2021/10/09

Oinarria zein den badakigu?


Post hau idazten hasi aurretik, nik neuk ere denboratxoa pasatu dut txio, atsegin dut eta beste botoi batzuen aurrean zer eta zelan egin jakin gabe. 

Izan ere sare sozialen parte naiz, baina ez ditut asko erabiltzen; eta erabiltzen ditudanean artikulu, irudi edo bideoak ikusteko edo irakurtzeko izaten dira, ekarpen urriak eginez. 

Irakurgai denek dituzte sare sozialak izapide eta horien atzean dauden genero arrakala, nerabeak, ziurgabetasuna, emakumearen presentzia, anonimotasuna… 

Eredu analogikoan emakumearen presentzia gizonezkoenarekin konparatuz urria edo gutxietsia badago, teknologiarekin zerikusia duen arloan ere horrela izatea normala iruditzen zait. Azkenean mundu paraleloak izanik eta elkarbizitzen duten momentutik, batean desoreka badago, bestean ere egongo da. Eta hor lan asko dugu egiteko. Ziberfeminismoaren betaurrekoak behar-beharrezkoak ditugu. 

Atzera begiratuz gero, genero berdintasunean aurrerapauso handiak egin badira ere, oraindik asko dugu egiteko. Eta sarritan, hezitzaile moduan, eskolaren gain uzten dituzte betebehar horiek. Gainera, digitalizazioari dagokionez, ikasleak hezteaz gain, oraindik arrotza zaigun mundu horretan irakasleok ere formatu beharko ginateke. Sarritan erantzun posibleak eman beharrean, zalantza gehiago sortzen dugulako. 

Oinarritik hasi beharko genuke lanean, baina oinarria zein den badakigu?




Interes falta ala denbora falta?

Emakumeek sare sozialetan duten parte-hartze aktiboari buruz hausnartzen hasten banaiz, ondorioztatzen dut neska gazteen artean ez dagoela hain arrakala digital handirik mutilekin konparatuz. Hala ere, eta nire pertzepziotik, neska horiek heltzen diren heinean, Interneten duten presentzia gero eta txikiagoa da, eta nire ustez, okupar las redes sociales del amo artikuluak dioen bezala, oraindik ere genero-rolak oso indarrean daudelako gertatzen da, hau da, gehienetan emakumeak dira guraso nagusien edo seme-alaben zaintza, etxeko lanak... denbora gehien ematen dutenak, eta horrek zuzenean eragiten dio Interneten egoteko duten denborari. Ziberespazioa oso azkar doa, eta ez badiozu denborarik eskaintzen, erraza da atzean geratzea. Denborarik gabe, arrakala digitala handitu egiten da. 

Baina argi dago emakumeen presentzia sare sozialetan garrantzitsua dela, #Metoo, #Niunamenos...hashtag-ekin egiaztu ahal izan dugun bezala.Sareetan ateratzen denak biral bihurtzeko aukera du, eta, horrela, bertan murgiltzen ez diren pertsonengana ere iritsi daiteke. Baina nork kontrolatzen du gai bat birala izatea? Interes asko daude, hori asko nabaritzen da hauteskundeetan. Bot-ak ahaztu gabe, batez ere Twitterren agertzen diren profil faltsu horiek, albiste jakin baten aldeko edo kontrako oihartzuna zabaltzen dutenak.

Sofatik egindako aktibismoa. Asko gustatzen zait esaldi hori, gauzak etxeko erosotasunetik eta sare sozialen anonimotasunetik aldarrikatzea, baina beharrezkoa da beste pauso bat ematea eta Internetetik kaleetara pasatzea. Balia dezagun sare sozialen boterea emakume guztiak feminismoaren alde bultzatzeko.




 


 

2021/10/07

Ikuspuntua aldatuko ote dut?

 

Zera aitortu behar dizuet; ez zaizkit sare sozialak gustatzen. Besteak beste, denborak ihes egiten didan sentsazioa eragiten didate, eta ez zait gustatzen.

Jakin badakit ezinbestekoa dela sare sozialak ezagutzea baita maneiatzen jakitea ere; badakit gure ikasleen bizitzaren alderdi garrantzitsua direla. Badakit komunikaziorako, zabalkunderako, eztabaidarako, ideiak zabaltzeko, iritziak kontrajartzeko eta beste hamaika zereginetarako tresna direla.     

Halere, hori guztia jakin arren, ez zaizkit gustatzen.

Ez dakit; horrelako presio bat eragiten didate…Alde batetik, pentsatzen dut ideiak konplexuegiak direla lau hitzetan azaltzeko; denak ertz gehiegi dauka, eta horiek guztiak ez aipatzeak ezintasuna eragiten dit. Beste alde batetik, ez dut gogoko sare sozialetan, oro har, irudiak daukan indarra; bada, sare sozialetan parte hartuko banu, ez nuke jakingo zer argitaratu, zertarako, zergatik…

Sare sozialak erabili izan ditudanean intereseko guneak edota proiektuak jarraitzeko erabili ditut, ez besterik. 

Ez dut ukatuko; irakurgaiek baztertu dudan ikuspegia ekarri didate. Hala, ziberfeminismoaren kontzeptuak zerbait eragin dit; azken finean, sare sozialak gizartearen beste esparru bat diren heinean,  borroka espazioa ere badira: sexismoa agerian uzteko, ereduak deseraikitzeko, eta beste batzuk sortzeko… Bai, horretarako eta askoz gehiagorako erabilgarriak dira sare sozialak. Baita emakumeak ikusgarri egiteko ere. 

Agian konbentzitu nauzue. Batek daki.

Haatik, oraindik ere, nahiago dut aurretik aipatutako gauza guztiak modu analogikoan egin, zer egingo diogu ba?



2021/10/06

AURKEZPENA SANDRA

 KAIXO EKIPO!

Sandra naiz, kostata baina ikastaroan parte hartzea lortu dut 😅. Hogeita hemeretzi urte ditut eta haur hezkuntzako irakaslea naiz. Ikastetxean beste postu batzuk bete ondoren, berriro gelara bueltatu naiz eta ikasleekin egoteaz berriz gozatzen ari naiz.

Ikastaro honen bidez nire begirada zabaltzea eta estrategia eta baliabide berriak eskuratzea gure eskolako egunerokotasunean aplikatzeko espero dut. Aldi berean, pertsonalki nire pentsamendua kritikoa garatzea espero dut eta horretarako birplantetatu eta zalantzan jarri behar iznago ditut barneratuta ditudan eta sarritan jabetzen ez naizen ideiak eta jarrerak.

Ez zait erraza egiten animalia edo kolore bat aukeratzea baina aukera beharrean hegazti bat aukeratuko nuke, dena zerutik ikusi ahal izateko eta nire interesetako zerbait topatzerakoan berehala ailegatzeko, aztertu eta esploratu ahal izateko.

Ikastaro honetan gehien izutzen nauena sare sozialaren erabilera da. Inoiz ez dut lan talde birtual batean eta onartzen dut ez dudala behar bezala erabiltzen esparru hau, baina espero dut pixkanaka ohitzea eta trebatzea.

Tratu on (line)

Nork ez du sare sozialik gaur egun? Izan bai, baina erabili? Eta erabili, zertarako? Bizipenak konpartitzeko erabiltzen dituzte batzuek. Mendi buelta batean ateratako argazki politen bat ipintzeko, lagunarteko momentu barregarri bat erakusteko, etab. Ondo pasatzeko, azken batean. Baina ustez inofentsiboa den ekintza hori bera bihur liteke eraso iturri. Lodiegi zaudelako, argalegi, arropa desegokia daramazulako soinean, edo beste barik existitzen zarelako. 

Eta zer esanik ez argazki soil bat argitaratzetik zure iritzia adierazterako pausua emandakoan. Orduan bai. Iritzia duen emakumea, bai piztia arriskutsua. Orduan etorriko zaizkizu irainak, desprestijiatze ahaleginak, "puta"-k, "feminazi"-ak. Orduan boten mehatxuak.

Sare sozialetan ere egon behar dugu emakumeok. Plaza hori ere geure egin behar dugu, geure ahotsa entzun dadin, geure iritziak leku bat izan dezan. Baina nor dago prest bueltan etor litekeenari eusteko? Ez ahal da errazagoa oihan horretatik alde egitea?

Horren harira, lehengo asteko Berrian agertutako artikulu bat gomendatuko dizuet. Txakur Gorria sormen kolektiboko Ane Labakak idatzia eta Malen Amenabarrek marrazkiz lagundua. Zer pentsatu handia eman zidan. Euskal emakumeak sareetatik desagertzen ari omen gara. Ez omen da espazio segurua guretzat. Zelan izango da, ba, egunero eraso kabi bihurtu den (ez)leku bat eroso, bizigarri edo seguru? 

Modu baikorrean amaitzeko, dirudienez, Ines Osinaga musikariak ere artikulu hori berori irakurri zuen lehengoan. Ordura arte ez zuen sare sozialik erabiltzen. Artikulua irakurri eta zerbaitek klik egin omen zion. Emakumeok plazan egon beharra sentitu zuen, edo horrela azaldu zuen behintzat orain gutxi ireki berri duen Instagrameko kontuan, story bidez. Beraz, berri onak ere badaude. Ondo etorri, Ines. Elkarren indarra hartu eta plazara salto egiteko adorea hartzen dutenen presentziaz gozatu eta behar dutenean babestuko ditugu. Eman diezaiogun elkarri tratu on (line). Plazan segi dezaten, dezagun. 



2021/10/05

5 ARTIKULU DESBERDINEN ZUKUA

      

  5 ARTIKULU 

DESBERDINEN ZUKUA




“Munduak ezin du galdu daukan talentuaren erdia”.

Ezin da idatzi esaldi zuzenago bat. Gainera: ¿Nork pairatzen du galera horren ondorioak? Mundu osoak!

 “Neskak eta emakumeak garapen teknologikotik at daudela erakusteko ez dago distopiarik asmatzeko beharrik”.

Orwell eta Husley ziur ados egongo zirela aitorpen honekin.

 “¿Recuerdan aquellas promesas de que internet sería la clave fundamental para la democratización de nuestras sociedades?”

Denok sinistu izan bagenuen ideia hau hasieran, denborarekin ohartu gara internet itsaso zabalegia dela eta bertara denok baldin badogu ere urak jaurtitzeko aukera berdinak,  azkenean ur korronte nagusiak beti egongo dira boteretsuago direnen menpe.

 “Gurasoen paperari dagokionez, txostenak dio maizago animatzen dituztela mutilak sarea arakatu dezaten, eta neskei muga gehiago jartzen dizkietela.

Aldaketak belaunaldi desberdinekin etorriko omen dira. Bitartean, aurreko belaunaldien seme-alabak gara erremediorik gabe.

 “Lehen, intimitatea babesteko joera zegoen; orain, ordea, badago termino berri bat, extimitatea, justu kontrakoa: sare sozial digitaletan gure bizitza etengabe erakustea, ez izatea intimitaterik.”

Non gelditu dira giltzapeko “diario”-ak? Ez ote ziren ba hauek gure nerabetasuneko altxorrik preziatuenak?









2021/10/04

Aukezpena: Irati :)

Kaixo talde!😊

Ni Irati naiz, ISEI-IVEIko teknikaria. Norbaitek ez badaki zer dan, hor doa: Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko erakundea. Beraz, hemendik hezkuntza-sistema ebaluatzeko probak prestatzen ditugu eta, era berean, irakasleen formakuntzan hartzen dugu parte, batez ere Konpetentzien inguruan. 

Formakuntza honetan nire bi lankide daude ere, Oli eta Cris, hemendik egongo dira ;)

Orain hartze hezkidetzarekin izan dudan harremana oso zeharkakoa izan da, zenbait iturritatik irakurritakoa baino ez dakit. Hala ere, orain dela urte asko feminismoan sartuta nagoela eta zenbait ekintzan hartu dut parte. Falta zaidan urratsa da, izan ere, feminismoa hezkuntzarekin gehiago lotzea. 

Nire lehen lana horren inguruan masterra egitean izan zen; nire master bukaerako lana emakume zientzialarien inguruan izan zen, bigarren hezkuntzako edukinetan aldaketak egiteko beharra aztertuz eta zenbait informazio proposatuz.

Formakuntza honetan parte hartzeko gogo handiak ditut eta irrikitan nago jende askorekin jakituria elkarbanatzeko. Nik, agian, gazteen ikuspegia, sare-sozialak eta kaleetan gertatzen denaren berriak ekar ditzaket eta hemengo beste jende askok ziur asko hezkuntzan eta ikerketan daukan esperientzia eta ikuspegia ekarri ahal dit niri. 💜

Aste askotan zehar elkar arituko gara hemendik, animo guztioi eta eman diezaiogun indarra etorkizunari! ✊

Nire buruaren aurkezpena # Oli

 

Kaixo! Oliva naiz eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea izan naiz duela bi urtera arte.Iaztik ISEI-IVEIn lan egiten dut. Isei-Ivein egiten ditugun hainbat txostenetan hezkidetza gaia agertzen da, horregatik animatu naiz ikastaroa egitera.


Gai zehatz bat interesatzen zaidanean, sakon ikastea gustatzen zait. Taldean lan egitea oso
aberasgarria dela uste dut, gurea ez den beste ikuspuntu batzuetatik ikasten baitugu.
Gauza interesgarriak eman nahi nizkieke ikastaroko kideei, eta gauza bera eskertuko nieke
besteei.


Kolore bat izango banintz, urdina izango nintzateke, bakea eta lasaitasuna ematen dizkidan
kolore bat delako. Eta animalia bat izango banintz, argi daukat... katua izango nintzateke.
Maite ditut katuak, haien independentzia eta nortasuna.


Aitanaren "ni una más" bideoa partekatzen dut zuekin, abestiaren letra eta bideoaren bitartez,
emakumeek gauez etxera itzultzean urteetan zehar jasan ditugun beldurrak agerian uzten
duelako.


Hurrengo estekan aurki dezakezue bideoa:
Ni una más




Ikerne 

Ikerne Gallastegi Olabarriaga naiz, Gasteizko Errekabarri eskolako irakaslea eta ikasketa burua.Eskolako guraso batek esanda, ikastaro honetan eman nuen izena beste lankide batekin batera. Eta aurkezpen egunean ikaratuta heldu nintzen egin beharreko guztia kontuan izanda!!

Gizarteko parte garen momentutik hezkidetzak hor dirau, eta hezten eta hasten lagunduko diegun txikiekin hezkidetzarekin zerikusia duten baloreak transmititzea egokia izango litzateke.

Lan taldean aritzeko pazientzia eta besteak entzuteko gaitasuna baloratuko nituzke. Besteengan errespetua eta elkarlana baloratzen ditut. Kolore bat aukeratzekotan gorria hartuko nuke. Ondo ikusten delako. Eta animalia bat aukeratzekotan, behia aukeratuko nuke. Txikitatik gustatzen zaizkit eta lasaitasuna transmititzen didate.

Gustuko dudan abestia Mikel Laboaren Txoria txori.Abestiak esaten duen moduan.. Hegoak ebaki banizkio Nerea izango zen, Ez zuen aldegingo. Hegoak ebaki banizkio Nerea izango zen, Ez zuen aldegingo. Bainan, honela Ez zen gehiago txoria izango Bainan, honela Ez zen gehiago txoria izango Eta nik... Txoria nuen maite. Eta nik... Txoria nuen maite.
Ikastaro honetatik ideia berriak hartzea gustatuko litzaidake, eskolan ikasleekin zein irakasleekin erabili daitezkeen ikuspuntu berriak elkarbanatu eta zabaldu. Norberaren formakuntza sendotu, batez ere hezkidetza arloari dagokionez eta desikasten ikasi.