2016/11/14

FEMINISTA IZATEA BETI AL DA EROSO?










 Feminismoa nire bizitzara militantziaren eskutik heldu zen. Gazte eta ikasle mugimenduetan murgildurik, gure buruak ezkertiartzat bagenituen halabeharrez feminismoaren aldekoak ginela argi genuen, feminismoa zer zen argi izan gabe, ordea. Hamasei urterekin ez nekien nik feminismoa zehazki zeri deitzen zitzaion.  Eta barren barrenean, lehenengo urte haietan, nire burua feministatzat hartzea KOSTATZEN ZITZAIDALA onartu behar dut. Ez jakina nintzen, oso. Baina gainera, ez nintzen eroso sentitzen ‘etiketa’ horrekin. Feminista al zara? Galdera hori jasoz gero, ez nuen argi izaten erantzuna. Nire barrua nahastu egiten zen. Sentsazio hori gogoratzen dut. Berdintasunaren alde nengoela banuen oso argi. Baina feminismoa berdintasun horretatik at beste nonbait kokatzen zen zerbait zela sumatzen nuen. Orain badakit nire militante kide gizonek irribarrez botatzen zituzten purrustadek niregan  eta emakume askorengan eragina izan zutela. Euren artean onartua izateko, ez genuen feministak izan behar. Feministak erpin batean omen zeuden. Emakumezkoaren defentsa egiten zuten, soilik. Feminismoa, niretzat, ez zen erosoa, beraz. Beste askorentzat ere ez. Hobe berdintasuna defendatu baina etiketarik gabe. Emakumea, militantea eta berdintasunaren aldekoa, erabat. Baina nire burua feministatzat izan gabe.

Nire urruntasun horri ez zion laguntzen hainbat feministaren jarrerak. Mugimendu oro pertsonez osatua dago, errebindikazioak gidatzen dituzten buru eta gorputzak. Eta garai hartan, bederen, nire herriko feministek modu jakin batean janzten ziren; ileak besapean, morez, eta harrokeri puntu batekin beste emakume askorekiko. Emakumeen arteko lehia pizten zen (a ze gaitza, gurea, gure arteko zikoizkeria!!!), mutilen aurrean. Sexu-askatasunari begira ere jarrera nabarmenagoak zituzten eta garai hartan horrek talka egiten zuen askoren moral kristau ezkutuarekin. Ez zen erraza mugimenduarekin identifikatzea. Tribua ematen zuen, GHETTOA. Eta hori beste mugimendu askorekin gertatu izan da maiz. Behintzat nik barrutik ezagutu ditudanetan, batez ere, herri mailan. Barrura asko begira egon eta, gero, errebindikazioa sozializatzeko momentuan labur geratu, urrun. Ezin jendearekin konektatu. Pankartaren atzean jarri, betiko mezu panfleteroekin eta txapa eman besteak gureaz konbentzitu nahian. Besteak epaituz. Gurea goratzeko. Askotan militantzia taldeak frustrazio pertsonalez blai daude pertsonek osatzen dituzte. Ezer ere ez da purua. Idealizazioa ez da komenigarria, feministen taldeetan ere ez. Feminista asko ezagutu ditut nire bizitzan zehar eta ez ditut denen diskurtsoak modu berean atsegin. Bakoitzak badu feminismoa ulertzeko eta integratzeko modu bat, ezberdina. Eta batzuk nirekin gehiago konektatu dute beste batzuk baino. Morea ez da inoiz nire gustuko kolorea izan eta dena morez dago beti margotua.











 



Orain FEMINISTA NAIZELA lasai asko aitortzen dut. Gustura. Pozik. Lasai. Eroso.

 





Eta Unibertsitatean irakasle naizenez gero, Zuzenbide Fakultatean, baditut hainbat gai lantzeko nire irakasgaietan:

  1. Amatasun subrogatua (vientres de alquiler delakoen afera)
  2. Prostituzioa
  3. Zaintza partekatua
  4. Transexualitatea, mugimendu transgeneroa
  5. Alardeak (Irun eta Hondarribia)

Feminismoak eragin dizkidan lau EKARPEN positibo:

  1. Askeago sentiarazten nau, genero kontzientzia izateak. Adi nago, hurbileko betaurrekoak jarrita. Koloretakoak dira, ez dira beti moreak. Behatzea atsegin dut. Nire barruan batez ere. Nire kontraesanak harrapatzea (nire semea ez dut gona batekin jantziko berak eskatzen ez badit!). Nire curriculum ezkutua. Nire seme-alabekin adi nago. Nire lanean, etxean, kalean. Begiak zabalik.
  2. Orekatuagoa sentitzen naiz, harremanetan batez ere. Banoa nire emakume onaren pertsonaia alboratzen. Oso gutxika, hala ere. Astiro. Beste guztien espektatibak betetzen eta asetzen dituen pertsonaia hori urtetan sukaldatu dut, eta orain itsatsia dut.
  3. Formatuagoa, eta beraz, ekintzaileagoa. Argudio gehiagorekin, ideiekin, hausnarketa eta diskurtso osoagoarekin, oraindik asko ikasi behar badut ere.
  4. Su gehiago daukat, amorrua emakumeok pairatzen dugun sufrimendu basatiarekin. Haserre nago. Eta hori motorra izaten da niretzat.

Iazko ekarpena: FEMINISMO GUZTIAK BESARKA DITZAGUN, ISABEL CASARES http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2015/11/feminismo-guztiak-besarka-ditzagun.html. Ondo antolatua, garbia, erakargarria. Bideoak txertatuak, diskurtso koherentea eta berezko ekarpenak. Batez ere maskulinitate berrien kontua, interesgarria.

Emakume feminista bat: MALALA YOUSAFZAI

 Resultado de imagen de malala yousafzai



Hona Nazio Batuetan emandako diskurtsoa, Pakistaneko emakumeen hezkuntzarako eskubidea aldarrikatzen.


ETIKETAK: #leitxu, feminismoa

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina