2021/04/24

Aurrera jarraitzeko ilusioa, itxaropena eta gogoa

Nork esan behar zigun orain dela 22 aste, ikastaroa hain azkar bukatuko zenik. Ikastaroaren helmugara iritsi gara eta niretzat oraindik hasieran nago, hezkidetzaren inguruko ibilbidearen hasieran soilik. Gauza asko ikasi, bakoitzak bere buruarekin hausnarketa sakonak egin eta besteekin baliabide eta esperientziak partekatu ditugu; Ikastaroak gauza asko eman ditu, baina niretzat garrantzia handia du aurrera jarraitzeko ilusioa, itxaropena eta gogoa piztu duela.

 


Informazio asko jaso dut, baina oraindik artikulu, liburu,… irakurtzeko ditut. Hainbeste informazio berri eta orain hausnarketa sakona, dena barneratu eta gehiago ikasi eta des-ikasi garaia da.

Esan bezala, aste bakoitzeko irakurgai eta informazio iturri ezberdinetatik ideia ugari barneratzeko aukera izan dut, baina, esan beharra daukat, ikastaro-kideen ekarpenek asko lagundu didatela; elkarren iritziak partekatzeak, norberaren ideia eta pentsamenduak zabaltzeko aukera ematen du. Benetan, esperientzia aberasgarria izan da foroetako parte hartzea eta baita, blogeko ikastaroen hausnarketak irakurtzea ere. Beraz, MILA ESKER PARTE HARTU DUZUEN IRAKASLE ETA IKASLE GUZTIEI.

 


Foroak, partekatutako bideoak zein materialak... oso interesgarriak eta anitzak izan dira. Askotan, denak nahi beste sakontzeko aukerarik izan gabe, egunerokoaren errutina bizian murgilduta egin dugu aurrera. Ez da erraza izan familia, lana eta ikastaroa batera aurrera eramatea, baina lortu dugu.

Ikastaroa hasi aurretik entzuna nuen bidea ez zela erraza, aurretik lan asko izango genuela eta ordu antolaketa zaila izaten zela. Eta hala izan dela konprobatu eta egiaztatu dut. Asteroko erritmoan irakurgaiak landu, ingurua behatu, arakatu eta hausnartzea, ariketak banan-banan egitea... ez da lan makala izan. Denbora eta dedikazio handia eskatzen duen ikastaroa izan bada ere, aitortu beharra dut gai askotan sakondu eta ikasteko aukera eman didala.

Eta orain zer? Orain lanean tinko jarraitu behar dut. Espero ditudan helburu guztiak ez ditut lortuko, baina gutxi batzuk lortuta ere irabazle sentituko naiz.




Ondo izan eta zaindu. Laster arte

PAUSOKA PAUSOKA

 

Aste hauetan ikastaroari esker bizi izan dudana oso intentsoa izan da. Astero hausnarketa pertsonalerako proposamen interesgarria aurkitu dugu. Pertsonalki nola nago gai honekiko? Nire ingurua? Nire eskola? … eta hortik gure bidea eraikitzen joateko informazio, baliabide ugari eskaini zaizkigu.

Gainera, astez aste oraingo eta aurreko urteetako ikaskideen ekarpenak irakurtzeko beta ere izan dugu. Irakurketa horiek ere oso aberatsak izan dira niretzat.

Denbora aldetik esfortzu handia eskatu didan esperientzia izan da baina egindakoak asko merezi izan duela uste dut. Betaurreko morak jantzita ditudala nabil orain .



Aurkezpenean esan nuen bezala datorren ikasturtean eskolako zuzendaritza taldean egongo naiz eta orain gure eskolak eskola hezkidetzailea izateko eman beharreko pausoak zein diren argiago daukat.

Lan praktikoan eskolan egiteko diagnosia prestatu dut eta gogotsu nago hemen ikasitakoa eskolan aplikatzen hasteko!!

Agur esateko aukeratu dudan abestia honako hau da:




Pausoka pausoka joango garelako bidea egiten irribarrea ezpainetan dugularik!

HEZKIDETZAN ESKU HARTZEN ikastaroa egitea oso aberasgarria izan da. Profesionalez osatutako talde batek eginiko ikastaroa aurkitu dut eta arro nago ibilbide hau egin dudalako. Ikastaroan  zehar egin ditudan hausnarketa pertsonalei esker nire beldur, muga askoren jatorria ezagutu dut eta behin ezagututa hauei aurre egin eta ni ahalduntzeko aukera izan dut. Banoa aurrera!!

Bide honetan aurkitu ditudan ikastaro kideei eskerrak eman nahi dizkiet astero egin dituzten ekarpenengatik. Nekatuta nengoen asteetan ere beraien ekarpenak irakurri eta aurrera jarraitzeko indarra ateratzen nuen.  Asko ikasi dut beraien hausnarketak irakurriz, denon artean irakasleek proposatutako gaiak aberastu ditugulakoan nago.

Gure ibilbidea hemen bukatu da, irrikitan nago hurrengo ikasturteetan etorriko diren kideen ekarpenak irakurtzeko!! Aberastasuna ematen duen ikastaroa da benetan!

 

Ikastaro honen amaieran itxaropenez beteta nago. Erronkaz beteriko bidea dugu aurretik baina bidea oso ilusionagarria da!! Eskola hezkidetzaileak bilakatzeko aukerak ezagutu ditugu eta orain lanerako garaia da!!

Betaurreko moreak eskola komunitate guztietako partaide guztiek janztea da erronka!!

Plazer bat izan da zuek guztiok ezagutzea!!

Ondo izan!!


2021/04/23

AMAIERA... HASIERA BAINO EZ DA!


22 aste trinko hauetan goian adierazitako kontzeptuei buruz eta beste hainbesteri buruz hausnartzeko aukera izan dut. Ikastaroaren hasieran onartu nuen bezala, ezjakina nintzen hainbat arlotan. Orain, jasotako guztia mamurtzeko eta irensteko parada hartu beharko dut praktikan jartzeko, pixkanaka-pixkanaka bada ere.

Eskerrik asko guztioi, bai irakasleei bai ikaskideei, jasotako feedbackagaitik eta lankidetzagatik. Ikusi dugun bezala, oraindik badugu lana egiteko gure ikastetxeak hezkidetzaileagoak izateko. Egingo ahal dugu berriro ere topo bide horretan!