2018/11/12
FeminismoaK...
Feminismoa nola definitu buruan bueltaka nenbilela, ikastaro batean jasotako esaldi honetaz gogoratu naiz. Ikastaroa eman zigun pertsonak aipatu zuen, feminismoa, izatez, desagertzeko sortu zela. Izan ere, benetako berdintasuna lortuko bagenu, feminismoak borroka politiko moduan, ez luke zentzurik izango. Noski, badakigu, hau utopia besterik ez dela, beti beharko baitugu feminismoa, feminismoak.
Gehiago sakonduz, honela definituko nuke:
Nire iritziz, feminismoa borroka politiko bat da. Mundua aldatzea helburu duena, guztion ongizatea helburu izanik. Eta guztion ongizatea helburu duenez, ekologista, antikapitalista, antipatriarkala, anitzsexuala eta multikulturala.
Lehengo urteko ikastarokideen publikazioak irakurriz, Fionaren hau aukeratu dut. Hurbileko errealitate bat erakusten duelako, emakumea eta espetxea euskal herrian, eta ezagutzen ez nuen liburu bat aipatzen duelako, Ekhiñe Eizagirreren "Alde erantzira nabil".
Euskal Herrian eduki dugun eta daukagun borroka politikoaren baitan emakumeek jasandako zapalkuntza bikoitza ezin dugulako ahaztu, eta honek gogora dakarzkit gaur bertan Berria egunkarian "Torturaren indarkeri erantsia" artikuluan irakur ditzakegun testigantzak.
Ez dut nire errealitate hurbilean Feminismoak jorratu beharreko bi gaien inguruan galdetzeko tarterik hartu, baina nire ikuspuntua eman beharko banu, martxoak zortziko greba feminista aitzakia hartuta, honakoak planteatuko nituzke:
-ANIZTASUNA. Sexu, genero, arraza, kultura, gustu, bizimodu, ohitura...anitzeko errespetuzko mundua lortzea. Eta horretarako, norberak bere gertuko errealitatean, ahal duena moduan, borroka hau aurrera eramatea. Emakume etorkinen errealitatea ezagutuz, gerturatuz, aurreiritziak eraldatzeko lanean...Martxoak 8ko greba feministak hau oso presente izan behar duela iruditzen zait, emakume txuriok pribilejioak ditugula ezin baitugu ahaztu eta moduak topatu behar ditugu geure borroka moldeak zabaltzeko eta geure berdinak ez diren emakumean gerturatzeko.
-BIZI EREDU BERRIAK SORTU. Kapitalismotik at dauden erreferenteak eman, eta sortzen saiatu. Hezkuntzan, kalean, lagunartean, familian...haurrei eta gazteei bizitzeko modu osasungarriagoak daudela ikusarazi eta sortze horretan parte hartzaile egin.
Amaitzeko, emakume feminista bat aukeratzekotan Silvia Federicci aukeratuko nuke. Badira urte batzuk "Caliban y la bruja" liburua irakurri nuela, eta oso sakona eta potentea iruditu zitzaidan. Ondoren irakurri izan ditut feminista ezberdinen liburuak, Angela Davisen "Mujer,raza y clase", Yayo Herreroren "Ecofeminismo"...
Guzti hauek antzekotasun bat daukatela irduitzen zait, emakumea bere aniztasunean eta ingurugiroa. Silvia Federiccik feudalismotik kapitalismorako bidean, emakumeak erretzeak izan zuen garrantziaz hitz egiten du. Eta orduan konsziente izan nintzen, gaur egungo medikuntza orduan hasi zela, gizonena, zientifikoa, gorputzetik deskonektatua.
Liburu sakona eta irakurtzeko zaila dela esango nuke, datu historiko asko ematen dituelako; baina bizitzako momentu patxadoso baterako benetan gomendagarria iruditzen zait.
Donostian egin ziren jardunaldi feministetan 2016an Tabakaleran bera entzuteko aukera izan nuen, eta espero nuen moduan asko gustatu zitzaidan. Oso emakume interesgarria iruditzen zait, bizitzaz asko dakiela begietan ikusten diozun horietako.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina