2019/10/19

ZIBERAKTIBATU GAITEZEN!


Sare sozialekin dudan harremana TIC mailan dagoela esan dezaket, informazioa elkarbanatu eta lagunekin harremanetan egoteko erabiltzen baititut. Twitter eta Facebook kontuak eginak nituen baina ez ditut asko erabiltzen. Twitteren dudan rola nahiko pasiboa da, berriak irakurtzeko eta informatzeko erabiltzen dut baina nik ez dut apenas txiokatzen. Facebook dela eta, azken aldian ere, nahiko baztertuta daukat, sare sozial hau batez ere urruneko lagunekin harremana mantentzeko erabili izan dut.

Sare sozialen mundu honek itzelezko aukera ematen digula badakit, bai irakasle, bai hezitzaile eta bai feminista moduan. Nahiz eta orain arte nire “zibermundua” hutsala izan, kontziente naiz neska gazte zein emakumeok ziberaktibatu behar garela.

Ingurune digitala oraindik gizonen mundu bat izan arren, emakume erabiltzaileen datuak eskasak izanik (berdintasunetik urrun), eten-digitala jaisten ari dela dirudi (beti ere herrialde garatuetan) eta animatu beharko ginateke kultura teknologikoaren osaketa horretan parte hartzera. Bestela, gizonek jarraituko dute mundu hori okupatzen eta euren interes eta erabakiak tarteko, boterea eta (des)informazioa euren nahiera banatuko dute. Ondorioz, Ane Larrinagak dion moduan, emakumeok geroko munduaren eraikuntzatik kanpo geratuko gara.

Beraz, feminismoa ziberaktibatzea garrantzitsua dugu, alde batetik, gazteek erabiltzen duten tresna nagusia izanik, haiengana heltzeko eta haiekin feminismoaren edukiak eta praktikak integratzeko bidea baita. Bestetik, sare sozialek geure ahotsa hedarazi eta entzunarazteko aukera paregabea ematen baitigute.

Hori horrela, jarrai dezagun (edo horretan ez gaudenok animatu gaitezen) saretik berdintasuna praktikatzen eta geure buruari ahala ematen!!!



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina