Historian zehar gizarteak matxista izateko joera handia izan duen arren,
azken urteetan berdintasunerako pausuak ugariak izaten ari direla ukaezina da.
Hala ere, oraindik ere gizonezkoek nagusitasun hori mantentzen dutela
begi-bistakoa da, emakumezkoenganako zapalkuntzak presente jarraitzen duelarik.
Gizarteko zenbait alderdi dira matxismo horrek barne hartzen dituenak; hala nola,
hezkuntza.
Hezkuntza gizarte patriarkalaren menpe dagoenez, matxismoaren zertzelada
nabariak azaltzen dituela agerikoa da. Jakinekoa da gizonezkoek presentzia
handiagoa izan ohi dutela testuinguru gehientsuenetan, emakumeak bigarren plano
batera pasatuz. Eskoletan ere horrelakorik gertatzen da. Curriculumari edota hezkuntza
baliabideei begiratu besterik ez dago benetako hezkidetza ematen ez dela
ikusteko.
Generoen artean dagoen alde hori laburtu ahal izateko, ezinbestekoa da
curriculum hezkidetzaile bat sortzea. Curriculumak pertsonak generoaren arabera
sailkatu beharrean, pertsona bakoitza izaki indibidual eta aske bat bezala
hartu beharko luke, hezkuntza parekide bat lortu eta berdintasunerako pausuak
ematea ahalbidetuz.
Aurreko hau lortzeko asmoz, hainbat gida sortu dira. Hauetan, ikastetxeetan
hezkidetzaren ikuspuntu hori nola sartu azaltzen dute. Hementxe uzten dizkizuet
Eusko Jaurlaritzak sorturiko “Hezkuntza-sisteman hezkidetza etagenero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Plana” eta Ereinek publikatutako
“Oinarrizko hezkuntzako ikastetxeetan hezkidetza eta genero-berdintasunarenplana lantzeko Gida”.
Bestalde,
hezkidetzaren pentsamendu hau zabaldu ahal izateko, etorkizunean protagonistak izango
diren haurrak horren inguruan heztea ezinbestekoa dela deritzot; hau da, inguru
hezkidetzaile batean heztea. Horretarako, eskoletako langile guztiei gai honen
inguruko ikastaroak emateaz gain, ikasleek hezkidetzari buruzko ikasgai bat
izatea beharrezkoa litzatekeela iruditzen zait.
Horrekin batera, ikas materiala birmoldatu eta eduki sexista ezabatu
beharko lirateke, eduki hezkidetzaileak sartzeko. Emakundek lan hau errazteko
asmoz, “Nola landu eta aukeratu hezkidetzako ikasmaterialak” txostena plazaratu
zuen.
Hezkuntzan aldaketak ikusi ahal izateko, ordea, gizartearen ikuspuntua
aldatu beharko litzatekeela uste dut; gizartea aldatzen den heinean, hezkuntza
ere aldatzen baitoa. Beraz, gizarteak betaurreko moreak jantzi eta modu
parekide batean pentsatzen hasi arte, hezkuntza guztiz hezkidetzailea lortzea
ezinezkoa dela uste dut. Hori dela eta, gizarte guztiaren mobilizazioa
beharrezkoa da, berdintasunezko mundu baten alde egiteko.
Amaitzeko, aurreko edizioetako postak irakurtzen aritu ostean, Ane Lenizek sorturiko
honetan partekatutako bideo hau ikustera animatzen zaituztet. Bertan, Kataluniako
herri bateko eskolan, patioak hobetu ahal izateko aurrera eramandako proiektu
bat ageri da. Anek dioen moduan, “patioa
ikaskuntza eta harreman espazio hezkidetzailea bilakatu dute, ikasleen eta
familien parte hartze aktiboaren bidez.”
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina