Eskubideak berez bermatzen ez direnez, berdintasuna sustatzeko legeak behar ditugu, babesle eta arautzaile, emakumeak berdintasunean hazi eta hezteko eskubideak aurrera egin dezan, edonon.
Lege hauek hezkuntza prozesuei arretaz begiratzen diote, baita geure Erkidegokoek ere, baina behin baino gehiagotan arreta deitu dit esan izan denean “boluntarioa” dela. Uste dut
II. Hezkidetza Plana Euskalduna Jauregian aurkeztu zenean ere zalantza horrekin irten ginela, oholtza gainetik bi aldiz honelako aipamenen bat egin baitzen.
Ez dago dudarik legeak agintzen duena ezin dela boluntario batzuen erantzukizuna izan, eragile guztiok gaude inplikaturik, guztiok! Bestela nola Euskal Eskola Publikoaren Legeak eta gainerako lege eta dekretuek dioten bermea lortu? Irakasten denaren hezkidetzazko izaera bermatu beharra? Edukiak berrikusi eta zuzendu? Etxeko lanak eta zaintzak egin ahal izateko behar den prestakuntza eskaini? Material didaktiko guztia hezkidetzaile izan? Hizkuntza ez- sexista bermatu? Indarkeria matxista prebenitu, detektatu, esku-hartu?
Aurreko ediziotakoetatik Ixar-en post-a aukeratu dut Legea Vs praktika izenburua duena eta oraindik ezartzeko dauzkagun esku-hartzeei buruz gogoeta egin arazten diguna.
Bertan eskaintzen digun akrostikoa ere bikaina iruditu zait eta hemen berriz jaso nahi dut:
Eskola prestakuntza eta gizarteratze espazio pribilegiatua dela badakigu, baina eraldatzailea izatea edota balio menderatzaileei jarraikortasuna ematea zalantzan jarri beharrean guri dagokigu; guztion berezitasunaz aberastu ala gaitzetsi; harreman eredu berriak tratu onean oinarrituta eraiki ala…?
Bide hezkidetzaile horretan egiten jarrai dezagun: BERDINTASUNAREN ETA TRATU ONAREN BIDEAN.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina