2021/01/14

EMAKUMEEI PROTAGONISMOA ETA BERAIEN LEKUA EMAN

 

Emakumeei protagonismoa eta beraien lekua eman

 



Denok dakigun bezala, emakumeek egin izan dituzten ekarpenak, ez direlako azaleratu edota ezkutatu egin direlako, hauek ikusezin bihurtu dira. Honek guztiak emakumeen errepresentazioan eta denboraren erabileran eragina handia izan du. Hau dela eta, bada garaia historia berridazteko eta  gure gizartean emakumeei bere lekua eta protagonismoa emateko.

 



Historian zehar emakumeak duen errepresentazioa eta espazioa aztertzen badugu, desberdintasunak anitzak dira eta arlo guztietan ematen dira. Hau dela eta, denak aipatzea ezinezko da eta batzuk bakarrik aipatuko ditut, baina horrek ez du esan nahi bakarrak direnik.

 Emakumeek, adibidez, hirian duten presentzia sinbolikoa areagotu egin behar da, gure herri eta hirietan, emakume-izena duten kaleak % 10 baino gutxiago dira, eta horietatik gehienek santa edo ama birjina baten izena hartzen dute. 

 


Honekin batera esan, Teresa Del Vallek urte asko eman duela gaia aztertzen, eta 1997an, “Andamios para una nueva ciudad” liburua kaleratu zuen.

Lan hura burutzeko, del Vallek ondo ezagun dituen hiri bitako kaleetan (Bilbo eta Donostia) barna ibili zen gora eta behera, galdetzen eta behatzen. Ondorioak ez du zalantzarako betarik uzten, hiri hauetako kaleetan ez da emakumeen izenik agertzen: "Izaera sexista agerikoa da". Beste horrenbeste esan daiteke munduko hiri gehienetan.

Adibide batzuk: Bilbon, 725 kaletan 28k besterik ez zeukaten andrazko izena 1997an. "Bilbotarrei euren hiriko emakume izendun kaleez galdetuta -dio del Vallek Andamios para una nueva ciudaden-, jendeak pentsatu egin behar zuen, baita emakumeek ere. Azkenean, gogora etortzen ziren bakarrak Maria Muñoz, Epalzaren alarguna eta Doña Casildaren parkea ziren". Inork ez zion aipatu Epalzaren alarguna eta Casilda de Iturrizar pertsona bera zirela.

 


                       

Kale bati izena eman dioten emakumeen artean -Bilbon beti ere-, zenbaitek gizon nabarmenekin ezkontzeari esker lortu zuten ospea. Casilda de Iturrizar bera da horren adibidea. Hala ere, Bizkaiko hiriburuko kale-izendegiko emakume gehienak erlijiotik datoz: santuak edo amabirjinak dira batez ere. Azkenik, hiruk baino ez dute euren lanbideari esker lortu kale-bataiatzaileen onespena. Gizonen kasuan guztiz alderantziz da: gehienak euren ogibidearen kariaz nabarmendu ziren.



“Andamios para una nueva ciudad”

 

Espazioaren diseinuan eta erabileran zentratzen bagara, hemen ikusi dezakegu espazioak orokorrean, bere erabileragatik definituak izaten direla eta hauen antolakuntzak boterearekin zuzenki erlazionatuta daude. 

 

Hirigintza, espazio publikoa antolatzeko modua bezala definitzen bada, jendartearen bizitzarekin lotura zuzena du. Erabilera maskulino batetik pentsatua izan da, lan produktiboak gauzatzeko definitua eta ez horrenbeste lan erreproduktiboak kontutan hartzeko. Hiria auto-gidarien mesederako diseinatuta dago eta horiek, oraindik ere, gizonak dira gehienbat

 



 


Enplegua duen gizona izan da hirigintzaren abiapuntu eta eredu horretatik at geratzen diren gainontzeko guztiak ez dira kontutan hartu. Adibide gisa, kaleen %80a errepideek hartzen duten bitartean %20a oinezkoentzako bideratua da,

Honekin jarraituz, hamaika ikerketa egin dira honezkero gizon eta emakumeek hiri barruan egiten dituzten eguneroko ibilbideez. Ondorioa argia da, eta beti bera: gizonek, oro har, ibilbide zuzenak egiten dituzte, eta emakumeek askoz zatikatuagoak. Bestela esanda, gizona etxetik lanera eta lanetik etxera joaten da, edo baliteke lanetik bueltan gimnasio batean edo taberna batean geldialdia egitea. Andrazkoaren bideek, berriz, askoz bihurgune gehiago daukate. Emakumeak etxerako erosketak, lana, umeak eskolara edota arratsaldeko ekintzetara eraman,…



Bideo hau ikusi ondoren, nire inguruan eraiki diren Haur-eskola eta Haur Hezkuntza eraikuntzekin gogoratu naiz. Eraikuntza hauetan askotan ikusi dugu gure lanaren eta batez ere umeen beharrak ez direla kontutan izaten eta hauek ez direla asetzen. Egoera desberdinak ikusi ditzakegu

-       Argitasun gutxi

-       Hezetasuna

-       Eskailerak jolas lekura edota beste leku batetara joateko

-       Kanpo espaziorik ez

 



-       Komunak eta aldagelak umeen beharretara egokitu gabe. Adib.: Umeak aldatzeko lekua txikia da eta haurra ez da ondo sartzen edota bertara igotzeko ez dago eskailerarik


Andamios para una nueva ciudad liburuarekin jarraituz, Teresa del Vallek hainbat orrialde eskaintzen dizkio sukaldaritzari. Esaldi honekin laburbil dezakegu donostiar antropologoak bertan dioena: "Euskal gizartean, sukaldaritza-ezaupideak etxetik kalera ateratzen direnean gizonezkoen jabetza bihurtzen dira, horrek dakarren prestigioa eta guzti".


Zer gordetzen da gizonak baizik onartzen ez dituzten gastronomia-elkarteetan?, galdetzen du del Vallek. Etxeari -eta beraz emakumeei- dagozkion jakintza batzuk, azken batean. Hau da, jatekoa prestatzeari buruz ostutako jakintzak, "gizonen menpeko leku batera eramanak eta testuinguru horretan jarriak". Prestakuntza hori ez da etxekoa bezalakoa. Lasai egiten da, lagun arteko giro alaian, gozatuz. Ez da arineketan eta sarritan aurrekontu murritzegiaz prestatutako eguneroko otordua, dio del Vallek, zerbait bereziagoa baizik: "Inork ez du esaten 'hau ez dut gustukoa edo Hau atzo ere ipini zenigun'". Etxetik kalera jauzi egitean -bestela esanda, emakumeengandik gizonengana-, sukaldaritzak duintasuna eta ospea eskuratzen ditu.

Bukatzeko, eskolako espazioak aipatu nahi ditut. Hemen ere desberdinak aztertu eta hobekuntzak proposatzeko garaia da.

Gauzak honela, eremu hezitzailean aurretik aipatutakoa lantzeko erronkak honakoak direla iruditzen zait:

- Espazioek eta denborak, zein errepresentazioak duen garrantziaz ohartu eta sentsibilizatu.

- Berdintasuneko espazioak ikastetxeetan diseinatu, berrantolatu eta sustatu.

- Genero rolei atxikitzen ez zaizkien jolasak eta jolas ez-sexistak sustatu.

- Emakumeak ahaldundu espazio publikoa bereganatzeko.

- Espazio publikoan (hiri zein herrietan) emakumeen izenak erreferente bilakatu (emakumezkoen kale izendegia handitu).

Aurreko edizioetan egindako post-en artean Maite-rena aukeratu dut, izan ere, hirigintza feminismoaren ikuspegitik lantzeko aurkezten duen artikulua oso interesgarria iruditzeaz ezezik, aproposak ere iruditu zaizkit patioen inguruan partekatu dituen irudiak. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina