Hiru
albiste jarraian telebistan, bata bestearen atzetik: lehena, bi emakume gazte
erahiltzeagatik errudun epaitutako gaztea; jarraian, antza neska bategatik edo dantzaleku
baten kanpoaldean mutil gazte bat erahila; eta azkena, emazteaz banatzen
zegoelako bere bi urteko haurra hil duen aita. Mutil, gizon edo dena delakoa
izateaz lotsa, nazka. Berriro ere.
Eta
honen guztiaren oinarrian, behin eta berriz errepikatzen goazen genero-sistema
hegemonikoa, leku guztietatik saltzen digutena: gerlari garaile gihartsuaren
irudia. Muturreraino eramandako genero-sistemaren degradazio adierazleak honako
albisteak: alde batetik emakumearen dominazioa, kontrola, jabetza. Eta bestetik
norberekiko eta baita besteekiko ere sentsibilitate gabezia, erabatekoa. Edo
guztia edo ezer ez. Honen guztiaren (edo kasu gehienen) oinarrian txikitatik
jasotako eraginen (heziketaren) ondorioa dagoela esango nuke. Esaten da
badaudela pertsona “gaiztoak”, berez (edo garatutakoa) izaera psikopatikoa
dutenak eta kasu batzuetan erreakzio biolentoak azaleratu egiten dituztenak
(eta beste askotan era isilagoan). Ordea, ezin da kasualitatea izan horiek beti
(edo gehienetan) gizonezkoak izatea. Eta horren oinarrian genero-sistema
dagoela ezin uka daiteke nire ustez.
Oso
interesgarria eta aberatsa Coral Herreraren bloga, irakurgaian aipatzen dena http://haikita.blogspot.com.es/.
Maitasun erromantikoaren inguruko doktoretza-tesia aurkeztu zuen 2008an eta
hainbat artikulu aurkitu daitezke bertan gaiaren inguruan. Kasu honetan eta
hasi dudan ildoarekin bat egin nahirik genero maskulinoaren eta gizontasunaren
inguruan ere hainbat artikulu aurkitu daitezke bertan http://haikita.blogspot.com.es/2011/11/la-mitificacion-de-la-violencia.html.
Azken finean beharrezkoa da gaur egun leku guztietatik hainbeste eta hainbeste
proiektatzen diguten gizonezko izatearen ereduari buelta ematea.
Gaia
nire arlora ekarrita, Lanbide Heziketako irakasle bezala genero-sistemaren
adierazleak erabat markatuak ikusten ditut egunez egun eta ia aldaketarik gabe.
Erabat antzeman daiteke industriaren eremua mutilena izatea ia erabat eta
zerbitzuetara bideratutakoa gehiago neskena. Soldadura eta Galdaragintzako
tailer irakasle bezala esan dezaket nire bizitza profesionalean, hezkuntza
formalean lau edo bost ikasle neska izan ditudala gehienez ia hamar urtetan
(mutilak ehundaka) eta industrian lan egin nuen urteetan tailerretan agertzen
zen emakume bakarra garbitzailea edo idazkaria izaten zela.
Estereotipoetan oinarritutako gizarte honetan ordea, ikastaro batean
Ángela Lázaro soldadura irakaslea ezagutzeko aukera izan nuen http://www.rtve.es/alacarta/videos/igual-es/igual-ellasconstruyen-reparan/1049453/ (20. Minutuan). Beharrezkoa da XXI. mendean industrian ere eredu berriak
transmititzen lagundu ditzaketen pertsonak ikusgarri edo bisibleak izatea, eta
guztion ekarpenekin ere berdintasunean oinarrituta industria berria eratzea,
alde batetik emakumeari hor lan egiteko eskubidea emanaz eta bestetik bertan lan
egiteko eta elkar-ulertzeko moduak eguneratuz, beharra badu eta!
Iazko
ekarpenen inguruan Miren Aranburuk
egindako taula ekarri dut hona, iruditzen baitzait bertan oso argi agertzen dela sexu-genero
sistemak duen garrantzia berdintasunaren helburuaz ari garenean. Sistema hori
identifikatzen jakitea eta hezkidetzaren bitartez gainditzea. Hori da
erronka! http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2016/10/sexugenero-sistema-ezbaian_78.html
Eta
itxaropenaz eta animotsu amaitzeko, telebistak baita ere positiboki gauzak
aldatzen ari direla erakusten digu noizean behin, leku sinesgaitzenetan
gainera. Zaila da Miss lehiaketa baino ingurune sexistagorik aurkitzea. Ordea
eta lehen aipatutako bisibilizatze horren beharraz aritzean, hona Miss Peru
2018 lehiaketan bertako partaideen aldetik jaso ahal izan den ekarpena, espazio
hori emakume eta haurren abusuen kontrako salaketa-espazio bihurtuz. Poliki
bada ere gauzak aldatzen ari dira. https://www.youtube.com/watch?v=BbNVjYvrbDQ
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina