntzen ez nautenean, musika dantzagarria jartzen dut etxeko ordenagailuan eta bakarrik dantza egiten dut edo kantautore tristeren bat jartzen dut negar egiteko premia dudanean eta zergatik ari naizen ez dakidanean. Edozerekin hunkitzeko gai naizen egun horietan. 

Orain, ikasten jarraitu nahi dut eta irakasle lana utzi nahi dut eta proiektu berri batean hasi nahi dut, sinesten dudan zerbaitetan lanean, gustoko dudan zerbaitetan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina