Kaixo denoi!
Ainhoa naiz,
Lasartearra. Lagunek Ainho deitzen didate. Barrenak askatzeko prest nator, nire
eguneroko lotsa guztiak erdi ahazteko asmoz… Ea zer ateratzen den.
Gizarte hezkuntza
ikasi nuen eta ordutik, gazteekin lanean aritu naiz, hezkuntza ez formalean
batik bat. Gaur egun harrera etxe batean egiten dut lan.
Ikasten ari nintzela
desikasten hasi behar nuela konturatu nintzen, hain barneratuak nituen ideia
asko deseraiki eta ahal nuena izatetik, benetan izan nahi nuena izatera pasaz. Besteak
beste, horregatik ere banago hemen.
Heziketa metodo gisa, hezkidetzan oinarritzen saiatzen naiz; lanean, egunerokotasunean…
Hala ere ikasteko asko dudala uste dut, eta ikastaro hau lanean jarraitzeko
modu on bat izan daitekeela esango nuke.
Horrelako ikastaro birtual batean aritzeko, parte hartzeko gogoa eta
besteekin ikasitakoa konpartitzeko gogoa ditudala azpimarratuko nuke; lotsatia
naiz eta normalean kosta egiten zait talde handian ekarpenak egitea, baina
erronka modura hartu nahi dut. Ezinbestekoa iruditzen zait zuekin iritzi eta
pentsamenduak konpartitzea, askoz ere aberasgarriagoa izango baita norberak
bere kontraesanak beste batzuekin konpartitzeko aukera badu.
Morea da nire kolorea. Txikia nintzenean, arrazoi berezirik gabe gustatzen
zitzaidan; ez nion beste zentzurik topatzen, gustukoa nuen eta kitto. Orain
askoz gauza gehiago transmititzen dizkit, indarrarekin eta babesarekin lotzen
dut. Morea naiz.
Animalia bat banintz… Tximeleta bat izango nintzateke, txikia, baina hegan
egiteko gogoa duena. Hazteko gogoa duena.
Ikastaroarekiko itxaropen asko ditut: hezkidetzaz gehiago jakitea, neure
buruari gauza berriak ikasteko gai naizela erakustea, taldean iritzi ezberdinak
ezagutu, konpartitu, elkar aberastu eta indartzeko aukera izatea.
Musikari dagokionez, batzuk oso tristea dela esaten didate; niri kosta
egiten zait bakarra aukeratzea. Anariren musikak maitemindu eta barrura begira
jartzen nau une oro. Zuei ere, barrua pixka bat mugituko dizuelakoan, hemen
uzten dizuet bere kantu bat:
Besarkada bana,
Ainho.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina