Gaur egun izugarrizko abiaduran doa dena gure inguruan, dena nahi eta behar dugu oraintxe bertan eta oraintxe bertan ez bada, kaosa!.
Itxaroteko ahalmena galdu dugu. Hilara batean, erantzun baterako, atzorako nahi dugu dena. Teknologia berrien presentziak gure pazientzia extingitu du.
Interneten gure arazo edo zalantza guztien erantzuna dago, klik bakar batean.
Nire zalantzak dauzkat sare sozialekin ere, aberasgarriak, bai noski, baina non dago muga? Baliabide aberasgarri eta baliabide eroso edota explotatuaren artean?
Pertsonen arteko harreman zuzen eta gertukoen xarma galdu da, esan beharreko guztiak azken uneko makinatxo baten bidez esaten baititugu...eztabaidarako tartea orain hotza eta zalantzagarria da, gainera erantzuna berehala nahi dugu.
Gure ikastaro honetan oso interesgarria da erabat ingurune eta egoera ezberdinak ditugun pertsonak biltzea, baina gure artean ez dugu elkar ezagutuko maiatzean. Bakoitzeak gurea egiten dugu, bestearena irakurri edo ez, hausnartu edo ez... Saio presentzialekin zerikusirik ez dauka, gela batean sortzen den erlazioa ezdugu hemen sentituko ezta urrunetik ere, nire uste apalean eta zoritxarrean, zorionean informazio mordoa irensteko aukera paregabea izango dugu
Nire idea oso korapilatsua da sare sozialen inguruan, erabilgarriak dira, bai noski, baina alde ezkorrak ere badituzte.
Belaunaldi berriek hauekin etengabe lan egiten dute, beste batzuk, nagusiagook, ere erabiltzen ditugu, etekin handia ateratzen diegu ere baina nire kasuan, ez dut teknologiaren inbasio honen biktima izan nahi, aurretik ere bizitza polita baikeneukan internetik gabe.
Aurrekoan lagun taldean... Zein ordutan geratu behar ginen hurrengo egunean elkarrekin zerbait egiteko ez ginen kapaz izan bilduta geundenean erabakitzeko... Gero wasap taldean erabakiko dugu esanez amaitu zen kontua...
Agian erromatikoegia da, baina sare sozial birtual berri hauek aurrez aurreko erlazioak pobretu dituztela uste dut. Alde positiboa ordea, kasu honetan bezala gai bat landuko dugu, sakona eta mamitsau, elkarrekin, ahal dugunean eta bestaldean beti norbait egongo dela jakinda...
Internet, urratu beharreko ekosistema berria
Duda barik, gure jendartean IKTek hainbat aldaketa ekonomiko, politiko, sozial, juridiko edota kultural eragin dituzte, eta hauek aztertu gabe ezingo genuke gure errealitatea ulertu. Internet eta sare sozialek espazio berri bat eratu dute, espazio digitala, eta espazio honetan berezko errealitateak gertatzen dira. Askoren ahotan internet eta sare sozialak askatasun eta demokraziarako espazio pribilegiatuak direla entzun izan dugu. Besteen iritzian, gezurren espazioa da, irudiak eta identitate faltsuak eraikitzeko espazioa. Adierazpen askatasuna ere murrizten da Facebooken eta erabiltzaileok gure pribatutasuna doan ematen diegu on line-ko sare sozialetako enpresa haindiei, gure datuekin kudeaketa merkantila egin dezaten.
Iritzi hauek guztiek argia ematen dioten anitza den fenomeno bati. Bizi garen jendartean, IKT eta sare sozialak erabiltzeko beharrean gaude, eta ez hori bakarrik, gure lana eta gure hausnarketak hobetzeko ezinbesteko tresnak dira. Baina ez dira tresnak soilik. Beraien kudeaketaren atzean interes ekonomiko eta politiko zabalak daude, eta horietatik defendatzeko, muga argiak eraiki behar ditugu herritarrok.
Hezitzaileen paperak garrantzia berezia hartzen du hemen. Alde batetik, bere lana askoz partekatzaile, anitza eta kolaboratiboa egin dezakelako, hau da, askoz demokratikoagoa eta ikasleekin batera, ezagutzaren eraikuntza kolektiborako tresna pribilejiatuak direla esan dezakegu. Baina aldi berean, paper klabea du irakasleei sareen erabilpena egokia egiteko tresnak eskaintzerako orduan. Eta hemen, kontuan hartu beharko du sareak bizi garen gizartearen islada besterik ez direla, beraz, sexismoa, matxismoa eta patriarkatua ere sareetatik eraikitzen direla. Adibide asko daude sareetan, baina Google bezalako punta-puntako enpresa batean emakumeak diskriminatuta daudela jakitearekin nahikoa izango zaigu (http://www.argia.eus/albistea/google-ko-60-bat-langilek-sexismoa-salatu-dute-emakumeei-gutxiago-ordaintzen-diela-argudiatuz)
2017/10/20
Hezkidetzari buruz hausnartzen
Gertukoen artean hezkidetza zer den galdetuta erantzun ugariak eta anitzak jaso ditut. Nire adin tarteko emakumeek nahiko definizio garbiak eman badituzte ere: "pertsona bakoitzaren generoa kontuan hartu gabeko hezkuntza litzateke", "portaera sexistak, rolak, balioak... alde batera uztea, pertsona autonomoagoak lortzeko asmoz"... Beste batzuk ez dira gai izan hezkidetza zer den definitzeko. Hori ikusirik, inguru gertuari hezkidetza zer den azaltzeko, iazko ikaskideen ekarpentetatik Edurneren sarrera aipatuko nuke, izan ere, erabilitako taula funtzionala eta argia iruditu zait galduak dabiltzan pertsonei azaltzeko.
Jakina denez, egungo hezkuntza sistema eragile garrantzitsua
da eredu patriarkala erreproduzitzeko. Izan ere, sozializaziorako sistema bat
da hezkuntza, eta gaur egun, binomio batean sozializatzen gara: edo neska zara,
edo mutila. Eta eskola oso sistema eraginkorra da horretarako, ikaragarria. Ez
eskolako egitura sistematizatuengatik soilik, ez curriculumagatik,
jolastokiagatik, testuliburuengatik, jostailuengatik, materialengatik edota
ipuinengatik soilik. Ereduetatik hasita, oso sistema eraginkorra da
patriarkatuarentzat, irakasleek dituzten jarrerengatik. Hori dela eta arrazoi
ugari topa ditzakegu gure hezkuntza sisteman hezkidetza lantzeko:
- Gizarte zein sistema patriarkala deseraikitzeko.
- Indarkeria matxistarekin amaitzeko.
- Identitate desberdinak eta anitzak zilegitzat hartzeko, baita errespetatzeko ere.
- Botere-harremanak ekiditeko, elkarbizitza osasuntsu bat bermatuz.
- Espazio eta giro erosoak sortzeko.
Miren Amuriza bertsolariaren bertso hau aproposa iruditu zait
jendea hezkidetzara salto egiteko!
Nire iritziz, hezkidetza oinarri duten proiektuak eraiki
behar dira eta hezkuntza komunitate osoaren lidergo partekatua behar da
eskoletako proiektu hauek aurrera egin dezaten. Sinesmen guztiak errespetatuko
dituen hezkuntza laikoa behar da, eta aniztasuna elementu aberasgarri gisa
hartuko duena. Beraz, etorkizun ez urrun batean ea hau eskola guztietan
bermatzeko gai garen, izan ere, esaerak dioen bezalaxe kontatzen ez dena ez da
existitzen.
Kontatzen ez dena ez
da existitzen (Maitane Gartziandia, 2015)
2017/10/19
HEZKIDETZA... zer ote da?
Hezkidetza nire
ingurukoen artean nahiko urrun dagoen kontzeptua dela konturatu naiz. Askok
aurpegi arraroa jarri didate galdera egin diedanean. “Bulling- arekin
harremanduta dagoen zerbait?” dio 2.DBHko ikasle batek. Etxekoen artean ideiarik
ere ez: “Eider, ez dugu zure hizkera hori ulertzen”. Eskerrak lagunartean
irakasle nahiko ditudala eta batzuentzako apur bat ezaguna dela.
Hortaz, inkesta
txiki honetatik lortu dudan ondorioa zera da: hezkuntzan lan egiten dugunontzat
ezaguna denez, berau ondo landu eta gizartera zabaldu behar dugu. Jasotako
emaitza negatiboek ez naute gogogabetu, erronka gogor eta aldi berean
interesgarria dugula pentsatu, eta lanean jarri naiz.
Eta zer da niretzat Hezkidetza?
Gai berria jorratzen hasi orduko, arlo honi buruzko
materiala irakurtzeaz gain, aurreko ikastaroko kideek idatzitakoari begirada
bat botatzea dut ere gustuko. Eta oraingo honetan,
Maite Elorza Alberdiren hitzak ekarri behar ditut gogora. Hezkidetza, berdintasunaz haratago izenburua duen postean, lagun batekin gertatutako anekdota azaltzen du. Izan ere, lagunak erakutsi zion, Hezkidetza hitzaren atzean
HEZI eta KIDE kontzeptuak daudela. Posta irakurtzen nengoela barre
algaraka hasi naiz, aste osoa hitz hori buruan bueltaka izan dudan arren, ez
naizelako horretaz konturatu!
Bestalde, Hezkidetzarekin erlazionatutako hitzen aukeraketa bikaina egin duela
ere uste dut. Nortasuna eta identitatearen garapena askatasunez landu behar dira, kideen arteko aniztasuna errespetatuz. Hau jorratzeko
gakoa hezkuntza da, eta prozesu honen
ezaugarririk garrantzitsuena pozik eta gogotsu bizitzea da.
Aurretik aipaturiko inkestaren ondorioak ikusirik,
Hezkidetza munduratu behar dugula da nire iritzia. Era berean, gaia tratatu
beharraren zioak datozkit
burura.
Lehenengo arrazoia, aurretik barneratutakoa desikastea da. Gizarte patriarkalean jaio eta hezitakoa naiz eta askotan esan behar ez dena
esaten dudala, pentsatu behar ez dena pentsatzen dudala eta transmititu behar
ez dena transmititzen dudala konturatzen naiz. Beraz, lekuz kanpo daudenak ahaztu eta
berreraikitzea da helburua.
Bestalde, identitate anitzak, familia eredu berriak eta nortasun ezberdinak ulertzea, errespetatzea eta beronek askatasunez tratatzea da nire asmoa. Horrela, gizarte inklusiboa sortzen delarik.
Sexu eraso eta
zapalketak gure sistematik at bidali behar direla da hirugarren zergatia.
Bestalde, denon eskubideengatik borrokatzea ezinbestekoa
dela ere uste dut eta hau Hezkidetzaren beste ardatz sendo bat da. Denok tokia dugun mundu
honetan elkarri lagundu behar diogu: gizon zein
emakume eta bertakoa zein atzerritarra izan.
Azkenik, Maite Elorza Alberdiren postari berriz so eginez, gizarte on, justu eta berdintsuago baten alde egin behar dugu, mundutar guztion zoriontasuna lehenetsiz.
2017/10/18
SARETU GAITEZEN
Sare
sozialek duten ibilbide laburrean, gure egunerokotasunean,
ezinbesteko tresna bihurtu dira. Ohikoa da, facebook, twitter,
instagram... bezalako aplikazioen erabilera, Kaletik gabiltzala ere,
pantaila bati lotuta aritzen gara sarritan, aurrekoarekin estropezu
egiteko arriskuarekin ia. Teknologia berriek duela urte gutxirarte
irudikaezinak ziruditen aldaketak eragin dituzte bai jendartean baita
norbanakoengan ere.
Beraien
sorburuan pertsonen arteko harreman digitalak sustatzea helburu zuten
sare hauek, ematen diegun erabileraren arabera lagun edo etsai
bilakatu dakizkigukeela jakina da. Komunikaziorako sortuak izan
baziren ere, ez dira gutxi pertsonen arteko inkomunikazioa sustatzen
dutela uste dutenak. Pertsonak pantailari lotuta bere bakardadean
aritzen baikara maiz. Baina ez hori bakarrik, egia da kontrolerako
tresna ezinhobeak ere badirela. Hona hemen, horren inguruan zuekin
partekatu nahiko nukeen hitzaldi bat.
Hala
ere, ezin daitekeena ukatu bada, gaurkotasunez interkonektatzea
ahalbidetzen dutela, izan ere, komunikaziorako, informaziorako,
lanerako edo besterik gabe asialdirako erabiltzen ditugun lanabes
hauen aukerak ugariak dira.
Aldeko
eta kontrako argudioak alde batera utzita, teknologia horiek
erabiltzen dakitenen eta ez dakitenen artean banatu da gizartea gaur
egun. Azken horiek “analfabeto berriak” izatera iritsiz. Helduak,
teknologia berrien erabilerari dagokionez, eszeptikoagoak garela
iruditzen zait, beldur eta ezjakintasun handia sorrarazten
digutelako. Gaur egungo nerabeek aldiz, jaiotzetik teknologia berriak
izan dituzte bizikide, hau da, beraiekin hazi egin dira eta ondorioz
teknologiari fobiarik ez diote. Sare sozialak erabiltzen ez dute
inolako arazorik eta bitxia da, nola haurrak diren helduen irakasle,
irakaskuntza prozesua irauliz. Halaber, ezjakintasuna erabilera
egokian dagoela iruditzen zait eta heziketa hori bideratzea da gure
zeregina.
Gainera,
sare sozialen bultzada aprobetxatuz, aldaketarako gogoa duten
pertsonen aktibazioa ekarri dute teknologia berriek, oihartzuna
biderkatzen dute eta antolakuntza dinamikoa ahalbidetu, kide guztien
parte-hartzea bultzatuz, munduko edozein pertsonarekin lotuz eta
hedabide askotan pentsaezinak liratezkeen mezuak zabaltzeko bidea
irekitzen da. Horregatik, hezkidetzarako ere aproposak direla
iruditzen zait. Gai honen inguruan geroz eta jende gehiago
kontzientziatzeko baliagarriak izateaz ezezik, ezaguera handitu eta
jakintza partekatzeko baliagarriak baitira. Saretu gaitezen beraz!
HEZKIDETZAREN INGURUAN PENTSATZEN
Oraingo honetan, hezkidetza kontzeptua sakontzen hasi gara.
Horretarako, lehenik eta behin honen inguruko informazio orokorra irakurtzeari
ekin diogu, hainbat egileren esanak aztertuz. Baina, hori egin ostean, gure
gertukoenen jakituria behatzeko txanda iritsi da eta horretarako, gaur egun
hainbeste erabiltzen ditugun sare sozialez baliatu naiz; horien bidez, nire
lagunei hezkidetza hitzaren definizioaren berri galdetu diedalarik.
Esan beharra daukat, apur bat harrituta laga nautela jasotako erantzunek. Izan ere, batzuk hitz honen inguruko definizioren bat eman didaten
arren (adibidez: “hezkidetza, ikasleak euren sexua kontuan hartu gabe heztea
da, hau da berdintasunean heztea”), beste zenbaitek hitza entzuten zuten lehenengo
aldia zela aipatu didate. Hori entzutean, galdera egin diedan pertsonen
ikasketa eta lanari erreparatu diot eta ohartu naiz, hitza ezagutzen duten
gehienak emakumezkoak izateaz gain, hezkuntza munduan lanean dihardutenak
direla.
Lagun batzuen ezjakintasun hori ikusirik, hauei hitz
honen definizio osatuago bat ematen ahalegindu naiz, orain arte honen inguruan
bildu ditudan kontzeptuak azalduz. Modu honetara, taldean gaiarekiko interesa
piztu dut eta berehala, honen inguruan hitz egiteari ekin diogu, bakoitzak
gaiarekiko bere iritziak azaldu dituelarik.
Nire inguru hurbila aztertu ostean, hezkidetza hitzari denbora tarte handiago bat eskaintzea erabaki dut, hitz hau osatzen duten hizkiekin egin daitekeenaren
inguruan pentsatuz. Honela, oso idazle ona ez izan arren, gai honen inguruko hitz batzuekin, ondorengo olerki moduko hau sortzea lortu dut.
Horretaz gain, aurreko urteko sarrerak ere behatu ditut eta horietatik, Ane Lenizen sarrera
gomendatzen dut. Izan ere, berak dioenarekin identifikatuta sentitu naiz. Niri
ere, oraindik zaila egiten zait hezkidetza hitza entzutean buruan bueltaka
ditudan kontzeptu guztiak biltzen dituen definizio bakar bat eraikitzea. Gainera, asko gustatu zait, berak eginiko hezkidetzaren akrostikan eskubidea hitza ikustea. Azken finean, uste dut hori dela hezkidetza, guztion eskubidea.
Hori honela izanik, argi
dago hezkidetza landu behar den zerbait dela. Horren arrazoia? Nire inguru
hurbilari erreparatuz, hau lantzeko arrazoi nagusiena jendeak hitz honen nondik
norakoak ezagututzea da. Baina horretaz gain, badaude beste arrazoi
sendo batzuk ere, hala nola:
- Pertsona guztiek gizartean (lanean, jolasetan, kirolean, hezkuntza) aukera berdinak edukitzeko, inongo bereizketarik (neska edo mutil) egin gabe.
- Egun gero eta kopuru handiagoan ematen diren emakumezkoen aurkako sexu erasoekin amaitzeko.
- Ikasleak genero eraikuntza sexistetatik at hezteko, ikusmolde androzentrikoak baliogabetuz.
- Aniztasuna onartuz eta estereotipoak alde batera utziz guztiok askatasunean bizi ahal izateko.
- Gure eguneroko ekintzetan arreta jarriz, ditugun jarrera ez hezkidetzaileak hobetzeko.
HEZKIDETZARI BURUZ HAUSNARTZEN
Aste honetan
hezkidetzaren munduan murgildu gara bete-betean eta horren inguruan asko
hausnartu ondoren, inguruko errealitatea behatzea eskatu zaigu. Sei laguni
hezkidetzari buruz galdetzea zen gure betebeharretako bat, esku artean
darabilkigun gai honi buruz jendeak dituen jakituriak ikuskatzeko asmoz. Hori
egiteko, kuadrillako lagun ezberdinei hezkidetza zer den galdetzeari ekin nion
eta honako erantzun hauek jaso nituen bueltan:
-
“Hezkidetza heziketa metodologia bat dela uste dut; ez nago oso ziur. Elkarren
arteko harremanetan oinarritutako metodologia, bizikidetza baloreak abiapuntu
bezala hartuta, elkarbizitza lantzea helburutzat duena”
- “Hezkidetzak
pertsona bakoitzaren jarrera, helburuak, garapen pertsonala… baldintzatzen
ditu, inguruko patroiei kasurik egin gabe”.
Beste
guztiek kontzeptu bera noizbait entzuna zutela baina bere esanahiaren inguruan
ezin zidatela ezertxo ere esan erantzun zidaten; asko jota, hezkuntza mota bat
izan zitekeela. Hori ikusirik eta dagoeneko, hezkidetzaren mezu hori munduan
zehar zabaltzeko helburuarekin, ikastaroan orain arte ikusitakoa eta neure
aurretiko jakituriak azaldu nizkien, gai honen inguruko berriketaldi politak
izan genituelarik. Elkarrizketetan nabari ahal izan nuenez, oso kontzeptu
interesgarria iruditu zitzaien; eta, ikastaroa amaitutakoan, guztiaren laburpen
bat egin diezaiedan eskatu zidaten.
Honekin
guztiarekin ikusi ahal izan dut oraindik ere hezkidetzarena asko zabaldu gabeko
gaia dela. Jende gehienak honi buruzko informazio oso gutxi du (nire inguruko
jendeak bai behintzat) eta ez dira sekula horren inguruan pentsatzen jarri.
Hala ere, nahiz eta gai ezezagun xamarra izan gehienentzat, oso gustura aritzen
dira honi buruz hizketan; eztabaidatzeko moduko gaia izanik. Gainera, termino
interesgarria iruditzen zaie; hezkidetzaren oinarriak, bizikidetza egoki bat
bermatu ahal izateko beharrezkoak direla aipatzen dutelarik.
Nabaria da
oraindik ere lan asko dugula egiteko hezkuntza modu hau inguruko pertsonei
helarazten. Ikastaro honetan ikasiko dugun guztiari esker, hezkidetzari buruz
jasoko ditugun ezagutzak elkarbanatu ahal izango ditugu; baita, gizartean duen
beharra mahai gaineratu ere. Hurrengo lerroetan, hezkidetza lantzearen
garrantzia azpimarratzen duten bost arrazoi ezberdin aipatzen dira:
1. Pertsona guztiok, emakumea edo gizona
izanda ere, dugun berdintasunerako eskubidea bermatzeko.
2. Genero rolak alde batera utziz, pertsona
bakoitza bere indibidualtasunetik hezteko.
3. Matxismoari eta honek
dakartzan ondorio txar guztiei (biolentzia, kasu) amaiera emateko.
4. Emakumeek testuinguru anitzetan pairatzen
dituzten desabantailak desagerrarazteko.
5. Haurrak txikitatik berdintasuneko
mundu batean hezteko.
(Argazkia handituz gero, hobeto ikusten da)
Amaitzeko,
aurreko edizioetako blogeko sarrerak behatu ostean, Olarizuk eginiko honek atentzio
deitu didala esan nezake. Hasieran ageri den sexua eta generoaren arteko
ezberdintasunak biltzen dituen irudia oso bisuala iruditu zait, bi termino
hauen ezaugarri nagusiak hobeto ulertzeko eta elkarren arteko diferentziak
ikuskatu ahal izateko baliabide erabilgarritzat jotzen dudalarik.
Gainera,
bost urteko gelan egindako esku hartzea oso aberasgarria dela uste dut.
Ezinbestekoa iruditzen zait hezkidetzan oinarritutako gizarte bat sortu ahal
izateko, haurrei txikitatik balore hezkidetzaileak helaraztea. Helburu hori
lortzeko, sarreraren autoreak proposaturiko ipuina baliagarria izan liteke,
estereotipoak hausten baititu modu dibertigarri batez.
2017/10/17
Sare Sozialak
Ez naiz sare sozialetan murgiltzea asko gustatzen
zaionetakoa. Ez dut sekula Facebook izan,
ez Instagram
ez horrelakorik. Twitter kontua ireki
nuen duela urte asko baina uste dut nire bizitza osoan ez dudala txio bat bera
ere idatzi. Whatsapp-aren kontura nahikoa begiratzen dut pantaila dagoeneko, gehiegi niretzat.
Teknologia kontutan oso zorionekoa naizela
iruditzen zait, adin bat dudanaren seinale edo, izan ere 80. hamarkadan lehen Spectrum horietatik abiatuta, teknologiak
bizi izan duen garapenaren lehen-lerroko lekukoa izan bainaiz. Ikaragarria izan
da bizitutako bilakaera!
Ez naiz ordea teknofoboa, ez horixe. Noski baliatzen naizela teknologia berriek
eskaintzen dizkiguten abantaila zoragarriez. Esaterako, bizikletaz ibiltzeko
GPS bidez gordetako ibilbideek Wikiloc bezalako webguneetan, edozein lekutan
hamaika ibilaldi egiteko aukera ematen dizkigu, eta horiek guztiak sare
sozialaren bitartez mundu osoarentzat dohain elkar partekatuak. Foro
espezializatu eta Youtubeko bideoen bitartez
hainbat gauza ikasi ditut (baita dirua aurreztu ere!) eta behin baino
gehiagotan nik neuk laguntza eskaini ahal izan dut baita ere. Kirola egitea
baino garrantzitsuagoa, injustizien aurrean jendartea batu eta mobilizatzeko
tresna izugarri indartsuak direla behin baino gehiagotan ikusi eta bizitzeko
aukera izan dugu. Esaterako: https://www.change.org/.
Ordea badirudi irabazi sozialaren kostuak banakoaren
kalitatearekin talka egiten duela, bai behintzat nire kalitate-irizpidearen
arabera. Pantaila elektronikoek eskaintzen
duten babesean, sare sozialak geroz eta jendarte ziurgabeago baten babesleku bihurtzen
ari direla jaso daiteke hainbat lekutan. Alde batetik geroz eta hiperkonektatuagoak baina
aldi berean isolatuagoak aurkitzen garela iruditzen zait. Ez da harritzekoa aurkitzea hainbat ikerketetan sare sozialek nola ahalmen sozialak ahultzen dituzten
jasotzea. Eta bestetik autoestimuaren debaluazioa, egiten dugun eta sareratzen
dugun ororen besteen oneritzia jasotzearen beharrak sortzen dituen antsietatea
XXI. mendeko gaisotasun berri bezala kontsideratzean. Honela ba, sare sozialak gauza guztiak bezala oso lagungarri baina aldi berean etsai bihurtu daitezkeela argi geratu behar da.
Nahiz eta jakin hainbat
gauza galduko ditudala bidean, nahiago dut, oraingoz behintzat, berdin jarraitu. Korreoak errebisatu,
nire bizpahiru foro eta egunkari digital ikusi eta segapotoa etxean utzita
pintxopotera joan! Dena dela, baliteke ikastaro honetarako nire
makina-txiotzaileari hautsa kentzea!