2017/10/27

HEZI KIDE



Hezkidetza iraultza izango da,
Entzun ezazu badatorrela.
Zuk eta nik batera,
Kalera aterako dugu lema!
Izan gaitezen kide,
Ditugu hainbat bide.
Elkarlanean ari gera,
Trukeaz ikasten.
Zatoz gurekin eta
Abia gaitezen!


Nire inguruan hezkidetzari buruz galdetuta jaso ditudan erantzunak bizi dugun errealitateaz kontzienteago izaten lagundu dit. Galdera berdina egin nien guztiei: Zer da hezkidetza? Ezaguna al da?

21 urte - neska - historialaria

Ez zekiela ezer honi buruz. Nik kontatu diodana, baina nik esandakoaz aparte termino hori ez duela inoiz entzun.

26 urte - neska - ivef eta lehen hezkuntzako irakaslea

“Noski ezaguna dala. Sexuen berdintasunean oinarritzen den hezkuntza metodo bat da, sexuagatiko diskriminazioa baztertzen duena.
Nik unian, ivefen, irakaskuntza ikasgaian uste dut entzun nuela lehenengo aldiz. Hortik aurrera askotan. Ta ikastolan egunerokotasunean entzuten dut. Ta bai ez leku guztietan baina bai erabiltzen da, ikusi dut.”

26 urte - neska - psikologo klinikoa

“Ezaguna egiten zait genero biolentziari buruz irakurritako artikuluetatik, baina ez dakit kokatzen. Zer da?

25 urte - mutila - informatikoa

“Sexuen arteko berdintasunera joateko erabiltzen den tresna??? Holako zeozer. Begirale ikastaroan eman genuen…”

17 urte - mutila - 2. batxilergoko ikaslea

“Ideiarik ere ez egia esan. Baina hezkuntzarekin erlazioa duela esango nuke. Kideen arteko heziketa. Edo errespetua. Klaseko batzuei ere galdetu diet eta ez zekiten”

26 urte - neska - lehen hezkuntza eta ingeles irakaslea

“Hezkidetza pertsonak edo umeak euren banakako berezitasunak kontuan izanda baina, generoa, hau da, mutila edo neska den kontuan hartu gabe heztea da, sexismoa eta estereotipoak ekidituz. Ikasgelako errealitate igualitario hori aurreratzea gizartean isladatu ahal izateko. Adibidez, lanbideekiko edo jostailuekiko dauden estereotipoak apurtzea.                                               
Ni hezkuntza ez formalean nabilenez, eskola ezberdinetara noa eta askotan hezkidetza proiektuak dituzte. Nire saioetan saiatzen naz erabiltzen, eta uste dut oro har bai erabiltzen dela, salbuespenak salbuespen. Adibidez ni fijatu naizen zeozer da ikasgeletan, HHkotan , jostailuak edota ez direla lehen bezala ikusten, arrosa eta urdina. Dana danontzat dela esan daiteke. Tontakeri bat dirudi baina arreta deitzen du.”                                       

                 
Atera dudan ondorio nagusia da, hezkuntzan ari garenok garela hezkidetza gehien ezagutzen dugunak. Positiboa da ikustea lanean dagoen jendeak baduela gaian oinarri bat behintzat, eta bere inguruan aurrera eramaten den edo ez arreta jartzen duela. Hala ere, harritu egin nau 17 urteko ikasle batek terminoa entzun ez izana, uste nuelako azken urte hauetan klasean entzunda izango zuela. Nik azaldu diodanean zer den, esan dit hori bai landu dutela klasean, baina ez hitz horrekin. Duela 10 urte bezala (ni institutuan eta eskolan ibili nintzen garaian) jarraitzen dutela konturatu naiz, hezkidetza bere izenez aipatu gabe.

Inkestatxo hau egitetik gehien gustatu zaidana, pertsona horiengan kuriositatea sortu dela izan da, hezkidetza zer den jakiteko gogoa, eta orain jakinda beraiek ere euren ingurukoei azaldu ahal izango dietela.

Aurreko edizioan Maite Elorza Alberdik honi buruz egindako sarrera aipatu nahiko nuke, hezkidetza ulertzeko modua izugarri ondo azaltzen duela iruditu zaidalako.


Bukatzeko, hezkidetza lantzeko mila motibo daude, baina nik bost hauek aukeratuko nituzke:

1.    Ezjakintasunarekin amaitzeko
2.    Baloreak finkatzeko
3.    Aniztasuna onartzeko
4.    Gizarte hobe bat lortzeko
5.    Errespetua egon dadin

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina