2017/11/09

FEMINISMOA, BERDINTASUNAREN BILA


Gaur egun sarri entzuten den hitza da feminismoa. Baina, gizarteko kide guztiek ezagutzen al dute feminismo hitzaren esanahia? Ba al dakite zein diren bere helburuak? Argi dago ezetz. Asko dira (emakumeak barne) oraindik, feminismoaren inguruan hitz egitean, honen alde agertzen ez direnak. Horren arrazoia, honen inguruko ezjakintasuna da. Izan ere, feminismoa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko borroka, pentsaera da. Nork ez du nahi berdintasunez beteriko gizarte batean bizi?

Gizartean nagusitzen den ezjakintasun hori ikusi eta zenbait hiztegik ematen dituzten definizio okerrak behatu ostean, feminismoaren inguruko mezu argiak zabaltzea garrantzitsua izango da; honen helburuak ere garbi adieraziz.


Gai, honekin lotuta, aurreko urtean Maite A.S.-k eginiko sarrera gomendatu nahiko nuke. Asko gustatu zait, bertan honen inguruan eginiko hausnarketa pertsonala; nolabait ere, bere esperientzian oinarriturikoa. Horretaz gain, interesgarria iruditu zait, Miren Amuriza bertsolaria emakume feminista eredu bezala aipatzea. Izan ere, bertsolariek, bertsoen bidez gizarteari gauza asko transmititzeko aukera dutela uste dut.

Hori honela izanik, neuk ere, emakume feminista esanguratsu moduan, Uxue Alberdi bertsolaria goraipatzea pentsatu dut. Bera, bertsolari izatez gain, euskal idazlea ere bada eta Ainhoa Agirreazaldegirekin batera "Bertso Eskola Feminista" delakoa jarri zuen abian. Beti egin izan du feminismoaren alde, honela esan zuen Argian eginiko elkarrizketa batean: “Ezin dut bertsolari izan emakume feministaren kontzientziarik gabe”.

Azken batean, bertsolaritza gizartearen errepresentazioa izan daiteke oholtzaren gainean. Horregatik, esan bezala, bide ezin hobea izan daiteke, gizarteari inguruan gertatzen denaz ohartaraztera bultzatzeko.

Hona hemen bertsolaritza feministaren inguruan berak emandako hitzaldiaren bideoa, amaieran "Maite ditut denak" izenpean, bertso sorta ederra abesten duelarik.



Aipatzekoa da, baita ere, Uxueren ondorengo bertsoa. Bertan, emakumeen alde egin duten feminista ugariren izenak irakur ditzakegu. Asko sor diegu pertsona horiei, izan ere, horiei esker hainbat gauza lortu ditugu emakumeok.


Nire inguru hurbilari begira jarriz, gai honen inguruan egiteko asko dago oraindik. Horregatik, feminismoa osotasunean landu beharko litzatekeela uste dut. Baina, oraingo honetan, hezitzaile modura, honen barneko bi gai aukeratzea pentsatu dut; genero indarkeria eta genero estereotipoak, hain zuzen ere.

Ikusi dugun bezala, gaur egun oraindik oso altuak dira ematen diren genero indarkeria kopuruak. Hori honela izanik, gure ingurune hurbila honen inguruan kontzientziatu behar dugu, honen inguruko jarduerak proposatuz. Gainera, honekin batera, mikromatxismoaren gaia lantzea ere ezinbestekoa delakoan nago. Egunerokoan, emakumeen aurka hainbat gauza egin edo esaten direla ikus daiteke eta aintzat hartu behar dugu, hauek emakumeen aurkako indarkeria mota guztien oinarriak direla.

Horretaz gain, genero estereotipoen gaiaren inguruan oraindik asko dira egunerokotasunean transmititzen diren estereotipoak. Horregatik, honen inguruan kontzientziatzea ere garrantzitsua izango da, hezkuntzan egunerokotasunean erabiltzen diren material eta baliabideetan arreta jarriz; estereotipo horiekin amaitu ahal izateko eta gizartean berdintasunean hezteko aukera izateko.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina