2017/02/19

SUBJEKTIBITATEA ETA SUBJEKTU FEMENINOEN ERAKETAN



Identitateen garapenari dagokion irakurgaian murgildu ahala gero eta garbiago joan naiz ikusten aniztasunari buruz ari garela, berriro ere, neurri handi batean. Aniztasunarekiko errespetua, ezagupena eta onarpena direla gakoak; ezaugarri hauek guztiak idazteko errazak, baina, eguneroko bizitzan ikusten dugunaren arabera, errealitatea bihurtzeko oso zailak.

Azkenean, beste egoera batzuen aurrean pentsatzen dudan bezala, hemen ere norberak bere bizitza aurrera atera eta besteei, bakoitzari berea, aurrera ateratzen laguntzean, oztopoak saihesten eta panorama zabaltzen laguntzean, baita “bakean” uztean ere, kateak, edozein kate, haustean dagoela sekretua pentsatzen dut.  

Emakumeen genero identitatearen garapena dela eta,  ARTIKULU HONETAN  salatzen den bezala, estereotipoetan oinarritutako sistema bitar hau, neurri handi batean, erruaren sistema ere bada. Emakumeak eta gizonak era diferentzialean markatzen duen generoetan oinarritutako sozializazioan errua egitura egonkorra bihurtzen da pertsonen subjektibotasunean. Pertsona guztiek, emakumeek zein gizonezkoek esperimentatzen duten ziztada baldin bada ere, jendarteak markatutako “normaltasunetik” irten nahi duen edozeinentzat, sakonagoa da, suntsigarriagoa. Erruak  kontrol politiko garrantzitsua bezala funtzionatzen du, baldintzapean jartzen duelako egiten duguna, gure buruarekiko deseroso sentitzea eramaten gaitu mugatutako bidetik irteten saiatzen garen bakoitzean.  Erruak zizelkatzen ditu autoestimua eta identitatea, sentitzen duguna eta bai gure buruarekiko ta besteekiko erlazioen gainean pentsatzen dugun guztia. Horregatik iruditzen zait hain garrantzitsua familiaren babesa etxean eta zehar konpetentzien erabateko garapena ikastetxeetan identitatea bilatzen ari den edozeinentzat. 

HAR DEZAGUN PLAZA HETEROARAUA SUNTSITZEKO!! from Bazterretako Dantzariak on Vimeo.

Ereduak aldatzen hasteko, adibidez, hemen beste identitate batzuk garatzen laguntzeko baliagarria izan daitekeen proposamen bat : ¿POR QUÉ NO HACER DE ELLA FITZGERALD O MARIE CURIE LOS NUEVOS ÍDOLOS INFANTILES?

Berrian argitaratutako artikulu honetan GIZONA NOLA IZAN, HORTXE DAGO GAKOA   irakur dezakegun bezala, «Egun ere, oso markatuta dago mutil gazteen jokabidea nolakoa izan behar den, zer espero den haiengandik», argitu du Carmen Diez Mintegi antropologo feminista eta EHUko irakasle ohiak. «Ezaugarritze prozesu horiek genero sistemaren barruan kokatzen ditugu».
Sexu-generoek antolatutako gizarte honetan mutilek ere baldintzatuta ikusten dute beraien identitatearen garapenerako bidea: zer izan, nolakoa, arazoak eraginkortasunez konpontzeko estiloa. Ondorioz, sortzailea den heinean, identitatearen garapenak zalantzan jartzen ditu “betiko” sinesmenak, “betiko” egiteko moduak, eta apustu politikoa bihurtzen da, sexu edo generoen sailkapenetatik haratago doan erronka.


1.- Akrostikoa 
 2.- Iazko ikastarokideen artean  IDENTITATEEI BURUZ HAUSNARTZEN izenburupean Agurtzane Goitiak idatzitako jarduera iruditu zait osatuena, puntu ezberdin guztiak jorratzen ditu goitik behera eta, nire ustez, modu errealistan.

3.- Heziberri 2020 egitasmaoren barruan, eta hasieran esaten nuena gogoratuz, niretzat identitatearen eraketa eta garapena oso lotuta daudenez, 27. artikuluan agertzen den testu hau aukeratu dut:

“Hezkuntza jarduera orotan, aniztasunari aurre egiteko bi modu hartu behar dira aintzakotzat: erantzun positiboa, betetik, gizaki guztiok garen bezalakoak izateko dugun eskubidearekin lotuta; eta negatiboa, bestetik, bazterketa eta desberdintasun egoera ugarien kasua dena. Bi horietan, jakina, baliotsua aniztasun positiboa da, gizaki izateko aukeren ispilu izateaz batera aberastu ere egiten gaituelako.  Gizartetalde  guztiak izaten dira anitzak, eta horrek ikasteko eta hobetzeko aukera ematen digu”.

4.- Inguru hurbilean emandako aurrerapenei dagokienez, urrats erraldoiak izan gabe ere, nik uste dut onartuz goazela denak ez garela berdinak, pertsonak bezain anitzak direla identitateak eta norberak ikusi behar duela norantz jo bere garapenean, beti ere errespetua erakutsiz eta errespetua eskatuz. 
Legedi aldetik eta Hezkuntza Saileko argitaratutako giden aldetik etorri dira, agian, aurrerapauso inportanteenak. Gehiago kostatzen ari dela iruditzen zait kulturan hain errotuak dauden irudikapenak haustea. Horretarako telesailetan edo pelikuletan eskaintzen diren ereduak eta egoerak ere inportanteak izan ari direla uste dut.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina