2021/02/01

ZUEK ERABAKI ZER ERAKUTSI

 

 


Asteak daramatzagu ikastaroan hezkidetzarekin bueltaka. Nik esango nuke nahiko argi dugula hori dela bidea. Eta esango nuke ere hezkuntza munduan dabilen inor ez dela ausartuko kontrakorik esaten.

Zer gertatzen da orduan? Zergatik kostatzen ari zaigu hainbeste hezkidetza eskoletako ADNan egotea? Zein dira erresistentziak? Nola egin dezakegu horiei aurre egiteko?


Argudio asko zerrendatu ditzakegu eskolan eta curriculumean hezkidetzak dena zipriztzeko beharra defentzatzeko. Baina bi bakarrik emanen ditut:

  1. Hezkidetzarik gabe nekez lortuko dugulako jendarte justu bat.
  2. Profesionalak garelako. Eta, sinesmenez haratago, Hezkuntza arautzen duten legeek hala agintzen digutelako.

Bloke honen irakurgaian lege mordoa aipatu da. Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehazten eta ezartzen duen 236/2015 Dekretua azpimarratu nahi dut, hori baita derrigorrezko hezkuntzako curriculuma zehazten duena. Hara zer dioen curriculumaz eta baliabideez:

17. artikulua.– Hezkidetza-helburuak arloetan eta ikasgaietan txertatzea.

1.– Hezkuntza-eskumenak dituen sailak hezkidetza-proiektuak egitea eta hezkuntza-proiektu eta curriculumetan hezkidetzako helburu hauek sar daitezen sustatuko du:

a) Emakumeei eta gizonei esleitutako portaera-eredu soziokulturaletan oinarrituta eraiki diren sexuaren araberako aurreiritziak, estereotipoak eta rolak ezabatzea, sexu bateko zein besteko ikasleei beren buruak erabat garatzeko aukerak eskaintze aldera.

b) Emakumeen jakintza eta gizadiaren garapenari egin dioten ekarpen soziala eta historikoa txertatzea, irakatsitako edukiak berrikusiz eta zuzenduz, hala dagokionean.

c) Beharrezko jakintzak gehitzea, etxeko lanak eta pertsonen zaintza dela eta, neskek nahiz mutilek gaur egun dauzkaten eta etorkizunean izan ditzaketen beharrizanen eta erantzukizunen ardura har dezaten.

d) Ikasleak trebatzea, aukera akademikoak egiten dituztenean ez ditzaten aintzat hartu gene­roan oinarritutako baldintzapenak.

e) Emakumeenganako indarkeriaren prebentzioa; horretarako, gatazkak konpontzeko indarke­riarik gabeko metodoak ikasiko dira, bai eta aniztasunean eta emakumeen eta gizonen eskubide- eta aukera-berdintasunean oinarritutako bizikidetza-ereduak ere.

2.– Era berean, ikastetxeek Oinarrizko Hezkuntzaren maila guztietako tutoretzan sartuko dute indarkeriazko jokaeren prebentzioa eta eguneroko bizitzari buruzko eduki zehatzak, eta bertan txertatuko dira gai hauek: etxea, pertsonen zainketa, harreman pertsonalen funtzionamendua, gatazkak konpontzeko indarkeriarik gabeko metodoak, eta sexuen berdintasuna eta aniztasuna errespetatzen duten bizikidetza-ereduak.

26. artikulua.– Curriculuma garatzeko material didaktikoak eta baliabideak.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoan erabiltzen diren material didaktikoetan, hezkidetza-helburuak azalduko dira. Bestalde, hizkuntza ez da modu sexistan erabili behar, eta irudietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta estereotipatu gabekoa bermatu behar da. Dena dela, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak debekatu egiten du pertsonek sexu batekoa edo bestekoa izateagatik duintasun gehiago edo gutxiago dutela edo sexu-objektu soilak direla adierazten duten testu-liburuak edo material didaktikoak zabaltzea eta erabiltzea, bai eta emakumeenganako indarkeria justifikatu, horri garrantzia kendu edo horretara bultzatzen dutenak ere. Era berean, aniztasun familiarra eta afektibo-sexuala agertu behar da curriculum-materiale­tan, gainerako errealitate kulturalak, etnikoak...

HORI GUZTIA… AGINDUZKOA DA!!


Emakundek 2018ko martxoak 8 dela eta argi uzten zuen: zuek erabaki zer erakutsi!!

 


 

Gure erabakia da, beraz. Teoria badakigu. Materialak badaude. Nahia badugu. Zailtasunak ere bai. Baina tira, ari gara!! Begira bestela Irungo Toki Alai eskolan egiten ari diren lana Nahiko programaren baliabideak erabiliz.




Uste dut ageriko curriculumean eta, batez ere, curriculum ezkutuan (zenbat lan!!) eragin nahi baldin badugu ezinbesteko 4 pausu eman behar ditugula:

  1. Sentsibilizazioa: eskola komunitate osoak hezkidetzaren beharra barneratu behar du. bestela, jai dugu!
  2. Diagnostikoa: eskolako benetako egoera ezagutzeko ezinbesteko lana da diagnostiko on bat egitea, zeri heldu jakiteko.
  3. Planifikazioa: diagnostikotik abiatuta, helburuak finkatu eta planifikatu.
  4. Ebaluazioa: egin duguna aztertuz aurrera jarraitzeko.

Bukatzeko, aurreko edizioetako ikaskide baten posten artean, Janirek egindakoa aukeratu dut nik aspaldian egiten dudan aldarrikapena egiten duelako: testu-liburua alboratu behar dugu eta bestelako baliabideak bilatu. Izan ere, uste dut testu-liburuek asko baldintzatzen dutela gelan egiten duguna . Aste hauetan material ugari biltzen ari gara, ezta? Badugu zeri heldu! 😉



 

 

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina