2017/10/08

Nor ete naiz?

Ni Mariely Zarraga naiz, 47 urteko Dimoztarra. Filosofian lizentziatua eta filosofia irakasle interinoa. Basauriko Urbi institutuan egiten dut lan, hau nire 4. ikasturtea izango da bertan. Filosofian eman diren murrizketak direla eta, Balio etikoak (Dbh 1 eta 3) eta psikologia (2. batx) ematen ditut.
Ekainean, zuzendari berriak, ikasturte honetan institutuan hezkidetza proiektua martxan jarri nahi zuela eta niri proposatu zidan proiektuaren ardura hartzea, irakasle dinamiko eta berritzaile nintzelako. Nik erronka pozik onartu nuen, gainera, azken bi ikasturteetan, hau da, 15-16 eta 16-17 ikasturteetan, Dimako eskolako Guraso Elkarteko juntakidea izan naizenez, horrek herriko Bardintasun mahaiko partaide izatera eraman ninduen. Dimako Bardintasun Mahaian herriko elkarte desberdinek, eskolak eta udalak hartzen dute parte, eta Dimako eskolan hezkidetza aspaldi lantzen denez, Bardintasun mahaiko partaide izateak herrian bardintasunaren inguruan zenbat lan egiten den ohartzean  mundua beste ikuspegi eta beste sensibilitate batekin ikustera eraman nau. Baina, nire buruarekiko ziurtasun ezak bultzatuta, ikastaro eta prestakuntza bilatzen hasi eta Facebook-eko “Claustro Virtual de coeducaciĆ³n” taldearen  bidez ikastaro honen berri izan eta hemen naukazue, asko ikasteko eta bizi izandako esperientziak partekatzeko ilusioarekin.
Hala eta guztiz ere, momentu honetan nahiko lanpetuta eta estres puntu batekin nabil, institutuko lanak, klaseak prestatzea, mintegi burutza, hezkidetza proiektua, ikasketa kooperatiboan sakontzen joan eta geletan aplikatzen hasi ; ikastaroak, hau ez baita momentu honetan egiten ari naizen ikastaro bakarra, beste bi gehiago egiten ari bainaiz, bata hezkidetzarekin lotua, “Formadora de formadores en Igualdad” eta bestetik, gure berritzeguneko proiektu pilotu batek planteatu digun “Resilientzia eta kurrikulum sozio-emozionala”. Ikusten duzuenez, topera, baina ikasteko eta irakaskuntza berrizteko indartsu eta gogotsu; Dimako Guraso Elkartean bi urte pasa ondoren, edozertarako prest eta juntakide izateari utzi diodanez, denbora libre asko izango dut, erritmoa hartzen diodanean lasaitu eta disfrutatu egingo dut; gainera, gabonetarako beste ikastaro biak bukatuta izango ditut eta gabonak bertan ditugu, beraz, zertarako larritu eta estutu?
Baina nire bizitza ez da irakaskuntzara bakarrik mugatzen, 12 urteko mutil baten ama ere banaiz, arreta arazoak dituen eta nerabezaroan sartzen ari den ume baten ama ulerkorra, pazientziaduna eta, batzuetan, bere papera galdu eta zoro baten pare oihuka hasten dena.
Hala ere, bilatu ditut “eskape” eta ondo pasatzeko moduak, ostiral iluntzero koadrilako neskak poteoa egiten dugu herritik, aste guztiko gora beherak, momentu onak eta txarrak konpartituz, “Terapia de grupo” egiten dugu. Bestetik, iaz herrian kantu zaleak talde bat sortu genuen,Kantu Bat Gara izenekoa, Arratia Kantuz ekimenean parte hartzeko helburuarekin; ekimen honek Euskal Herriko kantu zaletasuna bultzatu nahi du eta euskararen erabilera bultzatu, horretarako hilean behin Arratiako herri batek bere herrian kantu-bira antolatzen du; eta Kantu Bat Gara taldean ia partaide guztiek instrumenturen bat edo bi jotzen zekitenez eta nik  instrumenturik jotzen ez nekienez eta hizkuntza musikalik ere ez, panderoa jotzen ikasteko Arratiako Musika eskolan izena eman, eta hor nabil, panderoarekin jo eta fuego; ez dakizue zenbat lasaitzen naizen musika jarri eta panderoa jotzen dudanean; ez yogak, ez pilatesek ez dute lortu panderoak nirekin lortu duena. Gainera, sortu dugun taldean kantatzeaz gain, barreterapia ere egiten dugu, ederto baten pasatzen dugu; hilean behin elkartzekoak ginen, baina hain gustura gaudenez ia larunbatero elkartzen gara, ensaiatu, pote batzuk hartu eta barre egiteko, argi daukagu musika eta kantuarekin ondo pasatu nahi dugula.
Nire senarrak Dimako perrexila naizela esaten du, saltsa guztietarako deitzen naute eta ni guztietarako prest; baina hor nire puntu ahula agertzen da, ez dakit ezetz esaten eta batzuetan horrek kezkatzen nau, gainera zerbaitetan parte hartu behar badut eta nahiz eta nire zaletasunetako bat ez izan, beti bilatzen diot alderdi positiboren bat eta horrela aurrera noa, noiz arte? Nork jakin? Ziur nago egunen baten ezetz esaten ikasiko dudala.

Eta aurkezpen luze luze luze honekin bukatzeko zer eskertzen dudan talde berri batean sartzerakoan galdetzen didazue, zer esango dut, pazientzia, lasaitasuna, umore ona  eta esker ona. Eta blokeatzen nauena: posta elektronikoa mezuz beteta izatea, horrek gogorarazten didalako jendea lanean dabilela eta nik ikastaro horretako lanak egin gabe ditudala eta mila gauza ditudala egiteko; azken finean, presioak blokeatzen nau.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina