2017/10/08

Nire aurkezpena



Kaixo guztioi!

Gidoia jarraituz, nor naizen? Haritz. Algortan jaioa baina bizitza ia osoa Donostian emana, azken hiru urteak Gasteizen nabil, oso gustura. Nire Euskal Herriko tourr propioan antza jubilazioa Iruña partean emango dudala esango nuke martxa honetan. Auskalo! 

Eta zergatik nagoen ikastaro honetan? Doktoretza tesia egiten ari naiz hezkidetzaren inguruan eta ikastaro honek asko lagunduko didala pentsatzen dut, gaian gehiago murgiltzeko eta hausnarketan sakontzeko ere bai. Ikerketa pare batean lankide gisa ibili naiz tesia egiten hasi aurretik eta horiek gaiak duen indarra eta beharraz jabetzeko aukera eman didate.  

Ikasketaz Antropologoa naiz baina baita ere Lanbide Heziketako irakaslea Gasteizen. Bai, badakit arraroa dela, baina tira, gustura onartzen dut rara avis bat izatea. Soldadore lanetan urteak eman ondoren irakaskuntzan hasi eta egun soldadura eta galdaragintzan tailer-irakaslea naiz. Oso gustoko dut irakasluntzan aritzea eta tailerra oso espazioa aberatsa dela pentsatzen dut ikasleen motibazioa pizteko. Pertsonekin lan egitea asko atsegin dut baina are gehiago gizarteratzeko zailtasunak dituzten pertsonekin batera irtenbideak bilatzea. Genero arloan ere Lanbide Heziketa oso eremu potentea da eta hori da hain zuzen landu nahiko nukeen alorretako bat.

Talde-lanean aritzeko izan ditzakedan bi ezaugarri onei dagokionean esango nuke besteekiko jarrera irekia izatea baina aldi berean kritikoa izateko gaitasuna direla esango nuke. Extra bezala esango nuke argi dudala ez garela inor besteen ezer epaitzeko eta tira, ados egon edo ez aberasgarritasuna hor dago hain zuzen ere, desberdina dena ulertzen saiatzeko prozesuan. Besteekiko hori bera eskertuko nuke, jarrera irekia eta asertiboak izatea, galdetzeko beldurrik gabe eta asmo eraikitzaileaz.

Nire kolorea urdina da, baina elektrikoa edo, indartsua etaez iluna. Frida Kahloren etxe urdina bezalakoxea. Oso gogoko dut zerua eta hodeiei begira egotea, agian horregatik izan daiteke, auskalo! Animalia izatekotan txori bat izango nintzateke. Arina eta azkarra, gora eta behera, alde batetik bestera. Oso gogoko dut natura, bai mendi-bizikletaz baso eta mendietan barrena galtzea eta baita ere Deltaz  hodei artean hegan egitea ere.

Musikan ezingo nuke bat aukeratu, guztiok bezala ziur. Abesti gehienak gure iraganeko oroitzapenak irekitzeko ate zuzenenak direla esango nuke, usaimena bezalaxe. Agian horregatik nire abesti kuttunena haurtzaroan hainbestetan entzundako abestiren bat izango litzateke. Haurtzaro zoriontsua izan nuenaren seinale; zein garrantzitsua den haurtzaro zoriontsua izatea! Bat esatearren Haizearen Brodatzen ari nintzen. Txikia nintzela diskaren portada hainbestetan begiratzen nuen harrituta: tentsio altuko kableak kitarra batetatik abiatzen dira! 

Ikastaroarekiko nire itxaropen nagusia gaian gehiago sakondu eta janzteko aukera izatea izango litzateke. Ez bakarrik nire tesiari begira, baita ere esan daitekeelako generoaren arazoa aurki daitekeen arazo zahar eta zabalena dela eta badelako garaia hori sakon lantzea. Pertsona obserbatzailea eta kritikoa naizela esango nuke eta oso gogorra egiten zait emakumeek gizonezkoen aldetik jasaten duten jazarpen, tamalez normalizatua onartzea. Ez dut gustoko zabaltzen diren genero ereduak onartu behar izatea, egun hainbeste areagotzen ari direnak. Eta hori guztia heziketatik bakarrik aldatu daiteke, behetik gora, eta horretarako bai emakumezko bai eta gizonezkoen parte hartzea ezinbestekoa dela argi daukat.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina