2019/12/09

Emakumeen historia idazten

Jada aipatu dut Rosa Monterori pasa den udan entzundakoa: "emakume bat hiltzen denean, betirako hiltzen da". Ez dakit bere esaldia den edo beste bati berak entzunda, baina egia da emakumeen ekarpenak ez daude liburuetan batuta gizonezkoeenak batuta dauden moduan. Patriarkatuari esker, emakumeak ikusezinak dira. Ez daude historian, ezta literatura, ezta zientzian, ezta arteetan... Inon! Eta ez dira egon? Bai, emakumeen ekarpenak egon dira, baina ez dira jaso; eta askoren ekarpenak galdu egin dira. Batzuk esaten dute ez direla asko izan, baina ikertuz gero, makina bat agertzen dira.

Emakumeak "ahaztuak" izan dira, "gutxietsiak", "ikusezinak"... Euskal esaera zahar batek dio  «izena badu, bada» edo beste modu batera esanda, izenik ez duena, ez da existitzen. Eta horrela, emakumeak historiatik kanpo geratu dira, ez dira aipatu, horregatik ez dira existitzen. Orain gure lana da emakume guzti horiek "agertu egitea" eta testulibuetara ekartzea. Oso erronka handia, batez ere, estereotipo eta esandakoei aurre egin behar badiegu: "hori emakume batek egina?", "baina hori ez da literatura", "hori emakume batek asmatua?"...

Hori dela eta, aspaldi bota nuen sarera proposamen bat emakumeen ekarpenak ikusgai izateko. Ikasleek, edozein adina izanda ere, kartela egin behar dute ekarpen horiek azaltzeko. Proposamena euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez dago. Hainbeste kartel jaso nuenez Espainiako ikastetxeetatik, blog bat zabaldu zuen ikasleen lanak ikusteko eta emakumeen historia pixka bat zabaltzeko.




Benetan interesgarria da ikasleekin gaia lantzea. Hainbat gauza ateratzen dira, eta piloa ikasten da. Erakusketa bat ikastetxerako prestatzea, inguruko emakumeen informazioa zabaltzeko proiektu simplea da (informazioa aurkitzea ez da agian horren simplea). Hona hemen nire ikasleek, gehienak mutilak, egindako lana:


Iazko posten artean bat aukeratzea zaila egin zait, Maria Erostarberrena aukeratu dut, bat aukeratzearren. Guztiz ados nago berak eremu hezkidetzailea eta jendartean lantzeko erronken artean proposatzen duenarekin: 

- Curriculuma ikuspegi hezkidetzailetik birplanteatu, emakumeen ekarpenak azalaraziz.
- Formakuntza denontzat, hezkidetzan esku-hartzeko ezinbesteko tresna, baliabideak eskaini, inbertsio ekonomikoak...- Egindako lanaren ebaluaketa, hobetzeko.


Emakumeen ekarpenak ikertzen, hainbat emakume zoragarri aurkitu ditut eta bat aukeratzea zaila egiten zait. Ezagutu nahi baduzue emakume euskaldun espioia, Marga D'Andurain, Cautiva en Arabia liburua irakurtzea gomendatzen dizuet. Beste emakume misteriotsua, bai eta euskalduna ere, "Nornai", Ignacia de Zabalo, izango litzateke. Urte askotan pentsatu izan da bere nebak, Txikik, egin zituela berak eginiko ilustrazioak. Gerra Zibilean, bonba baten ondorioz hil egin zen eta gutxi dakigu bere inguruari buruz. Seguruenik bere ilustrazioak ezagutzen dituzuela:



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina