2016/10/09

Nire aurkezpena: Ainhoa Mendiluze

Kaixo denoi!

Ainhoa naiz, Lasartearra. Lagunek Ainho deitzen didate. Barrenak askatzeko prest nator, nire eguneroko lotsa guztiak erdi ahazteko asmoz… Ea zer ateratzen den.

Gizarte hezkuntza ikasi nuen eta ordutik, gazteekin lanean aritu naiz, hezkuntza ez formalean batik bat. Gaur egun harrera etxe batean egiten dut lan.

Ikasten ari nintzela desikasten hasi behar nuela konturatu nintzen, hain barneratuak nituen ideia asko deseraiki eta ahal nuena izatetik, benetan izan nahi nuena izatera pasaz. Besteak beste, horregatik ere banago hemen.

Heziketa metodo gisa, hezkidetzan oinarritzen saiatzen naiz; lanean, egunerokotasunean… Hala ere ikasteko asko dudala uste dut, eta ikastaro hau lanean jarraitzeko modu on bat izan daitekeela esango nuke.

Horrelako ikastaro birtual batean aritzeko, parte hartzeko gogoa eta besteekin ikasitakoa konpartitzeko gogoa ditudala azpimarratuko nuke; lotsatia naiz eta normalean kosta egiten zait talde handian ekarpenak egitea, baina erronka modura hartu nahi dut. Ezinbestekoa iruditzen zait zuekin iritzi eta pentsamenduak konpartitzea, askoz ere aberasgarriagoa izango baita norberak bere kontraesanak beste batzuekin konpartitzeko aukera badu.

Morea da nire kolorea. Txikia nintzenean, arrazoi berezirik gabe gustatzen zitzaidan; ez nion beste zentzurik topatzen, gustukoa nuen eta kitto. Orain askoz gauza gehiago transmititzen dizkit, indarrarekin eta babesarekin lotzen dut. Morea naiz.

Animalia bat banintz… Tximeleta bat izango nintzateke, txikia, baina hegan egiteko gogoa duena. Hazteko gogoa duena.

Ikastaroarekiko itxaropen asko ditut: hezkidetzaz gehiago jakitea, neure buruari gauza berriak ikasteko gai naizela erakustea, taldean iritzi ezberdinak ezagutu, konpartitu, elkar aberastu eta indartzeko aukera izatea.

Musikari dagokionez, batzuk oso tristea dela esaten didate; niri kosta egiten zait bakarra aukeratzea. Anariren musikak maitemindu eta barrura begira jartzen nau une oro. Zuei ere, barrua pixka bat mugituko dizuelakoan, hemen uzten dizuet bere kantu bat:


Besarkada bana,

Ainho.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina