2019/11/03

GENERO-INDARKERIARI BURUZ HAUSNARTZEN

Aste honetan genero-indarkeriaren inguruan hausnartzen aritu gara. Gizartea gogor astintzen duen gaitz soziala da genero indarkeria, nagusitasun-mendekotasuneko harremanetan oinarritutako pentsaera heteropatriarkalaren eredua. EMAKUNDEk Berdintasunerako VI. Planean emakumeen aurkako indarkeria hurrengo hitzetan definitzen du: emakumeen eta gizonen artean botere-harreman ez zuzenetan oinarritutako eta aukera-berdintasunik gabeko gizarteetan, emakume izate hutsagatik haien kontra egiten diren indarkeriazko eraso guztiek osatzen dute emakumeen aurkako indarkeria.

Aste honetako irakurgaiak gaitz honen inguruko hainbat datu interesgarri eta kezkagarriak plazaratzen zituen, hona hemen gehien harritu edo kezkatu nautenek:
  • Genero indarkeriak eta biktimizazio kopuruak  gorakada nabaria izan dute 2018. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan(%5,7a eta %6,32).
  • Gazteek gai honekiko duten ikuspegia, Ines Alberdik eta VerĂ³nica de Miguelek plazaratutako datuetan oinarrituz:
    • Mutilen %30 ados dago emakumeak probokatu egiten duela senarrak erasotzea.
    • Nesken %28a ados dago hurrengo esaldiarekin: gizon oldarkorrak erakargarriagoak dira.
    • Mutilen %33ak onuragarri deritzo bikotekidea kontrolatzea.
    • Emakume gazteen %28k aitortzen du bere bikotekidearen kontrolpean egotea.

Genero-estereotipoak eta hauen arteko hierarkizazioa eraiki eta ikasten diren moduan, genero-indarkeria ere ikasi egiten da. Ikaskuntza honen oinarrian Ines Alberdik dioen moduan sexismoa (emakumeen mendekotasuna) eta misoginia (emakumeen aurkako gorrotoa) daude. Menderatze-joera hau jendarteratze prozesuan zehar ikasten da. Honen adibide argia hainbat jolas dendetako katalogoetan ikus daiteke, “neskentzako” jostailuak zaintzara bideratutakoak dira (sukaldea, panpinak, aulkitxoa…) eta “mutilentzako” jostailuak, aldiz, jarduera indartsuetara bideratutakoak.
Aurreko ikasturteetako hainbat post irakurri ondoren, Irati Mendiguren-ek idatzitakoarekin geratzen naiz. Gaiaren inguruan hausnarketa sakona egiteaz gain eta hainbat baliabide erabilgarri eskaintzeaz gain, gai honi aurre egiteko motibazioa pizten du irakurlearengan.
Bukatzeko, eskolak hainbat erronka ditu genero-indarkeriari aurre egiteko:
  • Eskola konfidantzazko eta segurtasunezko eremu bilakatzea eta honetarako bideak sortzea.
  • Eraso gabeko eremu bilakatzea eta erasotuak izan direnak modu egikian laguntzea eta gainditzeko bideak eskaintzea.
Honetarako ezinbestekoa da genero-indarkeria identifikatzeko gaitasuna sustatzea, maskulitate hegemonikoa kolokan jartzea eta maskulinitate eredu berriei bere lekua eskaintzea, feminitate subordinatuen ereduak kolokan jartzea, gatazken transformazio baketsua lantzea, maitasuna kontzeptua lantzea, curriculuma eta baliabideak aztertzea, eta hezkuntza komunitate guztia eta gizartea inplikatzea.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina