2017/10/25

HEZKIDETZA NORBERETIK HASTEN DA

Hezkidetzari bueltak ematen badaramazkigu egun batzuk, eta inguruan ere galdetzen aritu ostean, ohartu naiz, hezkuntzaren edo feminismoaren munduarekin kontaktuan dauden horiek badutela interesik eta oinarrizko jakintzarik gaiari dagokionean. Aldiz, sentsibilizazio berezirik ez duen heldu zein gaztearen erantzuna berdintasunarekin lotutakoa izan bada ere, ez dute beste ezer erantsi edo azaltzeko gaitasunik adierazi. Hori bai, denek lotzen dute aukera berdintasuna, genero indarkeria eta hezkuntza kontuekin.

Hala ere, jende askoren begietan, eskola parekideak eta hezkidetzaileak ditugula uste da. Egia da teoria eta oinarrizko kontzeptu batzuk zabaldu direla zenbait ikastetxeetan dagoeneko, eta taldearen arabera, ekintza eta estrategia politak abiatu direla honezkero. Dena den, gutxieneko urrats batzuk ematen hastearekin ez dugu nahikoa. Izan ere, izebergaren punta besterik ez da ikusten eta lantzen gure komunitate gehienetan, eta tailer puntualak egiten diren arren, oraindik orain oso urrun gaude sisteman zeharka eta modu integralean jorratzeko egitatetik.

HEZKIDETZARI SARRERA ematen dion txosten teorikoa irakurri ostean, argi nabarmendu daiteke zer nolako dimentsioa duen gure erronkak. Genero maskulino eta femeninotik aske hezteko erronka, ez da lan makala. Indibiduoak bere aniztasunean errespetatuz eta bizikidetza sustatzeko zeregina malkartsua eta luzea da. Eskola mistotik eskola hezkidetzailera saltoa emateko hauspoa eman digu feminismoak azken urteetan. Eta hari esker ere lortu da gaia eskolaren eguneroko agendan txertatzea. Aski jakina baita, belaunaldi berrien identitate eta baloreetan eragin beharra dagoela etorkizuneko jendartearen kosmobisioa heteropratriarkatuaren atzaparretatik eraiki ahal izateko.

Nola egin bidea, baina? Nola lagundu datorrenari beste modu batean bizi eta hazten, jada intoxikatuta gauden belaunaldi helduon eskutik? Horretarako lehenbiziko pausua ez al da norbere buruari so egunez rol eta estereotipo markatu horiek deseraiki eta askatasunez eraikitzen joateko hausnarketa propioa abiatzea?

Esan bezala, lan indibidual eta kolektibo potoloa dugu egiteko irakaskuntzaren munduan. Eta horretarako ezinbestekoa da, nire ustez, norbere burua analizatzetik hastea. Betaurreko moreak janzteko hautua egin eta kontzientziak astinduz eta elkar elikatuz, gure sisteman barneratu ditugun rol batzuk zalantzan jarri beharko genituzke, gerora, inori ezer eraikitzen lagundu nahi badiogu, askatasunez.

Hezkuntza formalaz aritu izan gara, baina ezin ahaztu hezkuntza mundua bere osotasunean aintzat hartu nahi badugu, garrantzia handia duela hezkuntza ez-formalaren eremuak ere. Honen inguruan, OinHerri Plataformak, Hik Hasik, Txatxilipurdik, Urtxintxa Eskolak... hainbat hausnarketa gauzatu dituzte urteetan zehar. Hainbat aditu bildu dira eztabaida saio ugaritan eta liburuxka zein material erabilgarriak jarri dituzte eskura hezitzaileontzat.

Artikulu askoren artean, EMAGIN elkarteko Edurne Epederekin egindako artikulu bat ere aurkitu dut, eta bere esanetan, HEZKIDETZA oso gutxi lantzen da oraindik eremu honetan. Aintzat izan behar dugu, haurren denboraren erdia baino gehiago ematen dela aisialdian. Horietako ordu asko jantokian, patioan zein eskolaz kanpokoetan pasatzen dute, eta beste tarte handi bat, familia edo gurasoekin elkarbizitzan.

Hori dela eta, aisialdiko hezitzaileekin formazioa eta esku hartze plan zehatzan garatzen laguntzea ezinbestekotzat jotzen du Epeldek. Hezitzaileek, sexu eta generoez haratago, haur eta gazteak pertsona gisa hezi behar baitituzte.

CURRICULUM EZKUTUAren gaian sakontzen laguntzen du iazko hausnarketen artean Hezkidetza Eskolanek  argitaratutako postak. Irakurri eta jarraian, gainontzeko kide batzuk esan bezala, diagnostik erreal bat egitearen garrantzia nabarmendu nahi nuke bide horretan. Nola ez, oharkabean egiten dugun horrek guztiak eragite baitu gure belaunaldu berrien hezikea prozesuan. Bete betean eragin ere.

Ikerketek argudio asko ematen dituzte hezkidetza lantzeko, eta nire inguru hurbilean 5 arrazoi nagusi aukeratu beharko banitu, ondorengoak zerrendatuko nituzke beste askoren artean:

1. Heziketa afektibo-sexuala eta emozioak lantzeko beharra
2. Botere-harremanik gabeko jendartea eraikitzeko erronka, haur eta helduen harremanak ere modu horizontalenean garatzeko beharra ahaztu gabe
3. Norbera, identitate eta nortasun propioz eta askatasunez hazteko eta hezteko duen eskubidea bermatzea
4. Aniztasuna balioan jarri eta bereizkeriarik gabeko bizikidetza indartzea
5. Elkar zaintza eta harreman osasuntsuak sustatzea




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina