2016/10/08

NIRE AURKEZPENA (Uxana Agirresarobe Urdanpilleta)



Kaixo ikaskide, irakasle eta sarean txipli txapla zabiltzan oro!

Uxana Agirresarobe Urdanpilleta (luzeegiak baina amarena ezin ahaztu!) dut izena eta ezkerraldetik datorren sorgin feministetako bat bezala defini naiteke! zehazki Santurtzitik, itsaso eta fabrikaz inguratutako herri-hiri anitz batetik.



Ahalduntze ariketatxo hau egiteko pare bat aldiz pentsatu behar izan dut, lotsaren atzaparrek harrapatu nahi izan nautelako. Pentsa! twitterren edo sarean izan ditzakedan kontuetan izen ordeak erabiltzen ditut! Ba zer esan barrenak hemen botatzeaz...

Hala ere, aurrera! ezintasun edo argi ilunen artean dantzatzeak askatu egiten bainau. 


Ikasketa edo lan ibilbideari begiradatxo bat bota beharko banio ez dakit nola iritsi naizen egun nagoen urrats honetara. Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen eta horren bitartez komunikazioaren indarraz eta irudiaren lengoaiaz gozatzeko aukera barneratu nuen. Honek danak lanpostu ez prekariorik ez zidan eman baina, bai bizitzari begiratzeko modu zoragarria.

Jarraian zorte bilatuari esker hezkuntza ez-formalean aritu, hezitu eta marabilatu nintzen. Hamaika osagai desberdin eta goxo zituen lapiko ederraz elikatu ahal izan nintzen. Hona hemen horietako batzuk: hezkuntza, euskara, gizartea, aniztasuna, kulturartekotasuna, jolasa, pertsona txiki handiez inguratuta ikasi nuen guztia, emozioak, eskola, inklusibitatea... Bizitzaren motxilatxoan, abenturaz betetako 7 urte hauetan, sartu ahal izan ditudan tresnetako batzuk dira hauek baina zerrenda bukaezina da.

Bizitzaren bizikletari eragiten jarraituta barnean hainbat, nahi, kuriositate eta gogo nituen, ondorioz, norberari entzun eta Berdintasun Teknikaria izateko masterra egitera animatu nintzen. Hura bai urtea! gertuko eta urruneko lagunak, sare desberdinak, familiakoak... denak aztoratu nituen! ezin eutsi barnean mugiarazten ari zitzaidan guzti horri. 

Bizitakoari esker beste etapatxo batean murgiltzera animatu naiz eta mundu honetan gehiago sakondu nahian, zuekin batera, hezkidetzako ikastaroa egitera nator. Elkarrekin elikatu, zaindu, gozatu, dantzatu, jantzi eta jolasteko eskuak zabalik ditut.

Maite dut arakatzea, sakontzea, hausnartzea eta prozesuaz gozatzea. Baina batzuetan, lotsek, segurtasun ezek edota exigentziek trabatu egiten naute. Pazientzia eskatzen dizuet beraz, egun guztiak ez baitira berdinak. 

Kolore edo animali bat aukeratzea zaila egiten zait, egoerek, testuinguruak edo egunak berak bat edo beste hautatzera eramaten nautelako eta nire iritziz maila batean edo bestean denak barnean daramatzagulako. Baina gaurko egunean, Koala aukeratzeko gogoa dut, goxotasunaren eta besarkada sakonen irudikapena birgogoratzen didalako. Eta aste honetan kolore bat aukeratzekotan beltza aukeratuko nuke, egunotan indartsu sentitu baitut. Milaka emakume Poloniarrek greba edo astelehen beltza ekintza aurrera eramanez, abortuaren kontrako legeari hortzak erakutsi dizkiotelako (Polish #BlackMonday)

Musikaren mundu anitzean ezin bat aukeratu, emozioen arabera ematen baitiot play-ari, klasikoak, jazza, batukadak, rocka... azkenaldian: lasaitzeko eta barrura begiratzeko pianoa barnean duten kantak eta animatzeko edota dantzatzeko danborrez eta erritmo biziez betetako kantak. 

Bukatzeko aurrekoan bideotxo bat begiratzen kolpean geratu zitzaidan esaldia elkartrukatu nahiko nuke, ingelesez zen eta gutxi gora behera hauxe zioen “ boteredunek diote hezkuntzari erreparatuta soilik biztanleriaren %20 bati bakarrik jartzen diogula arreta eta ondorioz ez duela hainbesterainoko garrantzirik,  baina, ezin dugu ahaztu kopuru horixe bera gure etorkizunaren %100 dela, beraz, zaindu  eta eraberritu dezagun, premiazkoa baita.“ 




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina