Jai zalea naiz, nola ez bada? Gogoan iltzatuta gelditu zaizkit umetako San Juan bezpera gauak. Adin guztietako nekazari jendartea biltzen zen suaren inguruan. Iturtza baserriko Asunek hasitako aldarrikapen oihuek, indarrez errepikatzen genituenak, sakratuak izan gabe naturari lotutakoaren indar atabikoa zuten.
Gabon Zaharreko ospakizuna ere maite nuen umetan. Nagusiek beraien taldean hartzen gintuzten eta oso gazterik hasi ginen bomitolarria eragiten zigun kafe hutsa hartzen, haiekin kartetan igaro behar genuen eta gau osoa.
Ospakizun horietan elkar zaintzen zuen taldea izatearena ez zen fantasia!
Urteak aurrera joan ahala jai batzuetako gazi-goxoak trabatuta gelditu zitzaizkidan eztarrian; etsipenez hartu nuen gurasoek antzeztutako Errege egunekoa, ederra ziria!
Gaztaroan sexu grinak bere bidea egiten ari zen arren amorragarria egiten zitzaidan Gabon Zahar bezalako eguna izate hutsagatik edozeinek musua emateko atrebentzia. Desatsegina egiten zait ordutik talde senak lagunduta-edo gizon batzuk jai giroan orroaka ibiltzeko ohitura, ozena izanagatik are ulergaitzagoa adierazi nahi dutena.
Erraz egiten dut salto artaldearen orrotik tradizioaren gordezale arazen aldarrikapenetara.
Txalogarria da hainbat herritarrek jai ohitura batzuk berreskuratzeko egiten ari diren ahalegina, bejondeiela!
Usain txarra darie baina guztiaren gainetik tradizioa babesten dutenen diskurtsoari. “ Beti izan da horrela” baino esaldi hutsalagorik!
Jendetsuak izaten ziren lehen ere jaiak hemen eta han. Pandemiaz geroztik bizitza ospatzeko amorrazioak hartu ditu kale eta plazak. Usadioa errebisatzetik urruti ikusten dut alkoholez betetako poltsak hartuta zer herriko jaietara doan osta-osta dakien gazte-oldea.
Maite ditut hautsa kenduta gerra hotsa egiten ez duten danborradak, adin eta era guztietako jendartea biltzeko indarra dutenak eta urkoa molestatzeko gai ez den gizasemea etxean gelditzera gonbidatzen dutenak. Har gaitzala jaiminak!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina