2020/02/10

Izan zeu sokaren bi muturretatik haratago


Identitatea, beste pertsonengandik bereiztea eta, aldi berean, talde baten partaide izatea ahalbideratzen duten ezaugarriei edo alderdiei dagokie, eraikuntza pertsonala eta banakakoa da, baina baita eraikuntza soziala ere.

Hazkuntzak, hezkuntzak eta sozializazioak zelan jantzi, espazioan zelan mugitu, zelan mintzatu, gure bizitza zelan antolatu irakatsi digute, gu gauza bat ala bestea izan.
Komunitatean onartuta sentitzeko, jendea ahal den moduan egokitzen zaio patriarkatuak gidatutako genero identitate bitarrari. Pentsaera bitar horrek naturalaren eta artifizialaren artean bereizi du, normala zer denaren araua ezarriz. Beraz, arautik desbideratzen dena arraro, arrotz edo anormaltzat jotzen da, jende diferentea baztertuz eta zigortuz.




STEILAS-en Genero eta aniztasun sexualerako gidaliburuan, Sistema bitarretik  eta heteroarautik haratagoko atalean, marrazki eta azalpenak oso garbi adierazten dute kontzeptuen ezberdintasuna:



  • Genero identitatea, norbera gizon, emakume edo bestelakorik izatearen pertzepzio subjektiboari dagokio. Genero estereotipo eta rolei loturiko eraikuntza soziokulturala da.
  • Genero Adierazpena, eremu sozial zehatz batean, genero-identitatearekiko adostasuna (edo adostasun-eza) erakusteko modu ezberdina da.
  • Sexu identitatea, Baldintza biologikoetan oinarritutako identitatea da, haur bati bere genitalen eta ezaugarri fisiologikoen arabera ematen zaion lehena.


Gizarte egitura aldatzeko, hainbat feministen ekarpenak ezinbestekoak dira: “Generoa ez da garena, egiten duguna da”. Zentzu horretan, "egoteko modu bat da, ez izateko modu bat".

Heziberri 2020 aztertuta, identitatearen garapena kokatzeko aukeratu dudan zehar konpetentzia, IZATEN IKASTEKO KONPETENTZIA DA:

"Bizitzan zehar agertzen diren sentimendu, pentsamendu eta ekintza pertsonalez gogoeta egitea eta haiek sendotzea edo egokitzea, haien gaineko balorazioaren arabera, bere burua etengabe hobetuz pertsona osorik errealizatzeko".

Konpetentzia hau bete ahal izateko, curriculum ezkutuan kontuan hartu beharrekoak hauek liratekeela iruditzen zait:
  • Erabiltzen dugun komunikazioa bere aldaera guztietan zaintzea.
  • Eskaintzen ditugun ereduak aniztasuna adieraz dezaten kontutan hartzea.
  • Sentimenduak aske adierazteko espazioan daudela ikustaraztea.


Aurreko edizioetako honako posta aukeratu dut asko gustatu zaidalako gaia nola laburbildu duen: Zu zeu izan askatasun osoz.

Gure inguru hurbilean genero-identitatearen inguruan aldaketak eman dira noski, baina ez eremu guztietan, ezta nahikoak ere! Identitatea prozesu irekia da, etengabeko eraikuntza. Identitateak anitzak direla eta, ikustea besterik ez dago zenbat kontzeptu ezberdin barneratzen dituen. Beraz, ezinbestekoa da kontzeptualizazioa anitza izatea: Zisgenero, transgenero, transexuala…

Gaur egun gure haurren ikastolan, haur hezkuntzatik hasita, gorputzaren lanketa egitean, jada ez zaizkie zakila gizonari eta alua emakumeari soilik lotzen. Aukera zabalagoa dagoela erakusten zaie, errealitatea beste bat dela eta hori, guri desikastea tokatu zaigu.

Naizen elkarteak argitara emandako ikas-materialean argi adierazten dute azken ideia hau:





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina