2016/11/19

Kaleak eta jaiak gureak ere badirelako!


Tradizioa pisua haundiko hitza dugu. Besteak beste, esanahia, identitatea edo jatorria dira tradizioari lotzen dizkiogun esangurak. Eta tradizioak emanda, jaiak eta ospakizunak ditugu: gure izaeraren jatorria eta historiari lotuta doazenak. Finean, jaiak eta ospakizunak ez dira gizartean ematen diren eszenifikazio soilak, kultura-adierazpen sendoak ere badira, aurreko edizioan esan zen bezela.

Jaiak eta ospakizunak gizartearen isla dira. Ospatzen ditugun usadioak nundik datozen eta zergatik ospatzen ditugun erreparatu behar genuke. Ohituren arriskua hori baita: ahanztea nundik datorren ospatzen duguna, eta gure jatorria. Gure jatorria garrantzitsua den era berean, nora joan nahi dugun ere, ahaztu ezin dugun jomuga da, baita jaietan ere. Horregatik, eta Argiako dokumentalean behin baina gehiagotan esaten den moduan, jaiek ezinbestekoa dute eguneratzea, gizartera eta bertan bizi den jendartera moldatzea, denboran iraun behar badute. Moldatzea, eraldatzea izango da jaiak iraunarazteko gakoa.

Halere, oraindik argumentu sendoa izan ohi da 'horrela egin izan dugu beti', pentsakera honek aurreratzea, progresatzea galarazten du, determinismora kondenatu eta aldarrikatu diren eskubideak jaietan txertatzea eragotziz edo zailduz.

Argiako dokumentalean esaten den bezala, tradizioaren izenean, giza-eskubide asko ukatzen dira egunero egunero. 'Dantza demokratizatu egin beharko genuke, erreferentzia irekiagoak sartu, beldur barik' hala dio Kriskitina dantza taldeko Marisa Barrenak. Aipu honek ezin du arrazoi gehiago eduki beregan. Jaiak ere jardun politikoak dira, aldarrikapenez beteak, eta jaietan denok goza dezagun, ezin dugu 'hau beti horrela egin izan da eta beraz, horrela egiten jarraituko dugu' argumentuaren atzean ezkutatzen jarraitu. Ene ustetan, hau progresioa ukatzen digun aitzakia hutsa da.

Jaiak dinamikoak izan behar duten era berean, patriarkatua ere dinamikoa da (patriarkatua azkarra da, eta bereahala aurkituko du bizirauten jarraitzeko modurik); garai berrietara moldatu egiten da, opresio edo zapalkuntza modu berriak aurkituz bere egitura mantentzeko. Hau da, oinarrian patriarkatuaren balore berberak badaude ere, - zapalkuntza, mendekotasuna, botere harremanak, diskriminazioa, etekina, dirua, norma-, oinarri horien adierazpenak ezberdin gauzatuko dira gizarte batean ala bestean, garai batean ala bestean. Hala, feminismoak egindako aldarrikapenak ere bereganatzeko estrategia erabiliko du, aldarrikapen askatzaileei buelta eman eta bere onurarako erabiliaz. Tranpa hontan kokatuko genuke, esaterako, Amaren eguna delako ospakizuna.


Hori guztia kontuan izanik, hausnarketan aipatu ditudan eta astean zehar egindako ideia garrantzitsuen akrostikoa honakoa dugu:



Pasa den edizioko ekarpenetatik bat hautatu behar ezkero, hainbat ekarpen kuxkuxeatzen ibili ondoren eta haiek proposatutakoak erabili ondoren, oso interesgarria iruditu zait hurrengo hau:

Bukatzeko, jaiak eta ospakizunak hezkidetzaren ikuspuntutik lantzeko baliabideren bat aipatze aldera, esanguratsua iruditzen zait uda hontan Euskal Herri mailan jaietan ematen diren eraso matxistei erantzun sendoa emateko sortu den mugimendu feminista: autodefentsa feminista oinarri hartuta, jai guztietan (salatu edo ez) beti ematen diren erasoen aurrean defendatzeko daukagun eskubidea guztiz legitimoa dela aldarrikatzen duena, eta ahizpatasuna, emakume, trans, bolleren arteko elkartasuna, aliantza eta konplizitatea bide dituena.



Lemak dioena, 'beldurra aldez aldatuko da', benetan gorpuztu ez den arren (eraso bat ematean, oraindik, askok duen jarrera indiferentea ikusita), nahiz eta beldurra aldez aldatuz ez, emakume, bollera, trans eta abarroi ahalduntzeko balio izan diguna. Beldurra ez ezik, erantzunkizuna ere aldez aldatu behar dela aldarrikatzen baitugu. Iada aurrez Lujanbioren ekarpena entzun dugun arren, berriro dakarkit, jai eta ospakizunen gaietarako ere, oso aproposa dugulako.


Jarraian, jaiak ikuspegi feministatik aldarrikatzen dituzten erreferentzi batzuk:



Ezin badut dantza egin, hau ez da nire iraultza!”
[Emma Goldman]


Gora ligoteo sanoa!

Deustuko Talde Feministak egindako bidio bat:

Matxote kontuz ibili!:










2016/11/18

Festak: kultura adierazpen sendoak

Argi dago, historia eta festen arteko loturak, emakumeen parte-hartzea baldintzatu duela ospakizun zein jaietan. Antropologia feministak esaten duen lez; festak eta ospakizunak ez dira gizartean ematen diren eszenifikazio soilak, kultura-adierazpen sendoak ere badira.  

Azken finean, komunitate batek bere burua kobratzeko egiten duen ekitaldi sortak dira. Beraien burua or islatzen dute, beraien idealak. Horregatik nahiz eta itxuran ez eman harren oso serioak dira. Ondo pasatzea ez da nahikoa, sustrai kulturak ere aztertu behar dira. Beraz, badugu zer aldatu, zer hausnartu, androzentrismoak indarra hartu duen jai ereduetan,


Hori guztia aintzat izanik, hona hemen astean zehar jorraturiko ideia garrantzitsuen akrostikoa


Iazko ikastarokideen ekarpenak kontuan izaik, ondorengoa hautatuko nuke: lhttp://hezkeh0506.blogspot.com.es/2015/11/jaiak-guztionak-guztiontzat.html

Izan ere guztiz bat nator berak aipatzen duen ideia batekin; festen inguruan sortzen diren polemikek jendartean sor edo estalia dauden beste gatazka batzuk simulatzen dituzte. Beraz nork agintzen du, tradizioak edo gizarteak?  “ Beti horrela egin izan delako. Inoiz ez delako horrela egin.” Argudio horiek aitzakia gisa erabiliz, emakumeei ate asko itxi zaizkie jaietako egitarauetan. Eremu publikorako sarrera oztopatuz.  Horrez gain ideia hau ere azpimarratu nahiko nuke: jaiak jendeartearen isla diren bezala, gendarteak jaiak agiten dituela ulertu behar da.

Jaiak eta ospakizunak hezkidetzaren ikuspuntutik lantzeko,  lehenik eta behin kontuan izan behar duguna da tradizioa kontzeptu dinamikoa dela; hau da, aldatzeak aukera ematen diola irautera, bidea egitera. Azkenean, erabat aldatzen ez dena galdu egiten da. Beraz, ekin diezaiogun!
  •  Festak jaialdi erlijiosoekin ez lotzea.
  •  Hipersexualizazioa kontuan hartzea; kirolak, dantzak, abestiak …
  •  Euskal kultura, zein ohiturak berrirakurtzea, betaurreko moreak jantzi eta jendartearen beharrizan eta errealitateei egokitu.
  •  Androzentrismoaren gaineko hausnarketa; gizonezkoa erdigunean.
  • Euskarri materialak: liburu, filma jolas eta jostailu ez sexistak aukeratzearen ezinbesteko beharra. Bestelako errealitate, kultura eta harremanak eraikitzeko.
  •  Teknologiaren presentzia ere aztertu. Euskarri oso garrantzitsua ideiak mundu osoan islatzeko.
  •   Egun moreak txertatzea, egun horiek jendartean zabaltzea.
  •    Hezitzaileok eredu izatea, esaten eta egiten dugunarekin.



Goiko baliabideak kontuan izanik, eremu hezitzaileetan lantzeko erronkei erreparatuz, argi eta gabi da, beste eredu batzuen beharra dagoela. Dagoeneko ospatzen diren jaiak ikuspuntu hezkidetzailetik, hausnartuz eta proposamen berriak eraikiz. Horrek ez du esan nahi, tokian tokiko ospakizunei garrantzia kendu behar zaienik, baina bai, prestakuntza eta diseinuak hausnarketarako erabili. Zer transmititu nahi dugu? Nola? Zer zainduko dugu?

Beraz, erronka handia da. Eta erronka horiek, jakina, komunitatea osatzen duten kide ororen inplikazioa, hausnarketa eta parte-hartzea eskatuko du. Hezkuntza parekidearen alde, begirada hezkidetzailea garatzeko. Kalea guztiona da, goza dezagun!!

Jarraian zenbait euskarri interesgarri usten ditut:







2016/11/16

Jai eredu baztertzaileei traizio egiteko irrikitan!


Jaien eremua zabala da, gaiarengatik, okupatzen diren espazioengatik, antolakuntzarengatik, tradizioengatik, eredu sinbolikoengatik, tamalez gertatzen diren eraso sexistengatik e.a. Beraz, nondik hasi! Ikuspegi feminista leku guztietan txertatzetik.


Hasteko ezinbestekoa da JAIek gure bizitzan duten garrantzia mahaiaren gainean jartzea. Ez dira egunerokotasunetik eskapatzeko aukera soila, eduki sinbolikoa duten jendarte eta kultur adierazpenak diren heinean oinarri horiek aztertu eta parekidea ez dena eraldatu egin behar dugu. Gizarte eredua jaien errealitatean txertatzen da, hau da eredu hegemoniko eta androzentrikoa bertan sartua dugu.

Beraz, gozatzeko aukera bezala aurkezten zaizkigun errituak aztertu eta birdefinitzea da gure lana, eremu hezitzaileetan, kaleetan eta edozein plazetan.




Errituak behar ditugu gizarteratzeko baina, edozerk ez du plazara ateratzeko aukera izan behar. Proposamenak, moduak eta errepikatzen diren rolak: anitzak, integratzaileak eta zainduak izateko edozein jaien erroa landu egin behar dugu eta antolaketa guztia prozesu eraikitzaile baten barnean sartu. Bestela hanka motz geratzeko aukera izango dugu, eta horrek bazterketa bultzatzera eraman gaitzake.



Guzti honetaz gozatzeko aukera paregabea dugu, antolatzen ditugun jaiak kontzienteki planifikatzen baditugu dauden estereotipoak aztertzeko eta eraldatzeko aukera izango dugulako. Eta bidean,
  • musikaren mezu indartsu eta ez sexistekin dantzatu eta abesteko aukera badugu
  • mozorrotzearen aukeraz estereotipoen eraldaketa lortzen badugu eta performance indartsu batekin kaleak gure egiten baditugu
  • inguruko eskenan dauden emakume artisten lanak ezagutzen baditugu
  • emakumeak erdigunean jarrita kirola egiteko tartea hartzen badugu soinean dugun motxila endorfina-karameluz betez
  • harreman berri, anitzak eta errespetuz betekoak bizitzen baditugu
  • espazio askatzaile eta ez sexistak bermatzen baditugu 
...zerk mugatzen gaitu?


Bilgune feministaren manifestuak dioen moduan (Herri jai feministak 2015, Nik erabaki guk gozatu!) jaietako indar sortzailea erabili eta jai eredu askatzaileak praktikara eramateko aukera izango dugu.

Jaietan ere, espazioa gure egiteko moduak bilatu behar ditugu eta horren adibide iaz Santurtziko jaietan jarri ziren kartelak, beste hainbat ekimenen artean hau ere barnean egon zen.



Irakurketen eta interneten nabigatzearen ondorio da azpian duzuen akrostikoa. Jai parekideak horrela eraiki nahi ditut sinbolikoki buruan.



Jaiak eta ospakizunak hezkidetzaren ikuspuntutik lantzeko baliabide hauek arakatu ditut lana egiterako orduan, jarraian dituzue batzuk:


Argia aldizkariaren, Ez da kasualitatea artikulua: http://www.argia.eus/argia-astekaria/2356/ez-da-kasualitatea



Azkenik eremu hezitzailean jaien aurrean izan ditzakegun erronkak hauek izan daitezke:


+ Androzentrismoa oinarri duten jai tradizioak eraldatzea, eredua birpentsatuz.
Eskena publikoan emakumeen taularatzea bultzatzea: bertsolariak, musikariak, antzerkigileak, zinemagileak etabar. Eredua zalantzan jartzen duten obrak aurkitu eta zabaltzeko aukera izango dugu horrela.
+ Jai batzordeetan edo antolatzen diren guneetan parte–hartu, alternatibak eskainiz, lanketa sakona eginez...
+ Jai ospakizun tradizionalen aurrean betaurreko moreak atera eta aztertu, alternatibak eskainiz. Dugun ereduari kritika egin ostean alternatibak planteatu behar ditugu, eraikitzea baita azken helburua.
+ Eraso sexisten kontrako protokoloak eratu jai batzordeekin batera, prozesu luzeak eta mintegiak aurrera eramanez.




 Jatorrak
 Askeak
 Indartsuak

  Parekideak
  Alaiak
kRitikoak
  Eraikitzaileak
  Kalekoak
  I raultzaileak
  Denonak
  Eraldatzen direnak
  Ausartak
  Komunikatzaileak

Ezagutzen duguna zalantzan jarri eta JAI PAREKIDEAK eraiki behar ditugu. Oso garrantzitsua iruditzen zait nahiko zabalduta dagoen ohitura ezin aldakor horien gainean ahalik eta aldaketa gehien egiten hastea. Atzera joz, eta benetan, atzera jota zer egiten zen aztertuz eta gaurkora moldatuz. Jai askeak eraikiz. Egunerokotik "ihes" egiteko lagungarri zaizkigun jai hauek guztiak, egunerokoan borrokatzen dugun mundu aske eta parekideagoaren isla izan daitezela. Eredu bilaka ditzagun eta emozietatik askatasunez ongi pasatzen ikas dezagun. Horren errotuta ditugun patriarkatuaren jaiak irauli behar ditugu badugu nondik hasi edo jarraitu lanean. 
Ikastetxeetan ospatzen ditugun jaietan beste eredu batzuk eraikitzen hasi beharko ginateke, dagoeneko ospatzen diren jaiak ikuspuntu feministatik berdiseinatuz eta berriak sortuz. Tokian tokiko ospakizunei garrantzia emanez eta prestakuntza eta diseinu garaiak hasunarketarako erabiliz. Prozesu guztia eraikitzailea eta parekidea izatea bermatuz. 

2016/11/15

Feminismoari buruz...

Zertan hobetu du feminismoak zure bizitza?
Galdera litzake, zertan ez do hobeto nire bizitza feminismoak?
Mundua irakurtzeko modua aldatu dut, munduan egoteko eta kokatzeko modua ere bai. Nere buruaren jabe ni naizela ikasi dut. Autoestimuan hobetu dut. Nire gorputza, den bezelakoa, maitatzen ikasi dut. Kontatu diguten 'egia patriarkala eta androzentrikoa', matxista eta misoginoa, irentsi nuen, eta egia hori dena desikastea, bide gogorra bezain polita ari da izaten. Arazo pertsonalak ziruditenak, kolektiboak direla ikusi dut, eta kolektibizatu behar ditugula ikasi, interdependienteak garela bata bestearekiko, eta beraz, ingurukoen beharra daukagula. Ikusi dut, patriarkatuan denok garela umezurtz.

Irantzu Varela: el tornillo 'LO PERSONAL ES POLÍTICO'




> Hezitzaile gisa, hurrengo urteetan jorratu edo sakondu nahi (eta behar) nituzkeen gaiak hauek dira:
Ekonomia feminista eta zaintzen iraultza (Astrid Agenjo); maskulinitate eredu berriak edo alternatiboak; Interdepentzia eta ahultasuna bizitzaren erdigunean jartzea (Judith Butler).


>Nire kuttunak diren bertso  sorta batzuk:

Uxue Alberdik idatzitako bertso hauek azaroak 25erako sortuan izan baziren ere, egunerokorako balio digutelako:
ARRAINAK ETA BIZIKLETAK
Azaroak 25
eskailera ditu igo:
eraso gehiagorik ez!”
aditu dugu berriro.
Egunkarietan, zifrak:
zenbat gorpu, zenbat tiro.
Inon agertzen ez diren
zenbat kate posesibo?
Baina ez gara zenbaki
edo biktima pasibo!
Badugu antolatzeko
adina sen ta motibo
izan dezagun eraso
bat jasaten den aldiro
erantzun personal bat ta
mila erantzun kolektibo.

Emakumeak gizona
behar du, ez al da hala?
arrainak bizikleta bat
behar dezaken bezala.
Elkartu eta gozatu
dezakete, ta oxala!,
libertatea delako
itsaso oso zabala.
Norberak bere burua
errespetatu dezala,
zainduz bidea ta ura,
izedia ta kresala.
Arrainak hegan ikasi
baitezake berehala
bizikletak igerian
ere ikasi ahala.

Norberak daki ondoen
zer den eraso, zer txantxa,
norekin ta ze ordutan
joan nahi duen etxerantza,
non hasten den abusua,
non amaitzen konfiantza,
zer den menpekotasuna
eta zer adiskidetza.
Feminismoak indarrak
metatzera garamatza,
sare zulaezina da
konplizeen aliantza.
Ongi etorria zara,
zatoz, izan segurantza:
iraultza honen musikan
egingo dugula dantza.


...


Ane Labakaren bertso sorta Klitto!-ren sorreraz.
Doinua: Norbere mundu intimoa.
Norma-ri “L” bat gehituz
eraikitzen da normala;
gizartearen eredu
heteropatriarkala.
Nahiz ta esaten diguten
dena dela naturala
deseraikigarria da
eraikuntza kulturala.
Zalantzan jarriz nork nori
egiten dion itzala,
izango da feminista,
euskaldun, erradikala…
Normaltasunari hitzez
egindako arrakala
horietatik erditu
den atari digitala.
Ez da agindu diguten
ideal hori gurtzea,
inposaketen neurrira
gure gorputzak neurtzea,
norbere autoestima
uneoro egurtzea,
zapaltzen gaituenaren
oinetara makurtzea…
Izan liteke irri bat,
amorru bat lapurtzea,
borrokarako berpiztu
edo malkotan urtzea,
ez al da bide luze bat
pixkanaka laburtzea?
Feminismoari buruz
euskaraz irakurtzea.
Gizarteak egin gaitu
neskatxa eta mutiko,
klitoriak subalterno,
zakilak hegemoniko…
Zakildunek ez dute maiz
guri buruz idatziko,
ez gaituzte portadako
argazkietan jarriko…
Hala ere ez gaitezen
biktima rolean ito
indarrez hautsi ditzagun
norma ta estereotipo
izan gaitezen kolore
anitzeko abaniko
sentitzen dugun horixe
idatz dezagun ta KLITTO!


2016/11/14

FEMINISMORA BIDEAN, NORBERE BURUAREKIN BORROKAN



Oraindik ere, 12 urte atzera egin eta bere gorputzarekin kezkatuta zegoen neska gaztea ikusi dezaket. Berau EDERTASUN KANONAK bete nahian zebilen etengabe, eguna yogurra edo fruta janda pasatuz. 



Neska honek bere inguruko neskak kritikatzeko joera zuen, arropagatik, gustuengatik, jarrerengatik, ligoteoagatik… Adibidez, bere inguruko neskek asko ligatzen bazuten urdangak zirela esateko joera zuen. Neska gazte honek ez zekien SORORITATEA zer zen.

Honez gain, gizonezko bikote baten bila zebilen etengabe, babesa eta segurtasunaren bila. Neska hau bakarrik egoteko beldur zen.

Unibertsitate garaian, ordea, barnean zuen guztia kolokan jarri eta parekidetasuna aldarrikatzeari ekin zion. Hasiera batean, feminista zela esateko beldurrak zituen. Bere barnean feminismoarena ea ez ote zen beste moda kontu bat izango pentsatzen zuen. Bere bizimoduan estereotipo, rol eta mito sexistak kolokan jartzeak eragin zuen hobekuntzaz jabetzean, ordea, feminismoa bere bizitzeko oinarri lez finkatu zuen.

Feminismoa bere bizimodura barneratzea, ordea, prozesu gogorra eta zaila izan zen. Momentu hartara arte eraikitako guztia zalantzan jarri arazi baitzion.

Deskribatutako feminismorako prozesua hau,  nik bizitako prozesua da eta Jone Arrazola Maiztegik "Feminismoa da zure buruari desobedientzia deklaratzea" bideoan azaltzen duen prozesuaren antzekotasunak ditu. Entzun, ikusi eta gozatu!


Behin feminismoak niregan izan duen eragina aztertu ostean, pasa den urteko ikastarokideen postak irakurtzeari ekin eta Marivi Fernándezen "Feminismoa, feminismoak..." posta aukeratu dut. Izan ere, beronek feminismoa zer ez den eta zer den ulertzeko Carol Herrera Gomezen ondorengo testu hau publikatuta dauka eta aste honetan niretzat erabilgarria izan da.


Aste honetan, gizon batek bera emakume eta gizonen berdintasunaren alde egon arren feminista ez dela adierai dit. Are gehiago, "ez feminista ez matxista" adierazi du. Hasiera batean, beronekin pedagogia ez egitea erabaki arren, gizon hau irakaslea dela kontuan hartuta eta hezkidetzan duen funtzioaz jabeturik testu hau irakurri diot. Testua irakurri eta hurrengo egunean eskerrak ematera etorri zait, barneak mugitu eta desoreka sortu bazaio ere, azkenean betaurrekoak jantzi dituela adieraziz.

Ezinbestekoa da hezkuntza komunitate osoarekin zer den feminismoa lantzea, hezkidetza feminismoaren alaba gisa aurkeztuz. Honen ondoren,  ondorengo gaiak ere landu behar dira: 
  1. Mikromatxismoak.
  2. Emakumeen aurkako indarkeria
  3. Maskulinitate berriak.
  4. Nesken ahalduntzea.
Nesken ahalduntze lantzeko, beraien autokontzeptua eta autoestimua landu behar da. Baita, konfiantza eta sororitatea ere. Honez gain, emakume feministen ereduak eman behar zaizkie. Adibidez, Miren Amuriza Plazaren eredua.

Miren Amuriza Plaza, bertsolaria, idazlea, plazandrea... da. Hamabi urterekin hasi zen bertsotan Berrizko Bertso eskolan eta hainbat sari lortu zituen Eskolarteko Txapelketetan. Gerora Euskal Filologia ikasi zuen Gasteizen eta Irakasle Ikasketak egin zituen Eskoriatzan. Gaur egun irakasle lanetan ari da bertako magisteritza eskolan. Honez gain, Berriz, Aretxabaleta eta Eskoriatzako bertso eskoletan dihardu irakasle moduan. Kolaboratzaile lanak ere egiten ditu hainbat aldizkaritan eta musika talde ugarirentzako kantak idatzi ditu. Hona hemen bere ekarpenetako batzuk:

Zure sorgina
askatzen
 
 Moja bat meza laguntzen
preso habito baltzean,
aktoresa bat antzezten
emaztea eskaratzean,
modeloak kulerotan
udaberriko pasean,
ziklisten podiumeko
txanpainaren lorratzean...
Horrela agertu ginen
androk oholtzaratzean;
isilik, biluzik edo
gizonezkoen atzean.
 
Gaur egun izan gaitezke
etenik bako katea:
mimoa, margolaria,
bertsolaria, alkatea...
Zergatik ez berreraiki
oholtza eta artea?
Sentipenak hitzez jantziz
edo erantziz jakea,
sorkuntzatik haratago
hau baita libertatea:
nola biluztu nahi dugun
hautatu ahal izatea.
 
Gure aurretik hamaika
Maurizia Aldeiturriaga,
bakarrik kantatzeko gai
izan zirelako gara.
Feminitatea islatuz
bakoitzak bere erara,
malko, irrintzi, hasperen,
ulu, txalo zaparrada...
Egin jauzi oholtzara
amona, ama, alaba!
Zure sorgina askatzen
animatuko al zara?

 
Honez gain, Miren Amuriza PLAZAk Maddalen Arzallus ANTIArekin batera,  2010eko Bertso Eguneko afalondoan beren amei kantatu zizkien bi bertso sorta dira. Ordura arte, ikusiezinak ziren bi amei eskerrik asko emanez.


Berak berrian idatzitako artikuluetako batzuk: "amona biluzik", "doraemon neska ote den"