Aste honetako errepresentazio eta denboraren erabileraren gaian eremu zabaleko kontzeptuak aztertu dira dokumentazioan; egunerokotasunean erabat presente daudela konturatu naiz.
Espazio fisikoaren kasuan, harrigarria da emakumeek zein errepresentazio eskasa duten orokorrean; urbanismoaren kasuan egindako ikerketei esker, udalerri desberdinetan emakumeen memoria berreskuratzeko hainbat ekimen jarri dira martxan dagoeneko, baina oraindik asko daukagu egiteko.
“Aipatzen ez dena ez da existitzen, ez da errekonozitzen”
Zaida Fernandez
Zaidak egindako ikerketaren aurkezpenean, Mapa de las huellas de las mujeres en Basauri, emakumeen aztarnak berreskuratu ditu; emakumeek espazio desberdinetan (plazak, parkeak, ea) izan duten presentzia, jarduerak, ea; udalerri desberdinetan agertzen diren ezaugarri berdintsuak aipatzen ditu bere ikerketaren aurkezpenean.
Hirigintzarekin lotuta, interesgarriak iruditzen zaizkit Oihane Ruiz Menendez arkitekto hirigileak “Mujer, urbanismo y ecologĂa” artikuluan aipatzen dituen ideiak:
“Hiri feministak indarkeriarekin (alderdi matxistak, klasekoak, arrazistak, etab.), osasungarritasun-baldintzekin, haurren babes eta eskubideekin, zaintza eta mendekotasunekin, erabileren eta erritmoen nahasketarekin, bizi eta bizi denaren babesarekin, hirirako eskubidearekin eta hiri-partaidetzarako eskubidearekin (ez kontsumitzaile gisa, baizik eta subjektu aktibo gisa) lotutako gatazkak planteatzen ditu”.
Artikuluan aipatzen du Franziska Ullmann arkitektoak Vienan egindako lana, "Hiriaren begiak" deitzen dio laneko espazioak (sukaldea) parke eta jolastokiekin lotzeari, haurren autonomia sustatzeko.
Menpekotasuna duten adinekoentzako apartamentuak eta gazteen estudioak nahastea aipatzen du, zaintza eta sinergia informalak sustatzeko.
Oihane Ruizek, Hamaika Telebistarako egindako “Hirigintza eta generoa” saioan hirien eraikuntzan eredu patriarkalak zer eragin izan duen azaltzen du; hirigintzaren diseinuan, eredu bakar bat hartu dute kontutan: gizonezkoa, etxetik kanpo lan egiten duena, kargurik gabekoa …
Bestalde, gogora ekartzen digu emakumea esfera produktiboan (lana) eta erreproduktiboan (umeak, zaintzak…) egon dela beti, baina gizonezkoa, aldiz, produktiboan bakarrik, horregatik ikuspegi sexistarekin antolatu dela hirigintza.
Horretaz gain, saioan aipatzen da ere emakumeen errepresentazio eskasa kaleen izendapenetan, baita ere hainbat espazio publikoetan emakumeek duten beldurra.
Eskolen kokapena ere aipatzen da bideoan, eskola askotan hiritik kanpo edota urrun dago, eta horrek ez du hurbiltasunaren irizpidea bermatzen; eskolako patioen inguruan diseinuak nola baldintzatzen duen erabilera aipatzen dute.
Eta guk ….
Nola eman buelta hirigintza eredu horiei?
Nola eman bizitza gaur egun gure herrietako kaleei?
Eta eskola eremuan?
Bizi dugun eredu kapitalistak kontsumitzeko ohiturak aldatzera eraman gaitu eta gero eta gehiago ikusten dira komertziorik gabeko kaleak, herri txikietan behintzat…
Eremu hezitzaileetan /jendartean lantzeko erronkak:
Eskolaren esparruan
Eskolako patioen berdiseinua, eredu hezkidetzailea kontutan hartuta;
Erabaki adostuak hartzea jarduera desberdinak proposatzeko.
Komunen berdiseinua eta erabileraren berplanteamendua.
Ikasleekin elkarbizitza-espazioen eta denboren hausnarketa egin.
Hirian / herrian:
Hirietako auzoetan eskolak izatea, ez hiritik kanpo, hurbiltasuna bermatzeko.
Erabilpen anitzak sustatzea kalean, bizitza sortzeko.
Guzti horretarako, sentsibilizazioaren beharra ezinbestekoa ikusten dut, eremu hezitzailean zein jendartean, begirada hezkidetzailetik ulertu behar baitira planteatzen diren erronkak.
Aurreko edizioetako post hau aukeratu dut:
Ni naiz...Hi haiz...Hemen gaude !!!
Animazio bisualak sartu ditu datuak adierazteko eta modu erakargarrian irakurtzen da informazioa;
Patioen inguruko bideo interesgarria du:
Red de patios inclusivos y sostenibles
Bukatzeko, opor garaia bueltan dugula eta, Donostiako San Telmo museoan 2021eko azarotik 2022ko martxorarte ikusgai izango den erakusketa aipatuko dut, emakume artisten presentzia eta errepresentazioa ikusgai duena.
BAGINEN BAGARA. EMAKUME ARTISTASK: IKUSGARRITASUN(EZ)AREN LOGIKAK
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina