Agerikoa da, itxuran berdintasunaren aldekoa den arrazoibidea erakusten badu ere, eskolak ez duela berdintasunean hezten. Kontzienteki hezkidetzailea den planteamendu batetik esku hartu ezean, eskolak gainerako botere sozialek erreproduzitzen dituzten genero-estereotipo sexista berak hedatuko ditu.
Hezkuntza-sistema hezkidetzailearen ardatz bat izango da ikasleek harremanak era parekidean eraikitzeko konpetentziak gara ditzaten laguntzea, honako hau sustatzeko:
● Indarkerian eta dominazio-mendetasun
parametroetan oinarrituriko pertsona barruko zein pertsonen arteko harremanak
bultzatzen dituzten ereduen analisi kritikoa.
● Elkarbizitza eta pertsona barruko zein
pertsonen arteko harreman positiboen eraikuntza.
ELKARBIZITZA POSITIBOA
ETA KALITATEZKOA HEZKUNTZA-KOMUNITATEETAN
Hezkuntza-eremuan elkarbizitza positiboaren bidez lortzen duena:
● Eskolako komunitate-kide bakoitza bere
identitatearekin gustura egotea, beste batzuk gutxiesteko beharrik gabe, diren
bezalakoak onartuak sentitzea, gainerakoak baloratzea, gaitasunak eta
konpetentziak garatzea eta, bazterkeria mota oro gaindituz, harreman positibo
eta autonomoak eskola barruan zein kanpoan eratzea.
● Neska zein mutil-ikasleen konpetentziak pertsona
osoak bezala garatzea, eremu pribatu zein publikoan erraztasunez moldatzen
direnak, hauen garapen pertsonal eta soziala paraleloan sustatuz, bizi-proiektu
propiodun pertsonak izatea, hartuemanetan berdintasunez, elkartasunez eta
askatasunez aritzen direnak, gure munduaren hobekuntzaren aldeko konpromisoa
erakutsi eta esku hartzeko prest agertzen direnak.
Kalitatezko elkarbizitzak
ondoko hau eraikitzea sustatzen du:
● Eskolakide guztien ongizatean oinarrituriko
kultura.
● Maila guztietan (antolakuntzan,
denboralizazioan, komunikazioan, curriculumari dagokionean …)
dominazio-menekotasun paradigmaren erreprodukzioa gainditzen duen
hezkuntza-zentroaren estruktura, honek estereotipoen etengabeko sustapena
bultzatzen baitu (sexu-generoa, etnia, kultura, maila sozioekonomikoa,
ezaugarri fisiko-psikikoak, aukera sexuala...)
● Nor bere buruarekin zein besteekin harreman
positibo eta aberasgarriak.
● Elkarren arteko arduran eta inguruaren
eraldatze zein hobekuntzan konpromiso pertsonal eta sozialean oinarrituriko
harremanak.
● Bake eta indarkeria-eza kultura.
Pepa Bojo psikologoak dioen bezala “berrikusi
egin behar da maitasun erromantikoaren mitoa; bai hezkuntzan, bai emakume taldeetan,
etab. … Orain maitemintzen diren gazteek zaharkituta dauden maitasunaren
inguruko usteek eragiten dituzten jokabideak dituzte, duela mendeetako
maitasunean sinesten dutelako. Horixe da jeloskorkeriaren kasua, maitasunarekin
nahasten baita.
Mari Luz Estebanen hitzetan “gizakia ikusteko
modu bat da, baina, horretaz gain, ordena ekonomiko, politiko eta sozial bat
ere bada, gizartea antolatzeko modu bat: elkarbizitza, taldeak, gizon eta
emakumeen arteko harremanak, helduen eta umeen arteko harremanak, hezkuntza,
sozializazioa … Hau da, bizitzeko modu bat da, eta hor erdian daude emozioak
eta maitasuna. Beraz, ez da bakarrik amodio erromantikoa eta bikotea, gehiago
da.
ERANTZUNKIDETASUNA edo ELKAR
ARDURA
Amaia Perez Orozkok dioen moduan kontua ez da
indibidualismoaren ideala apurtzea interdependentzia eraikitzeko, baizik eta
indibidualismoaren ideala apurtu behar dugu, hain zuzen, jarrera horrek ukatu
egiten duelako interdependentzia daukagula.
Zaintzak kutsu negatiboa duela uste da, hitzak
berak “zama” adierazten du, inork bere gain hartu nahi ez duen zerbait izatera
bihurtu arte. Ideia honi buelta ematea ezinbestekoa da, balio positiboa eman,
eta zaintzarik ezean guztiok hil egingo ginatekeela transmititu.
Hezkuntzaren erdigunean zaintza jartzea proposatzen
dute, baina zer gertatuko litzateke kasu horretan? Baglietto eta Mendizabalen
aburuz, gaur egungo hezkuntzak emaitzetan oinarritutako ikasteko modua
lehenesten du eta badakite eurek bultzatu nahi duten ereduak –zaintza
erdigunean jarriz– talka egingo lukeela sistema horrekin.
Zaintza hezkuntzaren erdigunean jartzeko
formula magikorik ez dagoen arren, hasteko eta behin, pertsona bere osotasunean
begiratu beharko litzateke, eta bigarrenik, norberak nahiz besteek izan
ditzaketen aurreiritziak identifikatzen eta pertsonaren identitatearen inguruan
sortzen diren estereotipoen inguruan kontzientzia hartzen saiatu, eta baita
pertsonei arreta eskaintzen ere.